01 SET. 2024 IRITZIA Isilik egotea JOKIN URAIN Gai bat jarri eta segidan ideia zaparrada bururatzea bertsolariaren ezaugarri nagusietako bat dela esango nuke. Baina gai-jartzaileak eskatutako pertsona edo pertsonaiaren lekuan kokatuta egituratu behar ditu, gainera, burura datozkion ideiak eta arrazoiak, eta ataka estua izango da hori, larrialdia. Mirarizkoa eta miresgarria iruditu izan zait, dena den, gaitasun hori. Eskolak eta jardunak trebatu dezakeen dohaina izan arren, buruargitasun eta bizkortasun handia eskatzen duen ofizioa dela esango nuke. Gaia jarrita edo jarri gabe, hitz egiteko momentuan ezer ez bururatzea, ustez txukun prestatuta buruan zeneraman berriketaldia bat-batean ahaztu eta zer esan asmatu ezinik mutu geratzea, pasadizo ezagunagoa zaigu batzuoi. Ataka larria izan liteke hori ere; bertso kaxkarra botatzea baino dezente larriagoa beharbada. Deserosoak izaten baitira isiltasun batzuk. Isiltasun horretatik ihesian hezi eta hazi direlako, edo beste arrazoi misteriozkoren batengatik, berba-jario atergabean aritzeko gaitasuna duenik ere bada, jakina. Eguraldiaz, euriaz eta eguzkiaz, urtaroez edo haizeaz aritu gaitezke edonor, besterik ezean. Ohiko kontu murritz horien aldean aberatsa izan ohi da, ordea, berba-lapiko on baten gaitegia. Eta dohain miresgarria iruditzen zait hori ere, jardunarekin aberasten eta hobetzen den dohaina, dudarik gabe. Egia da isiltasunak baino kutsu itsusiagoa duela isildu ezinak. Isilik dagoenak zalantza eragin dezake, baina zuhurra dela esango da beharbada; isildu ezin denak, berriz, zalantzarako tarterik ez du uzten gehienetan, eta izengoitiak baditu batzuk. Badirudi bi aukeren artean isiltasunaren alde egin zuela Jorge Luis Borges idazleak berak, eta, «Ez hitz egin, isiltasuna hobetu ezin baduzu behintzat», esan edo idatzi omen zuen. Arrazoiketa bat azaltzeko formularioen zerrenda ez da izango agian infinitua, eta bat behar duzunean, bera falta izaten da askotan. Baina batzuetan aberatsa izan liteke formulario zerrenda hori, eta ugaritasun horretan magistrala da idazle argentinarrarena. Neuk, hala ere, Endoiako bertsolariaren formulazioa nahiago. Pako Aristiren “Uztapide eta Xalbador” liburuaren hitzaurrean Amurizak kontatzen du Uztapidek zein dotore esan omen zion behin bere koinatu hiztun samarrari: «Zaude pixka batean isilik, dakizuna baino gehiago ere esan dezu ta». Egia da isiltasunak baino kutsu itsusiagoa duela isildu ezinak. Isilik dagoenak zalantza eragin dezake, baina zuhurra dela esango da beharbada; isildu ezin denak, berriz, zalantzarako tarterik ez du uzten gehienetan, eta izengoitiak baditu batzuk.