17 NOV. 2024 IRITZIA Argazkiak Amagoia Mujika Argazki mordoa duen koadroa ari naiz osatzen, etxeko paretaren batean zintzilikatzeko. Prozesu luzea izaten ari da, nire bizitzaren puzzlea osatzen ari naizela imajinatu eta solemnitate handiegia hartu du kontuak. Desdramatizatu egin beharko dut, gero ere erraz alda daitezke argazkiak eta. Hutsune batzuk bete ditut dagoeneko; argazki horiek hor egon behar dutela garbi daukat nonbait. Hilabete gutxiko haur bat ageri da horietako batean. Loretxo urdinak dituen soinekoa, eskumuturreko fin bat, begi harrituak. Oraindik jasoa daukat nire lehen eskumuturreko hori. Amonak oparitu omen zidan. Ni ez naiz akordatzen. Duela gutxi bati entzun diodanez, haurtzaroa mozkorraldi baten parekoa da, gauza batzuekin akordatzen zara eta gainontzekoa besteek kontatzen dizutenetik osatzen duzu. Beste argazki batean amona ageri da, eskumuturrekoa oparitu zidanetik 30 bat urtera, nire seme-alabak besoetan dituela. Birbilobak magalean izatearen poza ezin du ezkutatu. Zenbat eta zaharrago, orduan eta antz handiagoa daukat amonarekin. Haurtzarotik zahartzarora doan bidea begiztatzen dut haur txikiaren argazkitik amonaren argazkira. Biak ondoan paratu ditut, agian nahi gabe izan da. Ezker-eskuin, bizitza oso bat ikusten dut argazkitik argazkira. Garrantzitsuak dira argazkiak niretzat eta mimoz jasotzen ditut. Hildako aitona-amonen mesanotxeak eta kajoiak miatu izan ditut argazki bila. Herentzia aparta iruditzen zait. Argazkiek denbora harrapatzeko duten gaitasunak liluratzen nau. Argazki bat begiratzea bera denborarik gabeko ekintza iruditzen zait. Valentziako hondamendiak mina ematen du. Galera izugarria da. Argazkitik argazkira doan bizitza egun batetik bestera hankaz gora jar daitekeela garbi geratu zaigu berriz. Lokatzetan ikusi ditut argazki zaharrak markoetan eta latza iruditu zait. Niretzat zulo handia litzateke argazki zaharrak galtzea, inondik abiatu ez den pauso galduan ibiltzea bezala. Valentziako Unibertsitateko arte irakasle batek ere antzekoa sentitu du eta deialdia egin du, arren ez ditzatela zakarretara bota lokatzetan agertzen diren argazki albumak eta koadroak. Eraman ditzatela unibertsitatera eta saiatuko direla berreskuratzen. Sarraskiaren dimentsioa ikusita, tontakeriatzat har daiteke bizitza txatal lokaztuak salbatu nahia. Baten batek esango du badela horren aurreko lanik. Zer konpondu eta zer garbitu ez da faltako hilabete luzeetan, baina herritarrei barruan pilatu zaien lokatza ere garbitu beharko da, eta bizitza berriz josteko hariak beharko dira. Argazkiak hari izan daitezke. Valentziako hondamendiak mina ematen du. Lokatzetan ikusi ditut argazki zaharrak markoetan eta latza iruditu zait. Valentziako Unibertsitateko arte irakasle batek deialdia egin du, arren ez ditzatela zakarretara bota lokatzetan agertzen diren argazki albumak eta koadroak. Eraman ditzatela unibertsitatera eta saiatuko direla berreskuratzen.