22 SET. 2024 ANIMALIEN ZAINTZA BOLUNTARIOA KUBAN Kaletik etxera, bizitza berri bat animalientzat ere (Ura Iturralde) Ura Iturralde Kuban gero eta gehiago dira irlatik bizitza berri baten bila irteten diren pertsonak, eta gero eta gehiago dira ere euren maskotak abandonatzen dituztenak. Arazo honi aurre egiteko eta animaliak babesteko helburuarekin, ia baliabiderik ez duten eta dohaintzen bidez lan egiten duten taldeak sortu dira. Horietako bat BAC Santa Clara da, izen berbera duen hirian jarduten dena eta zenbait laguntzaile boluntario dituena. Kati, etxeko sarreran txakur bat laztantzen. Berak eta Rodolfo senarrak BAC taldearekin kolaboratzen dute. Dentistak dira biak, ez dute seme-alabarik, beraz, euren soldata guztia eta lanetik kanpo duten denbora gutxia animaliak zaintzera bideratzen dute. Hamaika txakur eta bost katu dituzte etxean, gehienak gaixorik. Geidy. Bi txakur handi eta bi txiki zaintzen ditu bere etxean; txakur txikiek adoptatuak izateko aukera gehiago dituzte, betiere. Moto gidaria ere bada Geidy, eta taldeari laguntzen dio animaliak garraiatzen. Marielys. Hamahiru katuren eta txakur baten zaintzailea da. Askotan, kaletik edo erreka bazterretik erreskatatu izan ditu animaliak. Arasay eta Adriana. Atzerrira bizitzera joan zen kubatar batek BAC Santa Clarari lagatako etxean hiru txakur zaintzen zituzten. Orain dela gutxi norbait etxera sartu zen eta bortizki kolpatuz txakurrak hil zituen. Gaur egun Santa Clara hiriko Polizia ari da kasua ikertzen. Adriana BAC Santa Clara taldeko albaitaria da eta bera arduratzen da animalien osasun zaintzaz. Argazkian harrera etxe batean dago, txakurkume bat eskuetan duela, desparasitazio prozesua abiatu aurretik. Ondoren, adopzioan emango dute prest dagoen familia egoki bat aurkitzen badute. Yunior, harrerako etxe batean gaixorik dauden hiru txakur zaintzen. BAC taldeko kideak txandakatu egiten dira animaliek dituzten beharrak ahalik eta hobekien asetzeko. Dohaintzen bitartez lorturiko txakurrentzako medikamentuak.