01 DIC. 2024 59. DURANGOKO AZOKA Saiakera nagusitu da nobedade literarioetan Bizi dugun garai historiko nahasiak hauspotuta, genero literario guztien artean, saiakera da nabarmen gora egin duena azken urteetan. Gure buruari galderak egin eta erantzunen bila ari gara gizakiok etengabe; are gehiago, dena -geopolitikan, naturan, kulturan...- hankaz gora dagoela dirudienean. Gure liburugintzaren produkzioak ere hortik jo du nabarmen, eta, horren isla, Azokan aurkituko ditugun literatura-nobedadeak. Halere, egon gaitezen adi haur eta gazte literaturari, oparoa eta, formatuetan, irudimen handikoa baita. (Pamiela) Amaia Ereñaga Azken urteetako joerak finkatu omen dira 2024 honetan: fikzioa (nobela eta poesia, batez ere) argitaratzen den arren, argitaletxe handi eta beteranoenek prestatu dituzten katalogoei begiratua emanda, bi joera nabarmen antzematen dira: bat, haur eta gazte literaturak gurean duen ahalmena, urtero asko eta formatu desberdinetan kaleratzen baita; bi, saiakerak publiko zabala duela helduen artean. Adibide bat ematearren: Pamielak helduentzat Durangora eramango dituen zortzi nobedadeak saiakerak dira. Hasi aurretik, ohar bat: genero honen barnean mundu zabal bat dago, bai gaiei dagokienez (politika, ekonomia, hizkuntza...), bai erabilitako formatuei erreparatuta (saiakera literarioak, biografiak...). Guk geuk bidaia antzeko bat proposatu nahi dizuegu Azokan aurkituko ditugun liburuen artean. Zein irizpiderekin? Erabat subjektiboak, baina espero dezagun lagungarriak izango zaizkizuela Azokaren unibertsoko labirintoan zuen gustukoak aurki ditzazuen. Iaz Iurretako herriko plazan San Migel jaietan egin zen ohiko enbor jasotzea. Monika del Valle | FOKU HANDIAK, TXIKIAK ETA HIBRIDOAK Hasteko, ibilbide luze eta izen handiko bi idazle ekarriko ditugu zerrenda honetara. Lehen begiratuan oso lokala dirudien arren, artefaktu literario hau hizkuntza eta kultura maite duen ororentzat erakargarria izan daiteke: “Iurretako berbeta eta literatura: sator hegalariak” (Pamiela), Joseba Sarrionandiak eta Xabier Bovedak, biak Iurretako semeak, elkarrekin osatu duten lana. Txikitik, handira; mikrotik makrora; Iurreta bezalako herri txiki batetik Euskal Herri osora, nondik gatozen jakin dezagun, oso beharrezkoa baita. Herri txiki-txikia bai, baina hizkerari eta kulturari eutsi zion Iurretak. Saiakera literario gisa definitu dute “Berbelitzen hiztegia” (Alberdania), Anjel Lertxundiren liburu berria. Azkenaldian Lertxundi ezin hobeki lantzen ari den hibrido horietako bat da, saiakera eta fikzioa nahasten baititu, saiakera literario gisa. Itzulpengintzari buruzko hausnarketa interesgarria plazaratzeko prosa literario bikaina erabili du: itzultzaile batek paper muturretan idatzitako oharrak dira liburuaren muina. Prosa laburrez osatuta dago eta, hiztegien antzean, letra bakoitzak atal bat du. Eskaintza zabala izango da Durangon, eta aurkituko ditugunen artean David Lazkanoiturburu GARAko lankideak idatzitako saiakera eta Iñaki Perurenaren biografia daude. Txalaparta, Pamiela GEOPOLITIKARI ADI EGOTEKO Geopolitikaz hitz egitean ohikoa da fokua AEBen eta Txinaren arteko lehian kokatzea, baina askotan Europa ekuaziotik kanpo uzten da. Horregatik, galdera hau funtsezkoa da: non geratzen da orain historikoki hegemonikoa izan den gure kontinentea? Galdera horretatik abiatzen da Martin Arbeoren “Liluraren kontra. Trantsizio geopolitikoaren argi-ilunak” saiakera (Txalaparta). Mendebaldearen gainbehera eta mundu multipolarraren nondik norakoak aztertu ditu Iratzar Fundazioaren Iparrorratza bildumako bederatzigarren liburuan. Idazle eta Palestinar Aginte Nazionaleko Kultura ministro izandakoak, Atef Abu Saif-ek, “Gazako egunerokoa” (Elkar) idatzi du. Iazko urriaren 7an Gazan zegoen eta han bizitakoa idazten hasi zen. Kronika horiek “Berria” egunkarian argitaratu zituzten. 85 egunez egon zen Gazan, toki batetik bestera, bonbetatik ihesi, noraezean. Egun horien kronikak orain liburu bihurtuta datoz. Mikel Reparaz kazetariak 2020an kaleratutako “Las grietas de América” landa-ikerketa, Euskadi saria irabazi zuena, orain euskarazko bertsio berrituan kaleratu da “Amerikaren arrakalak” (Alberdania) izenburupean. Azken urteotan munduko herrialderik korapilatsuenetako bat den Ameriketako Estatu Batuetan gertatu diren gauza garrantzitsuenak gehitu dizkio (Trump, Biden, Harris...). Gomendio hauei gaztelaniazko lan bat gehituko diegu, nobedadea delako eta etxe honetako langile batek egin duelako. Dabid Lazkanoiturburuk, GARAko nazioarteko gaietan espezializatutako kazetariak, “Un mundo en pie de guerras” (Txalaparta) idatzi du. Saiakera honetan, munduko taularen azkenaldiko bilakaera aztertzen du, eta gaur egun arreta handiena eskatzen duten puntu batzuetan jarri du fokua; Ekialde Hurbilean eta Ukrainan, halabeharrez. Karabakh Garaira ere begiratzen du, baita Taiwanera, Asia-Pazifiko ingurura, eta Afrikan Sudanera, Kongoko Errepublika Demokratikora, Tigrayra, Mendebaldeko Saharara eta Sahelera ere. Jule Goikoetxea filosofo feminista, Angela Davisen inguruan idatzi duen liburuarekin. Marisol Ramirez ANGELA DAVISEN ITZALA LUZEA DA Angela Davis pentsalari feminista-marxista protagonista izango da Azokan bi lani esker. Batetik, urte hasieran ingelesez argitaratu zuen bere lan berriena euskarara ekarri du Amaia Apalauzak beste behin. “Abolizioa. Politika, praktikak, promesak” (Katakrak) lanean Davisen bizitzan oso presente egon den kartzelen abolizioaren gaia jorratu du, eta bere idazle ibilbideko hasierara itzuliz, berriro ere espetxearen inguruan idatzi du azken liburua. Aurtengo maiatzean, Angela Davisekin eman zituen lau egunen kronika literarioa egin du Jule Goikoetxeak “Politeismo bastarta. 4 egun Angela Davisekin” (Susa) bitxikerian. Kronika, saiakera eta eleberria nahasiz, Davisekin zein ingurukoekin izandako elkarrizketak, bere burutazioak eta liburu azokako hitzaldiak jaso ditu. Eta, hain justu, Jule Goikoetxearen tutoretzapean egindako Gradu Amaierako lanetik dator Uma Ulazia politologo eta aktibista feministaren “Euskal Herriko Greba Feministak” (Susa). 2019ko martxoko eta 2023ko azaroko greba feministei buruz hausnartzen du, feminismo materialistatik. GERTUKOARI BEGIRA Joseba Zulaika antropologo, pentsalari eta idazle prestigiotsuak gaur egungo gizartearen bilakaerari begiratu dio “Aberriaren inpaseak” (Alberdania) lanean. Bere tesia da inpase garaian dagoela euskal politika eta gizartea. Ez aurrera, ez atzera egoteak sortzen duen ezinegonetik abiatu da: euskaldunak gara ala baskoak? Euskararen aberria nahi dugu ala estatu independentea? Gizartea ala herria izan behar dira ardatz gure politiketan? Iñaki Petxarroman kazetariak atzera begiratu du, herri honetan nuklearren aurkako protestei eta prozesu horren aurkako mugimenduen testigantzetatik abiatutako “Lemoiz” (Txalaparta) osatzeko. Frankismoaren ondorengo garai nahasietan, “Nuklearrik ez!” oihupean, Euskal Herria nuklearizatzeko ahaleginen aurkako mugimendu herritar indartsu bat sortu zen. Zentralik ezagunena Lemoiz izan zen eta iraganera begiratu beharko genuke gaur egungo egoera aztertzeko. Xamarren “Orhipean. Gure Herria ezagutzen” (Pamiela) klasikoa itzuliko da berriz Azokara edizio erabat berrituan. Euskal kulturaren dibulgazioko klasiko garaikide bilakatu da jada liburu hau, milaka ale joan direlarik munduan zehar euskaraz, katalanez, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. BIOGRAFIAK ETA AUTOBIOGRAFIAK Kepa edo Eladio, bi izen hauek herri honen historia klandestinoan iltzatuta daude. Kepa Anabitarte aktibista, sindikalista eta enpresaria urte luzeetan GARAren bizitzari erabat lotuta egon da, bi hamarkadan zehar EKHEren kontseiluko presidentea izan baitzen. Bere bizitzak nobela bat dirudi, egia esan, eta Eneko Bidegainek biografia bihurtu du “Kepa Anabitarte. Bizitza bat herriari eskainia” liburuan (Pamiela). Kepa Anabitarte aktibista abertzalearen biografia idatzi du Eneko Bidegainek. Pamiela, Jon Urbe | FOKU Biografia generoan koka dezakegu, halaber, “Iñaki Perurena. Harria bidelagun” (Pamiela), Fermin Erbiti kazetariak idatzitako liburua. Bertan, Perurenak bere bizitzaren errepasoa egiten du, hainbat gairi buruzko iritzia ere emanez: kirola, komunikabideak, euskara, Nafarroa, Euskal Herria... Bigarren zatian, Perurena ongi ezagutzen duten lagun batzuen testigantza bildu dute, leitzarraren erretratua osatzeko balioko duelakoan. “Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da” (Alberdania) Hasier Larretxea poetaren liburu autografiko berria da. Aurreko lan biografikoetan ireki zuen bideari jarraiki, nerabe-gaztaroari arreta berezia eskaintzen dio orain: identitatearen eraikuntza, landa eremua-hiria kontrastea, sexualitatearen garapena... biluz eta gordintasunez egindako kontakizuna da, eta lirismo handiarekin. Jon Fosse norvegiar Nobel sariaren lana euskarara ekarri du Elkarrek ITZULPENAK: SAIAKERA ETA FIKZIOA Nazioartean sekulako arrakasta izan duen “Infinitua ihi artean” euskaratu ostean, Irene Vallejo idazle zaragozarraren beste liburu bat ekarri du euskarara Fernando Reyk. “Irakurketaren aldeko manifestua” (Pamiela) honetan liburuen botereari buruz mintzo da Vallejo, gizarte bat eraikitzeko behar-beharrezkoak direlako paperezko artefaktu hauek. Itzulpenekin jarraituz, aurten izen ahaltsuak aurkituko ditugu: Fiodor Dostoievski erabateko klasikoaren nobela labur bat -“Lurpeko ezkutuan idatziak” (Igela)-; Jon Fosse norvegiarraren unibertso mistiko, poetiko eta iluna -Joannes Jauregik itzuli du Nobel sariaren “Trilogia” (Elkar) hau, Jokin Zaitegi Sariketa irabazi ostean-, eta idazle frantziar handi bat, Annie Ernaux, hau ere Nobel sariduna. Annie Ernaux, berriz euskarara ekarria. Katakrak Ernauxek interes berezia du gurean eta hemen horren adierazle argia: bi argitaletxeren eskutik dator Azokara. “Neska baten memoria” (Igela), bere klasiko bat, eta “Idazketa labana bat da” (Katakrak) dira nobedade. Azken honetan, Frederic-Yves Jeannet idazleak bidali zizkion gogoetei eta galderei Ernauxek bidali zizkion erantzunak biltzen dira. Igelak euskaratutako beste bi emakumeren nobelak gehituko ditugu zerrendara: Zadie Smith britainiarraren “Kanbodiako enbaxada” eta Adania Shibli palestinarraren “Detaile xume bat”. Adania Shiblik 1948ko Nakba exodotik abiatuta XXI. mendearen hasierako egoera islatzen du. Susak bi antologia dakartza olerkizaleentzat: Manuel Vazquez Montalbanen poemak (Jon Alonsok itzuli ditu; Alonsoren azken nobela Montalbanen Carvalho detektibe ezagunean dago oinarrituta) eta Jacques Prevet poeta eta letragile frantsesaren poemak, Koldo Izagirrek euskarara ekarriak. FIKZIOAREN MUNDUA ZABALA DA Xabier Montoia bere haurtzaroko mamuetara itzuli da “Lautadako mamua” (Elkar) eleberriarekin. Juan Diaz de Garaio “Sacamantecas”-en istorioan oinarritutako kontakizuna nobela historikoaren eta beltzaren artean kokatzen da eta, idazle gisa eman dituen lau hamarkadan poesian, ipuingintzan nahiz nobelan aritu den arren, nobela hau «pixka bat diferentea» egin du, hainbat arrazoirengatik. XIX. mendeko Araban kokatua, hiltzaile baten istorioa kontatzen du, Sacamantecasena, haurrak beldurtzeko erabiltzen ziren istorioen protagonista bilakatu zena. Fikzio ugari egin da haren inguruan, eta, bitxia dirudien arren, egun David Perez Sañudo zinemagilea filmatzen ari den lan luzeko protagonista bihurtu da pertsonaia bera. Uxue Alberdik zortzi ipuinez osatutako ipuin liburua atondu du “Hetero” (Susa) izenburupean. Emakumezkoak dira ia protagonista guztiak, eta euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez mintzo dira. Liburua azken hiru urteetako lanaren emaitza izan da eta ipuin bakoitzarentzat forma narratibo baten bila aritu da dazlea. Tituluak kontrakoa dirudien arren, Alberdik ez zuen heteroarauaren inguruko zerbait idazteko asmorik izan. Susarekin jarraituz, bi idazleren bigarren lanak: Beñat Sarasola donostiarraren “Coca-Cola bat zurekin” (Susa) eta Miren Amurizaren “Pleibak”, alegia. Sarasolak Frank O´Hara poetaren poema batek sortutako galdera batetik abiatuz nobelatu du poetaren bizitzaren zati bat: «Coca-cola bat zurekin hartzea are dibertigarriagoa da Donostia, Irun, Hendaia, Miarritze, Baionara joatea baino», dio O´Hararen poema horrek. Miren Amurizak, bestetik, nerabezaroko egonezin primarioa islatu du, belaunaldi bat ordezkatzen duten erreferentzia ugarirekin eraikia. Umore absurdotik jo du Mikel Pagadik plazaratu duen lehen liburuan. Ufologia zaletasunetik abiatuta idatzi du “Bisita” (Elkar). Eta nobela beltza gustuko dutenentzat, Alberto Ladron Aranaren “Dena eskaini nizun” (Elkar) aukera aproposa izan liteke; poesia maite dutenentzat, bestalde, Leire Vargas durangarraren bigarren poema-sorta, “Bihotz-museo bat” (Elkar) izenburua daramana. Mikel Pagadi, bere lehen nobelarekin, eta Eider Eibar ilustratzailea, bere pertsonaiekin. Andoni Canellada, Monika del Valle | FOKU GAZTE ETA HAURRENTZAT ESKAINTZA OPAROA Amancay Gaztañaga aktore eta idazlea Martin Martina protagonista duen trilogiako lehen bi nobelekin dator Azokara. Fantasia eta euskal mitologia nahasten duen trilogia honetako protagonista 13 urteko nerabe intersexual bat da, eta uda, zigortuta, aitona-amonen gazteluan pasatu beharko du. Hor abiatu da “Martin Martina. Urrezko orraziaren misterioa” (Elkar) trilogiako lehen nobela; eta, orain, “Martin Martina. Sorginen baratza” kaleratu du: izaki beldurgarri baten erruz, herri osoa aztikeria baten eraginpean dago, eta Martin Martinak eta lagunarteak aurre egin beharko diote egoerari. Haurtzarotik nerabezarora eta nerabezarotik helduen mundura pasatzean bizi diren beldurrei buruzko metafora da istorioa. Irakurle gazteei dagokienez, egia esan, Elkar argitaletxearen katalogoa nobedade interesgarriz lepo dator: sorginkeria eta mitologiarekin jokatzen duen Miren Gorrotxategiren “Lima. Konjuruliburu”, Manu Lopez Gaseniren “Segundo erabakigarriak” thrillerra, Idoia Rodriguez Mondragonen “Euritan desagertu arte” edo 15 urteko neska baten egunerokoa... Esperimentu bitxia egin dute, era berean, “Itsasoa bete urre” (Txalaparta) lanean Dani Martirena kazetariak eta Ana Ibañez margolariak. Gazteengan pentsatutako liburu honetan, Ibañezen grabatuak abiapuntutzat hartuta, bidaia bat proposatzen zaio irakurleari. Bidaia berezia da, poetikoa eta politikoa, nazioarteko errealitatea irristatzen baita lerroon artean. Etxeko txikienek pertsonaia berri eta zahar asko izango dituzte eskura Azokan: Zak eta Zek zikoinak -Iñigo Astizen “Zizare ia-ia hegalaria eta beste ia-ia fabula batzuk” irakurtzeko nahiz kontatzeko fabula bat omen da-, Eider Eibar ilustratzailearen unibertso kreatibo koloretsutik sortutako “Kokoak” (Pamiela) -berak egindako testuz eta marrazkiz osatutako hirugarren lana da- edo Miren Agur Meabe poeta eta idazleak sorturiko Katta eta bere lagunak -Lotura Films ekoiztetxearekin eta Elkarrekin batera hiru titulu dakartza Durangora lekeitiarrak-. ADIN GUZTIETARAKO PROPOSAMENAK “Klera” (Elkar) gerrari buruzko gogoetatik sortutako proiektu desberdin bat da. Literatura, ilustrazioa, musika eta dantza ditu espresiobide, eta koaderno gisako argitalpen batean adierazpen artistiko horiek bildu nahi izan dituzte. Proiektu hau Jon Mayaren ideia batetik abiatu da eta Leire Bilbaoren testuak, June San Sebastianen ilustrazioak, Maite Larbururen musika eta Kukai Dantzaren koreografiak dituzte lagun. Dantza eta musika QR kodeen bidez eskura daitezke “Klera” izeneko koadernoan. Joseba Beramendi Nazabal “Exprai”-k proposamen berezia dakar “Zu hor eta ni hemen” (Txalaparta) liburuan. Marrazki bat aurkitu du protagonistak, eta haren jabea bilatzeko bideari ekiten dio. Hondatutako kaleetan bilatzen du, txikitutako eraikinetan eta ilaran edo ihesean den jendearen artean, laguna onik ote dagoen jakin nahian. Errimadun testuek irakurketa ozena sustatzen dute, eta haurren egunerokoari buruzko galderak izanik, elkarrizketa bultzatzen dute. Finean, liburuak gerra bizi duten haurrei buruzko gogoetara gonbidatzen gaitu, enpatia lantzeko bidea emanez. Adin tarte zabalari begirakoa da “Botere handi batek” (Xabiroi) komikia ere, Iban Zaldua eta Julen Ribasen lan berria. Superheroiak eta euskal gatazka uztartzen dituen abenturazko istorio bat da, Marvelek egiten duenaren antzekoa, eta bertan mundu paralelo bat sortu dute, non euskal gatazkan superheroiak agertzen diren 1970eko hamarkada erdialdetik 1990eko hamarkadaren bukaerara arte. Bestalde, Julen Ribas ilustratzaileak berak Yurre Ugarterekin batera egindako “Iris XXII” (Txalaparta) komiki apartaren gaztelaniazko bertsioa eskuragarri egongo da Azokan. Komikia da protagonismo berezia hartu duen generoa. Horren adibide, Exprai, Javier de Isusi eta Julen Ribas egile euskaldunen lanak. Harriet Ediciones argitaletxe beteranoak beste egile batzuen lanak eta Harrietek berak egindako komikiak ekarriko ditu Durangora. KOMIKIEN INDARRAREN ADIERAZLE BATZUK Paco Roca valentziarraren azken nobela grafikoaren 3.000 aleko euskarazko edizioa atera zuen abuztuan Bilboko Astiberrik, argitaletxeak berak euskararen alde egiten duen apustuaren adierazgarri. Ez da harritzekoa, “Ahanzturaren leizea”-k (Astiberri) argitalpen batek inoiz izan duen hastapen indartsuena izan duelako nazioarte mailan. Hunkigarria da oso Valentziako hobi komun batean lurperatukoen istorio hau. Azaroaren hasieran atera berria da “Goizero”, Javier de Isusi bilbotarraren nobela grafiko hunkigarria, hau ere irakurle helduei zuzendua. Kalte emozional larriak dituzten haurren harreran parte hartzen duten bi familia espezializaturen egunerokoari heldu dio lan honetan. Bukatzeko, beste bi proposamen: Cesar Oroz marrazkilariak Amaiurrera egin duen itzulera surrealista eta dibertigarria, batetik -“Amaiur 1522. Inperioak erasotzen du” (Mintzoa)-, eta, 1779ko Texasen Gregorio Muro “Harriet” beteranoak kokatu duen “Mugako dragoiak. Azote” (Harriet Ediciones) komikia, bestetik. «Etorkizuneko Artefaktua 1977-2024», ahora en formato libro Medio siglo de la vida de Euskal Herria condensado en un ejercicio periodístico insólito: “Etorkizuneko Artefaktua”, una tarea colosal que complementa diariamente la oferta informativa de NAIZ y de GARA a través de las crónicas, imágenes y portadas de los acontecimientos y fenómenos que han marcado el devenir de Euskal Herria. Y ahora llega en formato libro, que estará disponible en el stand de GARA de la Feria de Durango. El proyecto comenzó el 1 de enero pasado y culminará el 31 de diciembre, un año entero para recordar, descubrir y consultar de dónde venimos y hacia dónde nos dirigimos con motivo del 25º aniversario de GARA. Desde el nacimiento de “Egin” en septiembre de 1977, pasando por “Euskadi Información” y desembocando en GARA, han sido y son todavía hasta final de año cerca de un millar de piezas informativas reproducidas tal como se publicaron en su momento o revisitadas a través de sus protagonistas o testigos en la política, cultura, deporte, sociedad, internacional… Todo ello acompañado por más de 3.000 portadas referenciales, más de 15.000 fotografías de la agencia FOKU y una meticulosa selección de frases que quedaron para la historia. Ahora, y en sintonía con las numerosas sugerencias de lectores y lectoras, “Etorkizuneko Artefaktua” toma también forma de libro, con una esmerada selección de informaciones, artículos, entrevistas, curiosidades, testimonios, imágenes, portadas, frases y crónicas año por año. Para recordar, para descubrir, para informarse, para consultar. El volumen consta de 488 páginas profusamente ilustradas y documentadas. En la elaboración de las piezas han participado cerca de cuarenta periodistas de GARA; los resúmenes anuales han corrido a cargo del también periodista y escritor Fernando Alonso; el diseño es obra de Joseba Beramendi ‘Exprai’. Los suscriptores y suscriptoras han podido acceder ya a la obra en primicia. Ahora llega a todos los públicos en la Feria de Durango. El precio es de 27 euros. Una gran muestra del trabajo realizado por nuestros medios en el último medio siglo, sin otros aditivos que el compromiso con el país y el rigor de esta profesión, y con el ánimo de proyectar todo ello hacia el futuro. Porque seguirá siendo necesaria la labor de contar y analizar lo que pasa para encarar los grandes retos a los que se enfrentará Euskal Herria.