20 OCT. 2024 IRITZIA Gorputzaz SUSTRAI COLINA S. apurgarria, Ez dakit udazkena ala azken uda den, ordu aldaketaz edo aldatzeko orduaz idatzi behar didazun. Ez dakit. Baina eskuin muturrak hauteskundeak irabazi ditu Austrian (ere), iluntzeko futbol partidak eragin ditzakeen istiluek eskola ordutegia laburtu dute, migratzaileei muga zeharkatzen laguntzeagatik epaituko dituzte sorterriko lagunak, apartamentu turistikoak zabaldu dituzte etxepeko plazan, urdailaren eta bularraren arteko arroztasunari izenik ezin jarrita dabil L., osasun-etxean ez dute telefonorik hartzen, ez du sekula gautzen sakelakoaren pantailan eta, bitartean, berriz lanari ekiteko baizik ez du atseden hartzen jendeak. Noiz izendatuko dituzte gorputzak tentsio handiko eremu? Ez dela hainbesterako sinetsi nahi zenuke, gaur igandea dela, maite dituzunekin bazkalduko duzula, jendea bilduko dela Zangozan, astelehenik ez balego bezala jolas egingo duzula semeekin. Inork ez dizu ukatuko egon nahi duzun lekuan egon ahal izatearen pozik baina, hala ere, falta zaizunak bihurtzen dizkizu besteak ikusgarri. Sara Torresen elkarrizketa irakurri behar zenuke berriz, desira helburu soziokultural jakinetara zuzenduta hezten dela oroitu baina, aldi berean, desioaren berezko desbideraketei leku bat egin. Zutabegintzarako sasoi nahasiak direla iradoki zizun J.-k, bidean galtzeko aukerarik gabe helmuga topatzeko zailtasunaz jabetu zinen zu. Elisa Victoriaren “Otaberra” irakurri zenuen gero, krisi erreal bat ala errealitate krisi bat bizi duzun igartzen ahalegindu, iraganak orainaldia zauritu ala zuritu behar duen zalantza egin eta, ezinbestean, burua nekatuko ez dizun telebista programari begira errenditu zenuen eguna. Mozal legea bertan behera utzi zutela aditzean, konturatu zinen ahaztu zaizula ausikitzen. Zure gogoaren jabe zara batzuetan, zure gorputzaren maizter beti. Hamahiru urte betetzen dira gaur ETAk bere jarduera armatuaren amaiera iragarri zuenetik. Hamahiru urte ordu aldaketaz eta aldatzeko orduaz mintzo. Hamahiru urte iraganak orainaldia zauritzen ala zuritzen duen ondorioztatu ezinik. Hamahiru urte historiaren tentsio handiko eremuak behatu beharrean bahetzen direla susmatzen. Nork esango zizun, hamahiru urte geroago, politikariak baizik (eta euren posizioa komenentziara indartzeko) ez zirela zure bizitzan hainbesteko lekua izan zuenari buruz arituko. Nork esango zizun gorputzaldi honekin biziko zinenik. Hamahiru urte betetzen dira gaur ETAk bere jarduera armatuaren amaiera iragarri zuenetik. Hamaihiru urte ordu aldaketaz eta aldatzeko orduaz mintzo. Hamahiru urte iraganak orainaldia zauritzen ala zuritzen duen ondorioztatu ezinik. Hamahiru urte historiaren tentsio handiko eremuak behatu beharrean bahetzen direla susmatzen.