Jon Benito
Entrevista
Xavier Aldekoa

«Mundua leku injustua dela gogorarazten digu une oro Afrikak»

Afrika: 30 milioi kilometro karratu luze-zabal, munduaren bostena lur hedaduraz. 1.000 milioi lagun baino gehiago. Distantzia fisikoan gertu egonagatik distantzia psikologikoan, maiz, urrunegi. Kontinentetik heltzen den ahotsik garrantzitsuenetakoa da Xavier Aldekoa (Bartzelona, 1981) kazetari freelancearena. Al-Jazeera, Telesur, “La Vanguardia”, RAC1 eta COPEn irakurri, ikusi edota entzun ditzakegu bere lekukotzak, besteak beste. “Oceano Africa” (Peninsula argitaletxea) izeneko liburua argitaratu berri du: Afrikatik bertatik Afrikako jende eta paisaien mosaiko bat aurkezten digu, klixe eta orokorkerietatik aldenduz.

Existitzen al da Afrika izeneko zerbait, subjektu bakar eta identifikagarri gisa?

Afrika konbentzio bat da. Liburuaren izenburuak ere horri egiten dio aipamena; goitik eta distantziatik ikusita, ozeanoa ikustean, hau laua dela irudikatzen dugu, baina barneratu ahala, denetik dago bertan: olatuak, hondoratutako merkantzia-ontziak, koral arrainak, ezagutzen ez ditugun bazterrak. Afrika ere halakoxea da: konbentzio bat bezala ikusten baduzu, kokatzeko balio dizu, baina gehiagorako ez. Kontinentean barneratu ahala, aldiz, eremu handi baten aniztasunaz jabetzen zara, eta ez estatu edo herrialdeen artean bakarrik... estatu beraren baitan dagoen paisaia, kultura eta jende aniztasuna ere parerik gabea da.

Eta nola kontatzen da hedabideetan Afrika anitz hori?

Afrika kontatu nahi duenari ez zaio hura bertatik bertara bizitzea beste aukerarik geratzen. Bertako jendearen kale berak ibiltzea, bertako jendeari diosala egin eta eskua estutzea, hark esateko duena entzutea, lurraldeko autobusetan ibiltzea... eta zehatzago, usainak, ukimenak eta zaratak ezagutzea ere garrantzitsua da, horiek gero helarazi ahal izateko. Nola kontatu, beraz? Ezinbestean, bertatik bertara bizitzen eta ahalik eta zintzoen jokatzen. Horregatik, gezur batekin deskribatzen naute gehiegitan: ni ez naiz Afrikako berriemailea, ezin dut, ezinezkoa da hori. Kontinentea handiegia da, ezin da dena harrapatu.

Hori jakinik, ze baliabide dituzte Europako hedabide nagusiek Afrikan gertatzen denaren berri emateko?

Oro har baliabide oso gutxi daude. Berriemaile gutxi gaude eta kolaborazioen bidez elikatu ohi dira hedabideak, kontinenteko albisteren bat erosteko borondatea dutenean. Eta hala denean ere, inbertsio ekonomiko askoz txikiagoa egiten da Afrikan, beste korrespontsal edo berriemaile batzuekin alderatuta.

Eta baliabide gabeziagatik Afrikan albisteen lekura hurbiltzeko zailtasunak izanik, nola gainditu ditzakegu kontinenteaz izan ditzakegun klixeak?

Gakoa enpatian dago. Afrikan gertatzen denaren berririk ez duen jende asko dago. Han gertatzen dena ez jakiteagatik errudun ez sentiarazten saiatzen naiz lehenik. Oinarri horretatik abiatzen naiz, eta han gertatzen dena bizi ondoren, denen interesekoa izateko moduan kontatzeko nire ahaleginik zintzoena egiten dut. Jakin badakit Afrika urrun geratzen zaiola jendartearen gehiengoari, badakit klixe asko izan ditzakegula, kontinenteaz hitz egiten dugunean ere zurdaki lodiaz egin ohi dugula gehiegitan... Ni trazu hori mehetzen saiatzen naiz, gertakaria edo albistea humanizatu eta erakargarri egin nahian.

Eta nola xehatzen da trazu hori?

Istorioaren protagonistari behar beste denbora, errespetu eta arreta eskaintzen saiatzen naiz. Pertsona horren bidez, testuingurua eta ikuspegia zabaltzea bilatzen dut. Nire hasierako abiapuntua, bertako jendea eta ni hain ezberdinak ez garela pentsatzea izaten da. Pertsonaren izena eta abizena jartzen hasten zarenean, adibidez, orokorkeria galtzen du gertakariak: ez dezagun hitz egin ebolaz beraz, hitz egin dezagun Ibrahim izena duen haur horretaz, bere egoeraz, atakaz. Lot ditzagun gertakariak pertsonekin, eta pertsonak beste pertsona batzuekin batuko dira, emozioen eta enpatiaren bidez. Kazetaritza zubiak egitea dela uste dut, eta zubi oro bi norabidetakoa da, edo izan daiteke.

Afrikaren gaineko klixe horiek, nolabait, funtzio bat ere betetzen dute. Gure kontzientzietako aingeru edo deabru izatea, adibidez.

Bai. Mundua leku injustua dela gogorarazten digu une oro Afrikak. Ni Somalian edo Kongon egon, eta handik egun batzuetara Bartzelonan, etxean, egon naiteke eta duela egun batzuk lagun nituenek aste osoan jateko beharko luketen dirua, unetxo batean xahutzen dut. Nik ere bizi ditut nire azalean kontraesan horiek eta hor Afrikak ispilu bezala jokatzen du, gu pribilegiozko posizio batean gaudela gogoraraziz.

Afrikatik albiste lazgarriak besterik ez heltzeak ere izango du horretan eraginik.

Nire lankide batek, 1980ko hamarkadan, Malin, bertako lagunekin zinemara joan zela kontatu zidan. Bigarren Mundu Gerrako exterminio esparruetako dokumental bat ematen ari ziren orduan. Filmeko eszena batean, hainbat jende agertzen zen, zarpail eta argal, atxilo arropa marraduna soinean. Zineman jende oro barrezka hasi zen haiek ikustean. Zuk pentsa zenezake hori sekulako barrabaskeria dela, baina, gutxi-asko, eta distantziak distantzia, gaur egungo hedabideak horixe bera ari dira egiten Afrikarekin. Zergatik egiten zuten barre Maliko zineman? Testuingururik eman gabe, irudi hura, gizon zuri oso mehar bat pijama marradun batekin besterik ez zelako. Gauza bera gertatzen da, «beltz bat» aiztoarekin korrika ikusten dugunean, haur mehar bat euliz inguratuta erakusten digutenean... testuingurua kendu eta irudira biluzita, sentsibilitatea, humanitatea eta errespetua ebasten diegu pertsonei, ez baitakigu zergatik dauden horrela, ez eta zein den gure erantzukizuna horretan guztian ere.

Irudiek eta, bereziki aipatu dituzunek, indar handia dute, eta hedabideek argazkiok eragiten duten zirrararekin ere jokatzen dute.

Melillako hesian hamarka lagun zintzilik edo Mediterraneoan ontzi bete jende ikusten dugunean, argazkiarekin geratzen gara. Gehienez ere bere jaioterrian oso egoera makurrean daudela pentsatzera heltzen gara. Baina nekez egiten da hedabideetatik bigarren edo hirugarren pauso bat aurrera: ez da hitz egiten «lehen mundua»-ren erantzukizunaz, ez migratzaileen etorreraren arrazoiez, ez eta zer egin beharko litzatekeen egoera hori errepikatu ez dadin. Egia esan, gaiotan apur bat sakonduko balitz, gertakari horietan atzerriko gobernuak edota enpresa multinazionalak inplikatuta daudela, eta gu ere, jendarte gisara, zuzenean edo zeharka, atzean dauden negozio horien onuradunak garela konturatuko ginateke.

Deskolonizazio sasoia amaitu zela esan genezake orduan?

Afrika ez da garai post-kolonial batean bizi. Independentziak ez zien erabateko askatasuna ekarri estatu gehienei. Lehen kolonia zirenekiko tutela egoerak bere horretan jarraitu du, eta uztarri horretatik askatzen saiatu izan dena xehatu egin dute. Oinordetza gogorrak jaso dituzte, zentzu horretan, Afrikako estatuek. Esklabotzarena lehenik, koloniena ondoren, hamarkada luzeetan Mendebaldeko indarrek ez diete balore erreforma bat sustatuko zuten liderrei euren bidea egiten utzi eta, jakina, azken 30 urteetan gobernatzaile ustelak, euren herritarrak gupidagabeki menperatu dituzten gobernu hutsak edota lurraldean modu batera edo bestera esku hartu duten konpainia pribatuak ahaztu gabe.

Aukera berriak ere aurreikusten zaizkio kontinenteari, ordea. Potentzia berritzat ere izendatzen dute zenbaitzuek.

Hezkuntza da, alderdi horretan, tresnarik garrantzitsuena. Populazio oso gaztea du: 2030. urterako bikoiztu egingo da Afrikako biztanleria, eta mendearen amaierarako hirukoiztu. Hori horrela, sekulako eskulana izateaz gain (Txina eta India gaindituko ditu), zenbat eta heziagoa izan, bere eskubideen kontzientzia handiagoa, eta ondorioz, askatasun handiagoa ere izango du, aukera horiek aldarrikatzeko. Jendartean txinparta piztu behar da lehenik horretarako eta gutxi barru gertatuko da hori.

Ba al dago esaten ari zaren hori sumatzen den esperientziarik?

Senegal izan daiteke adibidea. Wade-k boterean betikotu nahi zuen, eta jendarte mugimendu aktibatuak Sall-en aldeko aldaketa ekarri zuen. Burkina Faso izan daiteke beste adibide bat. Iraultzak boterean 20 urte baino gehiago zeramatzan Compaore kenarazi zuen, nahiz eta gero militarrek iraultza hori bahitu. Nigerian ere jendartea aktibatu eta antolatzen ari da. Eskubideak eta errespetua aldarrikatzen ari den jendarte aktibatu baten lehen kimuak ikusten dira mugimendu horietan. Baina kontinentea hain ezberdina izanik, ezin da asmatu norantz garatuko den, ze aldaketa gauzatuko diren eta zein ez. Begiratu bestela Hego Sudan: independentzia lortu zuen 20 urteko gerraren ostean, eta orain hondoa jota dago berriz. Kontinentearen ezengokortasunagatik, ezin da iragarpen zehatzik egin.

Potentzia berria izatearen aukera hurbila hor dago, beraz, baina gaur egun migrazio fenomeno handiak dira albiste.

Migrazioaren aferan bi soslai daude: lehena etorkizun xerka datozen pertsonena da. Ikasketez gain, ahalmen ekonomiko ertaina izan ohi dute pertsona hauek eta euren herrialdean dutena baino bizimodu hobea dute helburu. Horiek joan-etorriko bidaia egin nahi dute: Frantziara dirua egin asmoz joaten dira, nahikoa batu dutenean, bere herrialdean aberastasuna sortzera itzultzeko gero. Horri migratzaile dei dakioke, kasu guztiak berberak ez izan arren.

Bestetik, errefuxiatuen profila dago. Eritreakoa bezalako diktadura batetik, Somalia edo Siriako gatazketatik edota goseteren batetik ihes egiten duten pertsonak izan ohi dira hauek. Eta horiek, legez, onartu egin beharko lituzkete Mendebaldeko estatuek, baina ez diete itsasoratzea edo mafiek kudeatutako desertuak iragatea beste aukerarik uzten.

Bi soslaietako pertsona hauek, gehiegitan, Europako interes ekonomikoengatik, ez dira bereizten. Migratzaileak etortzea komeni dakioke Europari, baina errefuxiatuak bere gain hartu beharko balitu, horrek kostu ekonomiko handia izango lukeenez, denak zaku berean sartzen dituzte. Gainera, «olatu migratzaile» bezalako kontzeptuak haizatuta, erakunde oro inolako betebeharrik izatetik salbuesten da. Liburuan esaldi bat aipatzen dut horri loturik, eta ezin hobeto azaltzen du bizi duguna: «Gerra ez da amaitzen hildakoak erortzen diren lekuan, bizirik daudenak mugitzen diren lekuraino hedatzen da». Gerra edo mundu injustua, ez dela zerbait etereoa, gure etxeko lorategietaraino sartzen dela, alegia.

Baina migrazio fenomenoaren irudi partziala dugu. Libian, Aljerian, Tunisian hasten dela iruditzen zaigu, ez dela leku horietarainoko beste migraziorik sinetsiz, askotan.

Bai. Fenomeno hori ezezagunagoa izaten da. Kontuan izan, denbora luzez batere baliabiderik ez duen jende batez hitz egiten ari garela: pariak dira, iparralderantz ihesean ari dira. Mafiek lapurtu eta bortxatu egiten dituzte. Baten batzuk 10.000 dolar ordaintzera ere heldu izan dira Europara heltzeko.

Orain migrazio kanala Libiara aldatu da, baina duela bi urte, Niger zeharkatzeko errail batean, migratzaileak zeramatzan autobus bat matxuratu eta egun batzuetara horiek egarriz hilda aurkitu zituzten. Badakizu zer den honetan guztian larriena? Migratzaileak ez duela inolako babes sarerik: salduta dago. Zenbat jende galdu da desertuan? Zenbat lapurtu edo zenbat bortxatu dituzte? Guk ez dakigu, euren familiek ere ez dakite. Mediterraneoak jende asko jaten du, baina jende gehiago irensten du lehen munduaren ahanztura eta bazterketak.

Azken urteetan Txinaren sarrerak kontinentean izan dezakeen eraginaz hitz egiten da. Etorkizun hurbilean ezinbesteko aldagaia izango dela ematen du.

Txinari bost inporta zaizkio giza eskubideak, berak irabazia atera nahi du Afrikatik. Baina Europaren aldean ezberdina da, honek lurreko eta lurpeko aberastasunak eta lehengaiak bilatu izan zituen bezala, Txinak gorago begiratu eta kontinentea milioka pertsonaz populatua dagoela ikusi baitu, eta hori da lantzen ari den aberastasun lerroa. Duten eroste ahalmena txikia izan arren, milioka afrikar daude eta merkatu zabala ikusi du hor Txinak. Produktu merkeen sarbidearekin eragin du lehen aldaketa, eta horrek, iruditu ala ez, eguneroko bizitza asko aldatu die pertsona askori: jende askorentzat, bizi kalitatean hobetze bat ekarri du, arroparik ez izatetik arropa izatera pasa direlako, edo motordun ibilgailurik ez izatetik horietakoren bat izatera.

Bigarren ildo bat ere ari da garatzen, eta aipatu bezala, eskulan merkearena da. Eta, ezin da ahaztu, amaitzeko, asiar potentziaren indartzean Angolako petrolioak berebiziko pisua ere izan duela.

Eta Estatu Islamikoaren garapenak, zuzenean ez ezik, zenbait herrialdetan piztuta dauden gatazketan aldaketarik ekarriko du?

Bai, eta modu kezkagarrian gainera. Boko Haramek duela hilabete bere fideltasuna aitortu zion Estatu Islamikoari, adibidez. Al-Shabaab-ek, Somalian, ere egin dezakeela aipatzen da, nahiz eta hau Al-Qaedatik hurbil dagoen. Estatu Islamikoari babesa eman dioten taldeak daude, gaur-gaurkoz, Aljerian, Egipton eta Libian. Egoera honek, euren arteko harreman-sare geografikoak indartzeko aukera ematen die. Boko Haramek adibidez, Nigeria iparraldea kontrolpean duenez eta erasoak Txad eta Kamerunera ere zabaltzen ari denez, eremu horietako arma, droga eta pertsona komertzioa bereganatua du.

Ikusi egin beharko da, bestalde, Estatu Islamikoarekin borrokatzera joandakoak, nola txertatzen diren kasuan kasuko euren herrialdeko gatazketan gero, eta horrek zer eragin izan dezakeen luzera begira.

Eta puzzlea gehiago nahasteko: gaur egun gobernuz kanpoko erakundeek zein rol dute Afrikan?

Ez da justua guztiak zaku berean sartzea. Gobernuz kanpoko erakunde batzuen lana eredugarria da. GKE eredugarriez ari naizenean, erlijio motibazioak izan ditzaketenei buruz ere ari naiz, euren egitekoa akatsik gabe betetzen dutenak ere bai baitaude horien artean. Beste batzuek, aldiz, drama edo gizarteko mindurekin negozioa egiten dute, lanpostu puztuak edota gastu izugarri eta lotsagarriak pilatuz. Baina orokortzeak horixe du, denak zaku berean kokatzen dituzula, eta hor euren lan ibilbidea ez ezik, euren bizitza ere arriskuan jartzen ari den jendea dagoenez, gutxieneko errespetu bat zor zaie.

Larrialdi humanitarioko kasuetan, adibidez, erabateko garrantzia dutela iruditzen zait. Gero, euren jarduna denboran luzatzen dutenean, zalantza gehiago pizten dizkit euren egitekoak. Nire lagun afrikar batek dioen bezala: «Zuek gobernuz kanpoko erakundeak izan bazenituzte Europan, ez zenuketen Frantziar Iraultzarik ezagutuko». GKEak, sarritan aizkorada baten osteko tiritatxo bat besterik ez diren sentipena dut. Horren aurrean esan beharko genukeena da: «Ez eman aizkoradakarik eta ez ditut tiritak beharko». Egoera horietan, GKEak elementu narkotikoak ere izaten dira.