Gaztea?
Ez zara hain gaztea», bota zidaten lehengoan. Danba. Inolako prestaketarik gabe. Eta ordutik etengabe galdetzen diot neure buruari noiz uzten diogun gazte izateari.
Garraio publikoan, Barik txartelarekin 26 urtera arte egiten dituzte gazteentzako deskontuak. Kutxabankek 30 urte betetzen ditugunean kentzen digu Gazte txartela. Osakidetzak 40 urtera arte finantzatzen ditu ugalkortasun tratamenduak. Baina zer da gazte izatea?
Pertsonaren araberakoa izan daiteke gaztetasuna. Gurekin klasean zebilen mutiko pedante bat 10 urterekin agure zaharra zen. Gure auzokide martxosa, aldiz, 78 urterekin gazte mantentzen da. Lanbideak ere eragin dezake. 40 urteko abokatua gazteegi ikusiko dugu, agian. Adin bera duen Gazteako esataria zaharregia irudituko zaigu, agian. Eta herrialdeak ere badu zerikusia. Txaden eta Lesothon bizi-itxaropena 53 urtekoa da eta adin hori dutenak atso eta aguretzat hartzen dira. Euskal Herrian, baina, batez beste 84 urteraino bizi gara eta 53 urterekin oraindik hiru hamarkada ditugu aurretik.
Definizio ofizialago baten bila, Nazio Batuetako webgunean sartu naiz. Eta hor bai, zehaztuta dago zer den gaztea izatea. 10 eta 24 urte bitartean dituztenak dira gazteak. 14 urteko tartea bakarrik dugu, hortaz, ofizialki gazte izateko. Gutxi iruditzen zait. Ez naiz konforme geratu eta zientziara jo dut, erantzun bila. Stanfordeko Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, 34 urte betetzen ditugunean odoleko proteinak aldatzen hasten dira eta hortik aurrera zientifikoki zahartzaroan sartzen gara.
Denbora igaro da 34 urte bete nituenetik eta ohartu naiz, odoleko proteinak bakarrik ez, nire ohiturak ere aldatzen ari direla. Gaupasa egitea baino gehiago gustatzen zait kafe torero egitea. Ajeak bi edo hiru egun irauten dit orain eta gimnasioan larri ibiltzen naiz ni baino gazteagoak direnen erritmoari jarraitzeko. Azkenaldian, lotsa ematen dit zenbat urte ditudan esateak. Wikipedian sartuz gero, aurkituko duzue ditxosozko zenbakia. Pista bat: aurten laugarren solairura igoko naiz. Beraz, bai. Ez naiz hain gaztea.