09 AGO. 2015 LUMA BERRIEN AZTARNAK Guraizea begi Oihana Iguaran Barandiaran Kanpai hots bakarraren oihartzuna: bederatzi eta erdiak. Oraindik ez da ageri. Arraroa da, astero-astero meza aurretik pasatzen da orraztera guretik. Zerbait gertatu ote zaio? Bai zera, agian gaur ez zuen orraztu nahiko; edo akaso, bere lagun Pilirenera joatea erabaki du behingoz, hona etorri beharrean. Okerragoa da horretan pentsatzen aritzea, beste lanik ez bagenu bezala… Azken eskuoihalak tolestatu eta ia prest egunari ekiteko. Laka kaxak ez dira iritsi, Dionisiori biharko eskatu beharko dizkiot bai ala bai. Ea ba, orain hitzorduei gainbegi... Hara! Hor dator. Agenda tiraderan ezkutatu eta eskuen dardara gerrian geldiarazi dut. Pinpirin asko gaur ere, soineko berde argi horrekin, irribarre zabalena soinean. Argia dario bere pauso bakoitzari. Ile-apaindegi osoaz jabetu da bere agur alaia; balirudike orraztera baino luzitzera etortzen dela gurera. Etorreraren zain balego bezala, atera agertu zaio gure alaba, eta esaneko, berokia hartu dio bezeroari. Liluratuta begiratzen du, goitik behera mugimendu bakoitza aztertuz. Izugarri miresten du, ez dakit zer ikusten dion itxuraz gaindi. Ederra eta atsegina dela dio, baina nik uste gure alabari haren eskupekoa zaiola atseginen. Neskatoari protokoloak agintzen dituen hiru-lau galdera egin ostean, sarrerako aulkian jarri da zain. Beti bezala, burua garbitzeko ni libre egon arte itxarongo du, ez du beste inork egiterik nahiko. Besaulkia libratu bezain pronto deitu dut eta patxadaz gerturatu da, belarritakoak erantzi eta ia erlaxatuta eseri dela esango nuke. Lepoa bermatu eta zintzilik utzi du burua, ile guztia nire esku jarriz. Adats zoragarria du, luzea eta distiratsua. Indarra ageri du sustraietatik puntetara, jabeak bezalaxe. Garbitzeko bustitzen diodan heinean astun bihurtzen da nire esku artean, batuago, ilunago. Moztu genionean ere halaxe sentitzen nuen nik; astun eta ilun. Erro-errotik ebaki genion, lan txukunegia egitearekin kontuz, zarpaildu itxura behar baitzuen jendaurrerako. Zigortu egin behar zela esan ziguten, eta guk kaskoa zuritu behar geniola. Artean neska gaztea zen eta gajoa dardarka egon zen amaitu genuen arte, baina ez zuen txintik atera, hala ere. Orain niri kostatzen zait bere aurrean lasai egotea. Erreketeek beraiekin eraman zuten amaitu genuenean, zigorraren bigarren zatia betetzera. Ez dakit kemena nondik atera zuen, baina bere soineko onena jantzi zuen kalejira egiteko; eta burua tente asko eraman zuen gainera, plazaraino. Ez dut gogoan agindua betez besoa zuzen jaso ote zuen; begirada bai, hori ondo gogoan dut. Zuzen-zuzen nigana, eta nik ez nion begi berde haien salaketari eutsi. Errukarri zegoen. Soineko berria zikin-zikin eginda, izterretan behera zerion lotsaz. Hortzak estu, burua tente. Begirada zorrotza baina malko bakar bat ere ez. Ilea presaka ebaki izanak eragindako odol errekatxo bat, lepotik behera. Begien aurrean banu bezalaxe oroitzen dut. Gaur, oraindik ez naiz begirada hartaz libratu. Ilea bildu eta ispilura pasatu gara, lehortu eta orrazteko. Lan erraza, sinplea. Etxean egin zezakeen, baina hemen egin diezaioten nahi du; nik egin diezaiodan nahi du. Orrazia pasatzean belarriko orbaina geratu da agerian. Gure ahizpa zaharrenak egin zion, mozte lanetan ari zela istripuz. Berak ez du ezkutatzen, naturaltasun osoz eramaten du bistan. Batzuetan iruditzen zait ikus dadin nahi duela. Ez dezan inork ahaztu zer gertatu zen. Asteroko orrazkera amaitu artean ispilutik begira sumatzen dut, duela 20 urte bezain zuzen. Baina oraingoan lasai, ziur. Ez dit sekula egindako lana kritikatzen, beti ematen du ontzat jartzen diodan orrazkera. Beti bera. Niri so egoten da lanean ari naizela, eta bere lasaitasunak urduri jartzen nau. Tentsioa sumatzen dut sabeletik lepora, eta hozka egingo didala edo zerbait esango didala uste arren, goxotasunez altxatzen da aulkitik. Buruan darabilena ulertzen ahalegintzen naiz, baina ez dut gorrotorik ikusten jada begi horietan. Alderantziz, bere irribarre zabalenarekin zor duena baino pezeta batzuk gehiago utziz joaten da. Alai, tente, eder. Eta nik txanponen itzulia emango niokeen bere karitatea behar ez banu. Baina behar dugu. Eta hantxe geratzen gara ile-apaindegiko atean berari begira, alaba eta biok. Ez du atzera begiratu beharrik han gaudela jakiteko. Agian, horregatik joaten da zapata hots ozen horrekin, kalean behera. Eta nik, ile-apaintzaile honek, emakume indartsu bat ikusten dut bidea egiten, eta haizeak adatsa astintzen dio, eta irribarretsu aldentzen da, eta ni berari begira, eta… Eta egingo nukeen gerra guk irabazi genuela. Oihana Iguaran Barandiaran Amasa (1991). Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna. Komunikazio teknikari ari da lanean. Irudia: Kristina Fernandez