7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Lursailaren azpian bizitzen

PS-50 etxea familia bakarreko etxea da, Ozeano Atlantikoari begira eraikia, Cadizko alderdi eder batean, Bolonia bezain ezaguna den hondartza baten ondoan, luxuzko turismo tokian. Egileak eraikuntza honen originaltasuna eta ausardia nabarmendu ditu, ikuspegi apartarekin.

PS-50 etxearen teilatua eraikinaren zati garrantzitsuetako bat da. (Irudiak: Luis Diaz DiazProiektua: Langarita Navarro)

Cadizen, Zahara de los atunes eta Bolonia arteko hondartza batean dago etxe berezi hau, Atlanterra Urbanizazioa deituriko alderdian. Leku hau, testuinguruan jar gaitezen, luxuzko konplexu turistiko bat da, U formaz itsasoa ixten duten eta harresi natural bat sortzen duten mendiz inguratua, bizilagun oso gutxirentzat gordetako hondartza.

Poltsikoan dirurik falta ez duten bizilagun hauen artean lehia handia dago. Nork etxe handiagoa, deigarriagoa, harrigarriagoa, abstraktuagoa, konplexuagoa… Norgehiagoka honen emaitza fisiko egiten da hemen, eta ondorioz, arkitekto ezagun askoren proiektu zoroak aurki daitezke bertan, material berritzaile, muturreko egitura edo hausnarketa sakonen ondorio aplikatuen adibideak bihurtuz.

Gaur azalduko dudan eraikina “PS-50 etxea” da, “Ozeano Atlantikoaren aurrean familia bakarreko etxebizitza” izenaz ere ezaguna dena.

(Luis Diaz Diaz)

Enkargu honetan, Langarita-Navarro arkitektura estudioko kideek malda handiko eremu batean eraikitzeari aurre egin behar zioten, bere horretan erronka izugarria dena. Gainera beren buruari inposatutako beste zenbait baldintza zituzten, hala nola okupatutako lursaila nola hala berreskuratzea, espazio estali handi bat sortzea, inguruko ikuspegi natural izugarriei protagonismoa ematea, eta hau guztia ahalik gutxien ikusiko zen interbentzio batez egitea.

Honetarako estrategia oso argi eta nabarmenari jarraitu zioten: lursail zati handi bat errotik atera, altxatu eta buru gainean eustea, azpialdea habitatzeko.

Ideia indartsu honetatik hartzen du forma estalkiak, eraikineko protagonista handiak. Atzaparrekin erauzi izanaren markak irudikatzen dituzten adierazkortasun eta dinamismoz beteriko geometria honek egitura arrazoiei ere erantzuten die. Izan ere, forjatuaren azpian sortzen diren sigi-saga figurek hormigoizko lauzaren nerbio moduan funtzionatzen dute, sostengu puntu gutxirekin distantzia oso handiak estaltzea eta karga handiak eustea ahalbidetzen duena.

(Langarita Navarro)

Modu honetan, gainean kalitatezko lorategi bat kokatzea ahalbidetu dute, landaredia autoktonoa libreki hazten utziz, irabazitako pisua ongi eutsiko den segurtasunez. Azpian, berriz, forma hauek etxe osoan zehar luzatuz, barnealdearen eta kanpoaldearen arteko muga ezabatzen duten espazio zabal irekiak lortzen dituzte, estalkiak lebitatu egiten duen sentipena izatera garamatzana.

Azken efektu hau lortzeko, efektu bisualekin jokatzen dute. Argazkiak zorrotz begiratzen baditugu, estalkiaren eta hormen arteko ukipen puntuak minimoak direla ikusten dugu. Kontaktua sigi-sagen beheko erpinetan izaten da beti, tartean egurrezko trantsizio pieza bat dugula. Barruko irudietan ere ikus daiteke gela arteko zuloak ixteko goranzko argiztapena eta ispiluak erabiltzen dituztela, arintasun sentsazioa areagotuz. Diseinu honek osagaiak esfortzurik gabe metatuak izan diren sentsazioa ematen digu, baita edozein momentutan haizeak eramango dituenarena ere.

PS-50 etxearen teilatua eraikinaren zati garrantzitsuetako bat da. (Luis Diaz Diaz)

Etxea geruza begetal honen azpian modu mailakatuan garatzen da. Bolumen guztiaren presentzia minimoa izateko, zerbitzu-espazio gehienak erabat lurperatuta daude, eta lorategiaren jarraipen diren patio babestuen bidez argiztatzen dira gelak.

Erabilera hauek guztiak horma paraleloen artean antolatzen dira, begirada etengabe paisaiara zuzentzera gonbidatzen gaituztenak, egun argietan Afrikako kontinentea ikusi litekeela gogoraraziz. Gainera, hormen antolaera honek, ekialdetik edo mendebaldetik datozen haize ezberdinen aurrean irekitzeko edo defendatzeko aukera ematen dute.

Haien proiektuetan ohikoa den moduan, ausardiaz beteriko proposamena ikusten dugu hemen, keinu handi, argi eta nabarmen batetik ekinez eta azken xehetasuneraino jolasteko gogo horrekin jarraituz.

Baina haien planoetan jada ikusten da jolasteko gogo hau. Kolore, testura eta txotxongiloz beteriko komiki itxurako planoek izugarri erraza egiten dute proiektua ulertzea, amaieraraino eramaten duten energia hau hasieratik transmitituz.