01 DIC. 2024 IRITZIA Larrialdiaz SUSTRAI COLINA S. apurgarria, Zer moduz hartu zaitu abenduak? Josita itzuli dizkizute gortinak, ostegunetik asteazkenerako zubi bat eraiki, eta ez dirudi hain gaizki zabiltzanik, Ez Hain Ondo podcasta lagun, bizikleta estatikoaren pedalei eragiten. Inora iristeko esperantza baino lasaigarriagoa zaizu bazoazelako sentipena eta, izatekotan, sosegua behar duzu orain. Zuk ez beste inork ez du pentsatzen zer gertatuko ote litzatekeen DANA, Valentzian edo Malagan beharrean, Landetan edo Bretainian lehertu balitz: hainbesteko presentzia mediatikoa eramango ote zukeen, zure eguneroko hizketaldiak irentsiko ote zituen, zure semeari elkartasun marrazki bat eginaraziko zioten eskolan... Zer axola du elkartasunaren naziotasunak, goiz ala berandu, denboraleak zu astinduko zaituela mastekatzea tokatzen denean? Klima aldaketaz idatzi dezakezu, zure lokatza zabaldu, berreraikuntza intimoak aldarrikatu, ala erraietako hondar zakuen gibelean babestu, baina ez ahaztu, orain 3 urte, urpean esnatu zirela egunero ibiltzen dituzun karrikak eta, ordutik, sakelakoz jotako alertei begira bizi zarela zu ere. Ez zitzaizun etxean urik sartu, ez zenuen kalte materialik izan... Zerbait galdu zenuen, ordea. Zehazki zer den ez dakizun zerbait. DANA zu izan eta orain arte idatzitakoa ezabatu behar zenuke agian. Larrialdi linguistikoa proklamatzen entzun duzu Idurre Eskisabel. Agintari politikoentzat soilik al dira larrialdiak gerorako uzteko modukoak? Larrialdi klimatikoa, larrialdi linguistikoa... Larrialdietara semearekin joan zinen azkenekoan barkamen eske agurtu zinen. Euskararen eguna iragarri dute astearterako, Durangoko Azoka dakar hurrengo asteburuak, Gabonetako argiak piztu dituzte, aurreko astean baino gutxiago hitz egiten da emakumeen aurkako indarkeriaz. Hobe duzu zu oporretan eta gainontzekoak lanean egoteak eragiten dizun plazer perbertsoa analizatu, Sally Rooneyren “Jende normala”-tik hartutako oharrak errepasatu, zu ere jende normala zarelako lasaitu a(ha)la izutu eta, enegarrenez, zutabe nare bat igortzen ahalegindu. Aste osorako otorduak prestatzen dituzun bezala sinetsi dezakezu zure iritzia adierazi baina ez zarela eztabaidetan kateatuko, bueltan ezer espero gabe ematen duzula, gaurko gatazketatik libre biziko zarela bihar. Inor ezin liteke etengabeko larrialdian bizi; soseguak larrituko zaitu laster. Euskararen eguna iragarri dute astearterako, Durangoko Azoka dakar hurrengo asteburuak, Gabonetako argiak piztu dituzte, aurreko astean baino gutxiago hitz egiten da emakumeen aurkako indarkeriaz.