Beste alardeak
Ekainaren 30ean Alardea egin zuten Irunen eta, urtero legez, ikusmin handia sortu zuen: desfile parekidea goizean egin zuten eta beronen harreran zenbait agintari falta izan ziren arren (Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Irungo alkatea, esaterako), ehunka herritarrek bete zituzten kaleak. Horrelakoetan, ezpainak bero-bero aritzen gara auzoan gertaturikoa komentatzen-kritikatzen-epaitzen. Etxean zailago da, ordea… eta nork ez dauka ezkaratzean gordeta beste alarderen bat? Gurean adibidez, Berrizen, sanmartzialekin bateratsu tokatzen dira jaiak eta bada ohitura antigoaleko bat: dantza taldean mutilak eta neskak dauden arren, herriko jai nagusietan mutilak bakarrik irteten dira plazara “Dantzari dantza” egitera. Saioa amaitzeko, publikoko neskak ateratzen dituzte korrora fandangoa eta arin-arina dantzatzera; San Pedro egunez «ezkonduak» eta Santa Isabel egunez «solterak». Beti egin izan ei da horrela, eta kito.
Gurean eta inguruko beste hamaika herritan erabili dira antzeko argudioak emakumeak plazatik baztertzeko, baina batetik, gaur egun tradizioaren maxima soila ez da nahikoa ezeri eusteko, eta bestetik, ez da egia dantzaren kasuan «beti» hala izan denik; asko baitira XIX. mendera arte neskek ere emanaldietan parte hartzen zutela frogatzen duten lekukotzak. Hala ere, guk zain jarraitzen dugu saioaren amaieran atera gaitzaten, mutilen korroan sartutakoan ipurdian zapladatxoa ematen uzten diegu, eta hori guzti hori irribarretsu, jakina. Bien bitartean, hantxe egoten dira adi-adi plaza inguratzen duten ume eta nerabeak, ikusten dutena (eta ikusten ez dutena) xurgatzen…
Iragan Santa Isabel egunean, Zumarragako kriskitin hotsa ere ailegatu zitzaigun. Lehenengo aldiz egin zuten neskek mutilekin batera ezpata-dantza, baita denik eta pausorik zailena (bikoitza) luzatu ere: neskek plazan lekua hartzea eta genero bitasuna apurtzea, mutilen dantzatzat hartzen direnak denen artean egin baitzituzten. Haustura horretatik sortu zen orain urte batzuk queer tangoa: emakume edo gizonezko pareak zein bikote mistoak onartzen ditu eta kasu guztietan truka daitezke genero rolak. Mariana Docampo dantzariak ederto azaltzen du (pikaramagazine.com-en) tangoa idiosinkrasia argentinarrarekin hain lotuta egonik, emakumea daraman gizonezkoak barik, gizona gidatzen duen emakumeak edo elkarrekin diharduten sexu bereko kide bik sinbolizatuko balute, jendarte eredu jakin bat apurtu egingo litzatekeela. Geuk ere zergatik ez noizbait plazan pilatu ganbarako gona, txapel, praka, amantal, kriskitin, zapi… eta abarrak? Ondoren, osa dezala nork bere konbinazioa eta dantza egin nahi duen eran.