Karlos Zurutuza
ASIA ERDIALDEKO EMAKUMEEN IRAULTZA

Erresistentzia balutxiak emakume aurpegia du

Balutxistango ohiko buruzagi tribalaren garaia atzean gelditu da, eta zapalketaren konplize hutsak dira egungo alderdi politikoak. Balutxien mugimendu zibilaren lidergoa hartu duten emakumeak, ordea, ausartak dira oso. Eredu bilakatu dira askatasunarekin amets egiten duten milioika lagunentzat.

Iragan maiatzean, Sammi Deen Baloch-ek Asia Pacific Human Rights Award saria jaso zuen, Dublinen (Front Line Defenders)
Iragan maiatzean, Sammi Deen Baloch-ek Asia Pacific Human Rights Award saria jaso zuen, Dublinen (Front Line Defenders)

Aurten ere artistak, zinemagileak, politikariak edo ekintzaileak zeuden, besteak beste, “Time” aldizkariaren urteroko 100 pertsonaia eragileenen zerrendan. Dua Lipa, Sofia Coppola edo Donald Tusk izenen artean, hor zegoen Mahrang Baloch ere. Askorentzat oraindik izen ezezaguna den arren, Baloch aski ezaguna da Pakistanen. Ez dezagun ahaztu 240 milioi bizi direla han. Horietatik, milaka lagun bildu ziren urte hasieran Quettan, Balutxistango hiriburuan, emakume hau agurtzeko. Gizonezkoak ziren gehienak, adin guztietakoak. Isilune ia sakratu batean entzun zuten haren diskurtsoa. Askok bere erretratua altxatu zuten, eta, aldiro-aldiro, haren izena oihukatzen zuten: «Mahrang Baloch!».

Mugimendu balutxeko aurpegi ezagunenetako bat den Mahrang Baloch. (Mehrab Khalid | BYC)

Urtarrilaren 24an gertatu zen. Jende kopuru itzela baino, zera izan zen harrigarriagoa, emakume batek bereganatzea horrelako atentzioa Asia erdialdeko eskualde honetan. 31 urteko emakumeak hilabete luze iraun zuen Islamabaderaino txangoa gidatu zuen. Desagertu balutxientzako justizia eta ordaina eskatu zuten. «Balutxien genozidioaren aurkako martxa» deitu zioten protesta jendetsuari.

«Pakistango segurtasun indarrek bi hamarkada daramatzate ekintza militar bortitz bat burutzen. Disidente politikoekin batera, Islamabadek kazetari, idazle eta artistak ere paratu ditu begi-puntuan. Milaka desagertu izan dira, eta amesgaiztoa ez da bukatu», diosku Mahrangek, telefono dei batean.

Karima Baloch aktibista; bere gorpua Kanadako laku batean aurkitu zuten, 2020ko neguan. (BSO Azad)

Balutxien lurraldea Pakistan, Iran eta Afganistango mugek sakabanatuta dago. 20 milioi laguneko herri honek bere hizkuntza eta kultura propioak ditu, eta hala adierazi zuen britainiarrak Indiako beren koloniatik erretiratu zirenean. 1947ko abuztuan balutxiek beren independentzia aldarrikatu zuten, Pakistanek baino bi egun lehenago. Zazpi hilabete geroago, ordea, Islamabadek haien lurraldea inbaditu eta bereganatu egin zuen. Gaur egun Pakistango probintziarik handiena da Balutxistan, bai eta baliabide gehienak dituena. Pobreziak eta indarkeriak gehien zigortutakoa ere bada. Gerrak ez du etenik izan.

Aktibista ospetsua izateaz gain, Mahrang Baloch medikua da ofizioz. 13 urte zituen aita galdu zuenean. Aktibista politiko aski ezaguna zen Abdul Gaffar Lango 2009an atxilotu zuten Pakistango segurtasun indarrek. Haren gorpua bi urte geroago azaldu zen, bide bazter batean. Bortizki mutilaturik aurkitu zuten. 2017an, Mahrangen anaia desagertu zen, baina onik bueltatu zen etxera hurrengo urtean. Orduan hasi zen Mahrang desagertuen auzia salatzeko hamaika protesta eta deialdirekin bat egiten.

«Ez dago gatazka honetan senideren bat galdu ez duen familia balutxirik», damu du emakume balutxiak.

Gizon balutxi askok ere bat egin zuten emakumeek gidatutako protestarekin. (BYC)

JAZARPENA

Nazioarteko Amnistia edo Human Rights Watch tankerako giza eskubideen aldeko erakunde ugarik Pakistango segurtasun indarrak salatu dituzte maiz. Giza eskubideen urraketa larriak leporatu dizkiete, atxiloketa arbitrarioak eta exekuzio estra judizialak tartean. Balutxistango Desagertuen Ahotsa (VBMP) bertako plataformak 8.000 desagerpen baino gehiago salatu ditu azken bi hamarkadetan. Sammi Deen Baloch da erakunde horretako idazkari nagusia. Mahrang Balochekin batera, 26 urteko neska balutxiak Islamabaderaino martxa gidatu zuen iragan neguan. Sammi Deenek 2010, 2011 eta 2013an egindako beste martxa batzuetan ere parte hartu zuen. Bere aita 2009an desagertu zen, eta ordutik ez du haren berri izan.

«Hamabost urte igaro dira, eta oraindik ez dakit umezurtza naizen eta nire amak ez daki alarguna ote den», diosku gazteak, bideokonferentziaz. Iragan maiatzean Sammi Deenek Asia Pacific Human Rights Award saria jaso zuen Dublinen. Aitorpen hau giza eskubideen aldeko defendatzaile nabarmenei ematen zaie urtero. Balutxistan nazioarteko arretaren fokuan jartzea, baina, ez da doako keinua.

«Edozein estrategiari eusten diote gure ahotsa isiltzeko, direla irain kanpainak, direla gure familien aurkako mehatxuak... Poliziak txosten faltsuak egiten ditu gure aurka, etengabe», salatu du Sammi Deenek. Pakistanen ez ezik, nonahi gertatu daitekeelakoan dago emakume gaztea. Mahrang Balochen adibidea jarri digu. Iragan udaberrian Balochek Norvegiara egindako bisitan pairatu zuen pakistandarren jazarpena. Herrialde hartako Polizia jakinaren gainean zegoen, eta behin baino gehiagotan esku hartzera behartu zuten erasotzaileek. Mehatxuak mehatxu, Sammi Deenek bere herriaren jarrera aldatzen ari dela nabarmendu nahi du.

Emakume bat grafiti bat egiten, bere seme- alabak alboan dituela. (BYC)

«Duela gutxi arte, milaka familia isilik egoten ziren errepresalien beldurrez. Desagertuen aldeko azken martxa egin genuenetik, aldiz, jendea masiboki bat egiten ari da protestarekin», laburbildu du aktibistak. Antza, gero eta gehiago dira gertatutakoa salatzeko ahotsa altxatu nahi dutenak, eta hori argi gelditu zen iragan uztailean. Orduan, Gwadar hiria, Balutxistango kostaldean, izan zen protesta erraldoia jaso zuena. Mahrangek gidatzen duen BYC taldeak «nazio bilkurarako» deia egin zuen, Gwadar Islamabadek burututako zapalketaren paradigma da eta. Txina sakonera handiko portu bat eraikitzen ari da han eta, horretarako, hiria harresituta dago. Honela, bertako askok ogibide nagusia galdu dute —ezin dute arrantza egin-, eta era guztietako gabeziei aurre egin behar diete egunero, dela ura eskasia, dela argi indarraren falta… Jende andana bilduko zela aurreikusita, Pakistango segurtasun indarrek errepideak moztu zituzten, eta milaka balutxi gelditu ziren hiri barruan zeudenekin bat egin ezinik. Aldi berean, Poliziaren eta Armadaren esku hartzeak ehunka atxilotu eta bi hildako eragin zituen.

LIDERGO GOSEA

Sammi Deenek eta Mahrangek bereganatu duten ospea biziki harrigarria da, Balutxistan Pakistango probintzia kontserbadoreena da eta. Haien ausardia nahiz jende uholdeen aurrean hitz egiteko gaitasuna herria batzeko ezinbestekotzat jo dituzte askok. Edonola, izugarria da oraindik Balutxistango gatazka estaltzen duen oihal beltza. Munduak jakin badaki Iranen, mugaren beste aldean, emakumeek aiatolen kontra borrokatzeko kalera jo dutela. Gisa berean, aski ezaguna izan zen eskolara bueltatu nahi zuten Afganistango emakumeen auzia. Eta emakume balutxiak? Nola egon liteke hain isilarazita haien apustu ausarta, areago herri mugimendu oso baten lidergoa dutelarik?

Emakume balutxien protesta piztu zenetik, Pakistango gobernuaren erantzuna errepresioa izan da. (BYC)

«Ez zen espero horrelakorik eskualdean, baina gertatu da. Hori gutxi ez, eta belaunaldi gazteei aktibismoaren ateak zabaldu dizkiete emakume hauek», azaldu digu, emailez, Ahmed Rashid kazetari ospetsuak. Nazioarte mailan bere erreportaje nahiz liburuengatik ezaguna izan aurretik, pakistandarrak hamar urte eman zituen gerrilla balutxiarekin. Punyabiarrak gertutik eta barrutik ezagutu du herri balutxia; ederki asko daki, beraz, zertaz ari den. Mende luzez, tribu klabeetan antolatu da hango gizartea. Buruzagi karismatikoenetako batzuek, hala nola Khair Bux Marri, Attaullah Mengal edo Akbar Khan Bugti-k, kartzelarekin, erbestearekin edo heriotzarekin ordaindu zuten beren ausardia. Pakistanen eskutik pairatutako okupazioa nahiz errepresioari erantzun bat eman behar zitzaion, indarkeriaren bidez bazen ere.

«Buruzagi historiko horiek guztiak hilik daude, eta Balutxistanen geratzen direnak establishment-aren gertukotzat hartzen ditu balutxi gizartearen zati handi batek. Ez dute beren herria ordezkatzen». Hala laburbildu digu Muhammad Amir Rana-k. Segurtasunaren eta ekonomiaren analista dugu Rana, bai eta Pakistango Bake Azterketarako Institutuko presidentea. Islamabadetik telefonoz egindako elkarrizketa batean, Ranak «lidergoaren beharra» azpimarratu du. Haren ustez, hori da, hain zuzen, Mahrang Balochek eta Sammi Deenek jasotako errespetuaren gako nagusietako bat. Bestalde, adituak «loratzen ari den» gizarte balutxi zibilari erreparatu nahi dio. Balutxien Batasunerako Batzordeak (BYC) gidatu zuen neguko martxa arrakastatsu hura. Alboan ditu ere Ikasle Balutxien Erakundea (BSO) edota desagertuen aldeko VBMP izenekoa.

Desagertu balutxien aldeko martxaren burua, iragan neguan. (BYC)

«Mahrang Balochek, emakume gaztea izateaz gain, formazio akademikoa ere badu. Gai izan da desagertu balutxien auzia fokupean jartzeko, bere herriaren nahia bilduz aldi berean. Eta esango nuke hori dena mugimendu politiko batean bideratzeko gai ere badela», azaldu du adituak.

Asko eta asko dira irakurketa horrekin bat egiten dutenak. Kazetari eta intelektual balutxi ezaguna den Mir Mohamad Ali Talpurrek honela diosku telefonoz: «Alderdi politiko tradizionalak gizarte zibila ordezkatzen saiatzen dira. Lortu ez ezik, ustiaketaren eta zapalketaren konplizeak besterik ez dira. Aldi berean, estatuaren txotxongilo hutsak dira Balutxistanen geratzen diren buruzagi tribalak». Emakumeek gidatutako azken martxaren ondorioz izandako aldaketak ere nabarmendu ditu.

Mahrang Baloch, kale agerraldi batean. “Time” aldizkariak urteko 100 pertsonaia eragileenen zerrendarako aukeratu zuen iragan irailean. (BYC)

«Udaberriaz geroztik, atxiloketa arbitrario orori erantzuna eman zaio kaleetan. Mahrang eta Sammi oso karismatikoak dira, eta gaur egun ohore kontu bat bilakatu da haiek imitatzea, hirietan nahiz nekazaritza eskualdeetan». Emakumeek gidatutako martxaren eragin soziala dela eta, Talpurrek argi du: «Jendea konturatu da egoerak okerrera egingo duela isilik geratzekotan. Horixe da, hain justu, aldaketa sakonena».

Karima Baloch ekintzailea ere gogora ekarri du. Erresuma Batuko BBCk «2016ko ehun emakume eragileenen zerrendan» sartu zuen. Ikasle buruzagia zen balutxiak erbestera jo behar izan zuen 2015ean. Pakistanen gelditzekotan, bere hilketa emantzat jotzen zuten orduan. Baina atzerrian nekez uxa zezakeen mamua. Kanadako laku batean aurkitu zuten bere gorpua, 2020an. Poliziaren orduko ikerketak ez zituen argitu gertakizunaren nondik norakoak. Suizidioaren bertsioa ere eman zen, baina gutxik sinetsi zuten. Zazpi hilabete lehenago, Suediako erreka batetik atera zuten Sajid Hussein-en gorpua. Kazetaria zenak ere ez zuen babesa aurkitu erbestean.

Desagertu balutxien amak, arrebak eta alabak protesta kanpaleku batean. (BYC)

Joan zen irailean Sammi Deenek Omanera hegan egiteko asmoa zuen, baina Poliziak gelditu egin zuen Karatxiko aireportuan. Bere izena Pakistango Irteera Zerrendan omen dagoenez, ezin du herrialdetik alde egin. Hilabete geroago gauza bera gertatu zitzaion Mahrang Balochi. “Time”-k New Yorken antolatutako harrerarako gonbidapena onartu zuen arren, emakumeak antolatzaileei adierazi zien aireportu hura bere Rubicon bilakatu zitekeela. Pasaportea kendu eta lurrean utzi zuten. Handik hiru egunetara «terrorismo» karguak leporatu zizkioten.

«Ez didate beldurra ematen», bota digu Quettatik. «Nerabeak, amak, amonak… belaunaldi desberdinetako milaka emakume balutxik bat egin dute kausarekin. Gero eta gehiago gara, nekez geldiaraziko gaituzte». Horrela mintzatu da.

Emakume balutxien mugimenduak ez du parekorik eskualde osoan. (BYC)