15 DIC. 2024 IRITZIA Itzaltzeaz Sustrai Colina S.apurgarria, Mukizkoa al zara oraindik? Parazetamolak uxatzen ote dizu garuneko behe lainoa? Azukreari esker zabiltza oinez? Ez duzu zertan erantzun. Erori arte zergatik ez zaren geratzen axola zait, zergatik irensten dituzun zure kezko kezkak arnasa ematen dizutelakoan. Zutabea entregatu behar duzula argudiatuko didazu, aspalditik daukazula bilera hitzartuta, medikuaren deia espero duzun sakelakora iristen zaizkizula laneko abisuak. Itzal ezazu; piztuko duzu birgizarteratu nahi duzunean. Miren Amurizaren “Pleibak” irakurtzera jar zaitezke, erresistentziaren geografian Aroztegiak Itoitzen itzala izango duen hausnartzera edo, besterik gabe, zure iraganarekin zer egin deliberatzera. Lehenaldia bere horretan erakusteak zer dakarren ebatzi beharko zenuke lehenik, erabat eraisteak sortuko lizkizukeen onurak zein kalteak neurtu gero, eta, oraina etorkizun bihurtu aitzin, izan zinena erreformatzeak suposatuko lizukeena hauteman. Iraganak eta minak osatzen dute nostalgia euskaraz. Zure buruari larrialdi-eskailerak nola eskaintzen dizkiozun narratibek ezingo zaituzte aldiro salbatu. Erori nahi ez duen monumentu bat zara; monumentu izan nahi duen erori bat. Kasu egin behar zenidake, telefonoa itzali, zure gogoa hegaldi moduan laga. Ez daukazu aitzakiarik. Edo bai. Ez zara eguna nekatuta eta gaua begirik ezin bilduta igarotzen duen bakarra. Gaua eta eguna bi aldarte baizik ez dira jada, munduan egoteko bi ez-leku. Aspaldi desagertu ziren urtaroak. Gabonetako enpresa-bazkariak azaroan egiten dira orain. Dena hasten da askoz lehenagotik. Guztia amaitzen da berehala. Kontsumoaren narratibak narratibaren kontsumoa irentsi du eta botikak hartzen dituzu astebetean osatuko litzaizukeena zazpi egunez senda dakizun. Garrantzitsua da zure esku dagoena egiten ari zarela sentitzea, zure esku dagoena egiten ari zarela sentitzea gezurra dela jakitea bezain inportantea. Gaur ere ez zara geldituko. Frontoira joan nahiko dute semeek, aste osoan atzeratutakoak berreskuratu L-k, mendia ala bermuta exijituko dizute konbentzio sozialek eta, ezinbestean, etxean igarotako igandea aukera galdua dela entzungo duzu zure baitan. Zu soilik ez bazina, Isabel Coixeten “Un amor” ikus zenezakeen, besteez zu egin, baina 10 egun falta dira mundua gelditzeko, 16 urtea itzaltzeko eta denbora zara: gelditzen ez dena, itzali beharrekoa. Gaur ere ez zara geldituko. Frontoira joan nahiko dute semeek, aste osoan atzeratutakoak berreskuratu L-k, mendia ala bermuta exijituko dizute konbentzio sozialek eta, ezinbestean, etxean igarotako igandea aukera galdua dela entzungo duzu zure baitan.