Gazte training

Etengabeko aldaketen munduan bizi gara. Hamarkadak pasatu ahala, gizartearen beharrak aldatu egin dira. Horrela ikus dezakegu behintzat egungo gazteen joko-jolasekin. Hiru belaunalditako sailkapen batean, aisialdi denboran mugimenduari kendutako denbora zatia nabarmentzekoa da, hau gaztetxoenen garapen motorraren gabeziaren errudun nagusienetako bat izanik. Garai ez oso urrun batean aisialditzat genuen hura, gaur egun behar bilakatu da.
Baina mugimendu eza ez da kezka bakarra. Behar baina lehenago kirol bakar batean espezializatzeak (espezializazio goiztiarra), gaztearen garapen integralean, osasunean eta errendimenduan eragin negatiboak dituela ikusi dute. Nabarmentzeko ondorioen artean, estres maila igo eta “burnout” deritzon neke mental edo sindrome kognitibo-afektibora bideratu gaitzake, honek errendimenduan eragin zuzena izanik eta, azkenean, kirol praktika baztertzeraino iritsiz.
Arazo hauen aurrean entrenatzaileok paper garrantzitsu bat dugula iruditzen zait, mugimendua deritzon funtsezko baliabidea baitugu. Garbi geratu dadila prestakuntza fisikoa eta kirola hitzek ez dutela esanahi bera. Gure lehenengo beharra gaztearen garapen motorra lantzea izango da, horretarako premiak zein diren identifikatuz eta mugimenduaren hezkuntza erakutsiz. Gaur egun mugimendu defizit handiak ikusten ditugu gazteengan, sedentarismoaz gain gorputzeko kontrol motorraren eta propiotzepzioaren falta nabarmena izanik. Esku hartzerik ezean, gerora handitzen joan daitekeen arazoa izan daiteke.
Zer landu dezaketen galdetzean, funtsezko lau aspektu zerrendatuko nituzke. Orduak eta orduak eserita pasatzearen ondorioz, beharrezko mugikortasuna galdu duten artikulazioen mugikortasuna. Gorputzeko atal bakoitzaren egoeraren jabetzaz arduratzen den propiotzepzio eta kontrol motorra. Mugimendu plano ezberdinak. Era unilateralean buruturiko indar lana.
Lau puntu horiei zentzua emanez, garapen motorrarekiko oinarri sendo bat lor daitekeela iruditzen zaigu. Utzi alde batera beldur eta aurreiritziak, kirol ezberdinak praktikatu, era guztietarako mugimenduak probatu, zintzilikatu, salto eta dantza egin, pilota hankaz edo besoz kolpatu eta, batik bat, ondo eta asko mugitu.