MIKEL BABIANO LOPEZ DE SABANDO
LUMA BERRIEN AZTARNAK

Gauekoak

Hemendik goitik gauza harrigarriak ikusten ditut. San Martin naiz eta Urretxuko elizako fatxadan topatuko nauzu. Kapa higatua dut soinean, eta mendez mende bildutako hamaika istorio harrizko buruan. Nire adinak ez du axola. Tira, ez zaitut niri buruzko kontuekin gogaitu nahi, irrikaz egongo zara-eta 1605eko abenduko gau hartan zer gertatu zen jakiteko. Ez dizut hutsik egingo! Jakizu, ordea, ordukoak behar bezala ulertzeko garai bertsuko pasadizo bat ezagutu behar duzula...

1632ko uztailaren 13a egun luze eta sargoria izan zen. Eguzkia ezkutatu eta berehala, gaua Villarreal de Urrechuako teilatuen gainera amildu zen eta espirituek begiak zabaldu zituzten kale-kantoi itsuetan. Orduek trostan jarraitu ahala, hots guztiak isildu ziren eta fitsik ere ez zen entzuten, bizitzaren musikak herri zaharra sekula eta betiko abandonatu izan balu bezala. Zerraldo zetzan, zinez, etxe multzoa haranaren sakonean.

Bat-batean, arnas-hots urduri batek isiltasuna urratu zuen. Santa Barbara baselizarako kaminoan ezohiko itzal bat zegoen. Errege-bidean gora zihoan eta kutxa misteriotsua zeraman ezkerreko eskuan, zuzi argitsua eskuinekoan. Suzko bolak uharte ñimiñoa zirudien iluntasunezko ozeanoan. «Zer da gaua?» pentsatzen zuen itzalak bere kautan. «Tarte bat, tunel bat, zirriborro bat». Atseden txikia egin zuen azenario bat jateko. Kutxa astuna istant batez lurrean pausatu eta oinetakoak kendu zituen. Min ematen zioten oinek ibiltzean.

«Batek daki bide honek zerura edo infernura eramango nauen –pentsatzen zuen itzalak, hilobia bera baino beltzagoa begitantzen zitzaion gauari begira–, eta hain nago bakarrik...». Kutxa presaka hartu eta aurrera jarraitu zuen. «Egunak ñir-ñir egiten du une batez, eta horra hor gaua berriro». Bidean gora eta gora, arnasestuka. «Denok behar dugu aitzakia bat bizirik gaudela sinesteko». Noiz edo noiz, txori ezezagunen txilioek hotzikara eragiten zioten gau epelean.

Igo eta igo, iritsi zen ipeñarrietatarren jauregi ingurura. «Azkenean!». Maleta pisutsua istant batez lurrean utzi eta atseden hartu zuen. Hantxe zegoen, lorategiaren erdian, bart goizeko zuhaitz erraldoia. Hain bakarrik. Hostorik gabe. Itsu. Mutu. Betiko. «Hori ote denon patua?». Pentsakizunok uxatu nahian, jauregiaren atzeko atera abiatu zen, heriosuhar. Kox-kox-kox. Haizearen firfira. Kox-kox-kox.

Berrogeita hamar urte inguruko emakume ihar bat agertu zen atearen markoan. Zuziaren argipean, gizona eta kutxa ikusi zituen eta «itzali hori ta jarraitu neri», besterik ez zuen xuxurlatu. Eraikinaren erraietan barrena gidatu zuen orduan, pasillo amaigabeetan atzera eta aurrera, eskailera ilunetan gora eta behera, harik eta atetzar baten aurrera iritsi ziren arte. «Zain dezu», besterik ez zuen xuxurlatu, heldulekuari eragin eta desagertzeaz batera.

Kandela mordoaz inguratuta, emakume gazte bezain liraina zegoen gelaren erdian, bainuontzi batean plisti-plasta. Zer egin edo zer esan ez zekiela, gizona zur eta lur geratu zen, erabat lotsagorrituta, atearen ondoan. «Barkatu, andrea, nik ez nekien...». Mozorro bat zen, bere sentimenduen jabe izateari beldur zion gizon baten gordelekua. «Diego! –esan zuen irrikaz Antonia de Ipeñarrietak–. Etorri hona eta besarka nazazu!».

Gizonak zirkinik ere egiten ez zuela ikusita, emakumea zutitu egin zen. Ederra zen, ederrik bazen! Paretako ispilu handiak gorputz biluzia islatzen zuela, edozer gauza emango zuen gizonak ispiluko irudi hura, irudi hutsa izanagatik, preso hartu eta besapean etxera eramateko. Sekula halakorik!

«Hasiko gara?» galdetu zuen etxekoandreak. Gizona zoriontsu sentitu zen. «Ene bada!». Sorginduta. Ur tanta bat gehiago izan nahi zuen, lasterketa zoroan emakumearen bularrak laztantzeko. «Diego?». Isiltasuna. «Bai, bai, barkatu, andrea». Larruzko kutxa astuna lurrean pausatu eta urduritasunez ireki zuen. Agerian geratu ziren mihiseak, pigmentuak gordetzeko ontzitxoak, pintzelak, astoa muntatzeko egur xaflak, zapi zuriak… finean, margolariek koadroa pintatzeko behar duten oro.

Leiho irekira hurbildu eta begietara so egin zion gauari Antoniak. «Galileori esker dakigu puntu zuri bakoitzaren atzean ez dagoela izar bakarra, milaka eta milaka baizik. Hemendik ikusi ez arren, hor daude mundu berriak, guk noiz topatuko zain». Isiltasuna. Gizona pintzelak sailkatzen ari zen, urduri baino urduriago.

«Ai, Diego! Senar tirano horren ezkutuan bizi beste erremediorik ez dut. Hain nago bakarrik! Eta nazkatuta! Koadro hori margotuko bazenu ere, etorkizunak ez ditu ni eta nire gorputza gogoratuko, koadroa baizik, zer eta zuk, Diego Velazquezek, egin zenuelako!». Gelaren erdian isilik zirauen margolariarengana jo zuen. «Beraz…». Gizonari pintzel lodiena eskutik kendu eta haren punta poliki-poliki miazkatzeari ekin zion.

Diego pospoloa bezala piztu zen. «Baduzu soka eta latigorik? Maskararik, akaso? Ez duzu ezer ezagutuko, dena ezagutu ez baduzu». Gizonaren hitzok gizona bera harritu zuten. Izan ere, gau atergabean, istant batez, bizitzeko aitzakia bat zuela sentitu zuen.

Mikel Babiano Lopez de Sabando

Urretxu (1985). Itzulpengintzan eta Interpretazioan lizentziaduna. Irakasle eta itzultzaile aritzen da. EHUn Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritza masterrerako tesina egiten ari da eta Idazle Eskolako graduondokoa bukatu berri du. Irakurtzea eta idaztea ditu pasio.

Irudia: Kristina Fernandez