12 JUN. 2016 Entrevista XABIER AMURIZA «Edonor izan daiteke bertsolari neurri batean. Bizikletan ibiltzen edonork ikas dezake? Bertsotan, berdin» Amagoia Mujika Telleria & Conny Beyreuther Atzo bertan esan nion andreari; hemen, norbait izateko, erretiratu edo hil egin behar da». Harritu samar dago Xabier Amuriza Sarrionandia plazak utziko dituela esan eta gero jaso duen aupadaz eta bere iragarpenak izan duen haize mediatikoaz. Harrituta eta pozik, kariño asko iritsi zaiolako. «Iluso samarra izan naiz bizitzan gauza gehienetan eta normalean hori okerrerako izaten da; zerbait espero duzu eta gero ez da gertatzen esperotakoa. Kasu honetan ilusoa izan naiz, baina modu baikorrean. Diskrezio puntu batekin erretiratu nahi nuen, ez nuen uste halakorik etorriko zenik. Ez nuen omenaldirik nahi. Pentsatuta nuen erretiratuko nintzela esan eta norbait omenaldi kontuekin etortzen bazen, ez nuela nahi esatea. Baina gero Durangaldeko Bertso Eskolatik etorri da halako proiektu handia eta ezin izan dut ezetz esan, zetorren tokitik etorrita». Ekainaren 16, 17 eta 19an ekitaldi bana izango da Amurizaren omenez: ekainaren 16an, Zornotzan, “Amurizaren gaiak eta garaiak” berbaldia; ekainaren 17an, Durangon, lagunarteko kantaldia, “Emaidazue freskura” izenez; eta, ekainaren 19an, Etxanotik Berrizera erromesaldi artistikoa, “Amurizaren bideak eta aireak” lelopean. Askoren esanetan bertsolaritzaren historian mugarriak jarri dituzten bertsolarien artean dago Xabier Amuriza. Bere garaian bertsolaritzaren bidean ziaboga handi samarra eman zuen, gerora bertsogintzaren norabidea markatu duena. Amurizak ez ditu halako hitz handiak maite bere buruaz ari denean. Baina belaunaldi desberdinetako bertsolari askok aitortu dute miresten dutela eta Amurizaren bidean darabiltela pausoa. Are gehiago, lau aldiz segidan Euskal Herriko txapelduna izan den Andoni Egañak esana da bera bertsolaria dela Xabier Amurizari esker. «Lehen aldiz Durangoko Azoka batean entzun nion Andoni Egañari hori esaten eta harri eginda geratu nintzen. Ordurako bigarren txapela irabazia zuen eta pentsatu nuen, ‘eta orain artean hori jakin gabe nengoen ni?’. Hori ikaragarria da. Denboran atzera bueltatu eta orduan konturatzen ez nintzen gauza batzuekin konturatzen naiz orain, uste baino gauza gehiago egin ditudala, alegia». Xabier Amurizak arnasa eta jantzi berriak ekarri zizkion bertsolaritzari. Bere bizitzaren errepasoa eginez ikus daiteke Amurizak ekarritakoaren tasuna, bere izateko eta bizitzeko erari estu lotuta baitago. Batzuen esanean zikloi bat da, dagoen kantoian egonda, beti indarrez eta grinez ekin izan diona. Kaskagogorra ote den galdetuta, «izan beharko», erantzuten du, garai gogorrak bizitzea egokitu zaionaren irmotasunez. «Baina tratuan ez naiz kaskagogorra», zehazten du badaezpada. Tratuan sinpatikoa eta gozoa da. Sinisten eta batez ere maite duen horren alde barru-barrutik eta atzera begiratu gabe ekitea izan da Amurizaren ibileraren haria, apaizgintzan, bertsolaritzan, irakaskuntzan, kazetaritzan, idazlegintzan... eta, batez ere, bizitzan. Haur guztiak Paristik etortzen ziren, Xabier izan ezik. Etxanoko Torreburu baserrian jaio zen, 1941eko maiatzaren 3an, Santa Krutz egunez. «Egun horretan Bizkargin erromeria izaten zen. Nire garaian haurrak Paristik etortzen ziren. Gero batzuk bidean erori eta misterio asko sortzen ziren. Baina ni ez nintzen Paristik etorri, osabak ekarri ninduen Bizkargitik soinuaren barruan ezkutatuta. Erromeria egunez ijitoak izaten ziren han beren karroekin eta postuekin gauzak saltzen. Eta aitak kontatzen zidan osaba soinua jotzera joan zela eta ijito haiei lapurtu ziela haurtxo bat, eta hori nintzela ni. Bizkargira joaten nintzenean nire jakin-mina izaten zen osabak nondik hartu ninduen, nola sartu ninduen soinuaren barruan, nola segitu zuen soinua jotzen ni barruan nengoela, negarrik egiten ote nuen... zazpi-zortzi urtera arte erabat sinistuta bizi nintzen. Jende nagusiak ere bazekien istorioaren berri eta askotan eskatzen zidaten kontatzeko». Aita oso fantasiosoa eta kantaria zuen. «Aitak asko kantatzen zuen, zekizkien kanta guztiak kantatzen zituen hizkuntza desberdinetan; euskaraz, erdaraz, latinez... Eta nik aitari ikasten nizkion abesti guztiak. Hizketan hasi orduko hasi nintzen ni kantuan».Haurtzaroko bakardadea. «Nire haurtzaroan beste haurren falta nuen. Nik beti izan dut jolaserako nahia eta grina. Gure baserria aparte zegoen eta nik ez nuen inguruan jolaserako lagunik. Txakurrarekin ibiltzen nintzen. Nik beti esan izan dut haurrarentzat bakardadea garrantzitsua dela. Haurra bere irudimenarekin bakarrik utzi, elementu gutxi batzuekin, eta moldatuko da. Derrigorrean berak antolatu beharko du bere jolasa, asmatu egin beharko du, eta hori sekulako ariketa da. Nik umezaroan bakardade handia pasatu nuen, baina ez nintzen aspertzen. Eskolatik bueltan behiak zaintzera bidaltzen ninduten, bizpahiru orduko lana. Denbora pasatzen nuen nekizkien kanta guztiak kantatzen, bata bestearen atzetik, behin eta berriz. Eta gero lurrean topatutako makilekin, harriekin, inguruko arbolekin... jolasten nintzen. Txakurrarekin beste pixka bat, tarteka behiren bat galdu eta berriz topatu... Horrela joan zen nire haurtzaroa eta nik uste dut nire sen intelektual guztiak, buruari bueltak emateko grina hori, derrigorrean orduan piztu zirela. Nik aukeran nahiago nuen beste auzoetako haurrekin jolastu, baina ezin nuen. Gerora konturatu naiz bakardadeko ordu horiek ez zitzaizkidala gaizki etorri». Jolaserako grina hori bizi-bizi mantentzen omen du.Apaizgintza eliza barrutik aldatzeko. Xabier Amurizaren militantzia seminarioan piztu zitzaion bereziki, «han hasi ginen herri baten kontzientzia hartzen, justizia sozialaz kezkatzen eta horri buruz ikasten. Baserri umil batetik nentorren ni eta tentsio hori guztia banekarren. Elizaren goitik beherako aginte hori ere ez genuen maite eta garbi genuen hori barrutik aldatu behar genuela, txoke bat eragin behar genuela. Garai hartan, baina, ez zen asko behar errebeldea izateko, dena zegoen debekatuta. Apaiz izatea, berriz, garrantzitsua zen eta nolabaiteko babesa ematen zuen, eta hori baliatzea erabaki genuen. Zapalkuntza politikoak kezkatzen ninduen, baina zapalkuntza moralak gehiago. Apaiza zinelako jendea belaunikatu egiten zitzaizun parean, pentsa. Apaizen mugimendua, Gogor izenekoa, oso indartsua izan zen neurri batean mugitu gintezkeenak gu ginelako, apaizak, nolabaiteko inpunitatea genuelako konkordatuari esker. Eta hori baliatu egin genuen. Elizako lokalak irekitzen genizkion behar zituenari eta hori errebeldia handia zen». Pulpitutik ere egin zuen iraultza, ordura arte ez bezala meza euskaraz ematen hasi zelako eta mezuan ere ekarpen propioak egin zituelako. «Jendeari ezin genion bat-batean esan infernurik ez zegoela, baina esaten nien akaso egongo zela, baina hutsik zegoela infernua. Beste bekatu larria, adibidez, igandetan lana egitea zen. Nik esaten nien bekatu larria astegunetan lanik ez egitea zela, eta jende asko bizi zela lanik egin gabe haiek egunean 18 ordu lan egiten zuten bitartean. Eta, gainera, igandetan lan egin beharra izatea ez zela bekatua, zoritxarra baizik. Horrelako mezuek txoke handia zekarten Eliza ofizialarekin. Erregistroko liburuak ere gaztelaniaz idatzi beharra zegoen eta ni euskaraz egiten hasi nintzen. Oso aro beroa eta bizia izan zen eta olatu horren erdian gertatu ginen gu».Bertsolaritzaren mitoa eta Pandoraren kutxa. «Seminariora sartu aurretik banuen bertsolaritzaren mitoaren berri. Horren arabera, bertsolariak berezko dohain bat zuen, izugarria, naturaz gaindikoa eta azaldu ezin zena, eta horrek egiten zuen norbait bertsolari. Mito berezi horrek bertsolaria pertsona oso berezia egiten zuen, besteen gainekoa eta prestigio handikoa. Nik banuen susmoa hori ezin zela horrela izan. Eta behin karrera hasita, artea, filosofia, teologia... ikasten hasi nintzenean konturatu nintzen horiek guztiek bazutela nolabaiteko oinarri zientifikoa. Solfeoa eta musika ere ikasten nituen eta arte horietan guztietan inon ez zen agertzen bertsolaritzan aipatzen zen aurrebaldintza hori, berezko dohainarena. Mozarten berri ikasten genuen eta han ez zen agertzen dohainaren baldintza hori. Eta neure buruari galdetzen nion, ‘Mozart izatea Basarri izatea baino zailagoa izango da, ezta?’». Eta horrela konturatu omen zen bertsolaritzarena mito bat zela, eta beste arte klase guztiak bezala, ikasi eta landu egin zitekeela. «Beste mito bat ere bazen: Bertsolaritza gurea bakarrik zela, euskaldunona. Mito horiek denak, gainera, jende kultuak defendatzen zituen. Liburuetan begiratzen hasi eta konturatu nintzen munduko beste leku batzuetan ere egiten zutela bertsolaritzaren antzeko jarduna. Argentinako Martin Fierroren kontakizunetan ikusi nuen hori, esaterako». Mitoa hautsi eta mahai gainean jarri zuen garaian denen gustukoa ez zen ideia bat: bertsoa egiten ikasi egin daiteke eta, gustatuz gero, ia edonor izan daiteke bertsolari. Ez da derrigor aparteko eta jaiotzako dohain berezirik behar bertsolaria izateko. «Seminarioan egin zen Amuriza bertsolari eta Zamorako kartzelan egin zen maisu». Hamaika urte zituela Zornotzako karmeldarrek eraman zuten eskolatik, ikasle ona zela-eta bere destinoa apaizgintzan zegoelakoan. Gerora Derioko seminarioan topatu zen Abel Muniategirekin, laguna eta bertsokidea. Amuriza 1965. urtean egin zen apaiz, 24 urte zituela. 1968. urtetik aurrera zazpi urte egin zituen preso, hiru kartzelaldi desberdinetan. Kartzelan apaiz sartu eta kartzelatik bertsolari atera zen. Derioko seminarioan bertsotarako lagun eta kontrario bakar izan zuen Abel Muniategiren esanean, «seminarioan egin zen Amuriza bertsolari eta Zamorako kartzelan egin zen maisu. Bertsolaritzarentzat mesede ikaragarria izan zen Amuriza kartzelara sartzea». Zamorako kartzelan egindakoa da Amurizaren “Hiztegi errimatua”, talde lanaren ondorio. «Seminarioan milaka bertso nituen buruz ikasiak. Bertan bizitza isilik egin behar genuen eta isilune horietan nik bertsoak kantatzen nituen buruan. Egunean hiru arrosario egin behar genituen eta arrosarioko ale bat pasatzen nuenean abemaria bat beharrean nik bertso bat kantatzen nuen. 1960 inguruan Euskaltzaindiak euskal kanten liburuxka bat atera zuen, gehienak bertsoak ziren, eta horiek buruz nekizkien. Xenpelarren liburu bat ere ikasi nuen, Txirritaren bertsoak... nik denak buruz ikasten nituen eta egunean zehar hainbeste ordu isilik eman behar genituenez, haiek errepasatzen nituen nik. Eta konturatzen nintzen errimak zituen aukera guztietatik oso gutxi erabiltzen zirela. Txirritak nahikoa zuen berak erabiltzen zituen errimekin berak esan nahi zuen guztia esateko. Txirritaren errimategian berrehun bat izango ziren, eta errimategiak milaka eta milaka aukera ditu. Gauza horiekin konturatzen nintzen ni, gauza horiek nituen buruan bueltaka. Apaiz garaian banituen kezka horiek, baina denbora handia behar zen errimategi hori egiteko, eskuz egin behar baitzen. Eta Zamorako kartzelan denbora bagenuen». Hiztegiari buelta eman, atzekoz aurrera jarri, eta paperean eta eskuz osatu zuten Zamorako kartzelan “Hiztegi errimatua”, Azkueren hiztegia oinarri. Errimak bildu ez ezik, errima horiek kategorietan sailkatu eta aukeraketa bat egin zuen Xabier Amurizak. “Hiztegi errimatua”-k oraindik ere balio handia du. Amurizaren debuteko bertsoak gogoan dituen bertsozalea. Franco hil baino hilabete batzuk lehenago atera zen kartzelatik Xabier Amuriza, 1975. urtean. Bertsotan debuta 1976. urtean egin zuen, Gernikako pilotalekuan izandako saio jendetsuan. Oskorri taldea eta sei bertsolari. «Debutean jende asko zegoen nik zer egingo zain. Banuen izen bat, apaiz izandakoa, kartzelan egondakoa... Egun hartan kantatu nituen bertso batzuk abesti bihurtu zituen gerora Oskorrik. Baina bertsolaritzan eman ditudan urteetan gertaturiko gauzarik hunkigarrienetakoa duela urtebete inguru gertatu zitzaidan. Durangon badago Kaixo izeneko taberna bat eta hango nagusia pilotari ohia da, Berriatukoa. Emaztearekin kafe bat hartzera joan eta hango nagusiak esan zidan Gernikako debutean kantatu nuen agurra gogoan zuela. Eta kantatu egin zidan. Eta ez hori bakarrik, egun hartan Lopategirekin ofizioka kantatutako bertso batzuk ere gogoan zituela esan zidan. Eta beste bizpahiru bertso ere bai, duela berrogei urte entzundakoak eta buruan jaso eta gordeak. Horrelakorik ez zitzaidan sekula gertatu. Hurrengo egun batean grabagailuarekin joan nintzen eta jaso egin nizkion bertso horiek. Gure ofizio honetan gertatzen dira horrelako gauza politak». 1980. urtean jokatu zuen Xabier Amurizak lehen txapelketa nagusia. Ordurako plazan erakutsia zuen bere bertsokera, aldekoak adina kontrario pizten zituena. «Txapelaren aurretik banituen aldeko eta kontrako sektoreak, eta bertsolaria banintzen edo ez nintzen eztabaida hortxe zegoen. Txapelketara joan behar nuela zalantzarik ez nuen. Eta txapela irabazi nuenean pentsatu nuen dagoeneko bukatuko zela eztabaida hori. Baina ez zen horrela gertatu, kontrako sektorea piztu egin zen. Esaten zuten liburuko bertsolaria nintzela, ez nintzela benetako bertsolaria. Gainera, euskara batuan egin nuen eta horrek ere eztabaida sortu zuen. Nik txapelketa ona egin nuen eta nire pozik handiena izan zen euskara batuan eginda irabazi nuela, gehienek ulertua izatea lortu nuela. Orduan euskara batuaren aldeko aldarrikapenarekin indartsu genbiltzan. Eta Xalbadorri gertaturikoa ere buruan nuen, Xalbadorri txistu jo ziotenean ni epaile nengoelako. Baina nik txapelketa hartan euskara batuan egin nuen, hizkuntza informala erabili nuen baina, era berean, literaturako zenbait modu bertsolaritzarako ere baliagarriak zirela erakutsi nuen. Eta ulertu egin zidaten. Zutabegintzan aritzen nintzen, hango gauzak ekartzen nituen bertsotara, metaforak eta konparazioak, eta apaizgintzan ohitua nengoen jendearen aurrean solemnitatez aritzen». Amuriza kazetari eta zutabegile lanetan aritua da. «‘Egin’-en sorreran hasi nintzen, bai sorreran bertan eta bai sortu aurreko kanpaina guztian ere. ‘Egin’ hasi zenean han hasi nintzen lanean. Bizpahiru urte egin nituen eta larriune ekonomiko bat etorri zenean, erredakziotik atera egin nintzen. Ordurako bertsolari bezala nenbilen eta banituen beste aukera batzuk. Dagoeneko zutabegile ere banenbilen eta horretan jarraitu nuen. Hogei bat urtean ia egunero egiten nuen zutabea. ‘Semaforo Gorria’ izeneko zutabearekin hasi nintzen eta gero ‘Arrano Beltza’ izenekoa ere egiten hasi nintzen. ‘Punto y Hora’ aldizkarian ere aritzen nintzen». Amurizak bertsotara ekarri zuen zutabeetan zerabilen hizkera. «Nik nobedade batzuk ekarri nituen. Zutabeetan erabiltzen nituen hitzak, metaforak, esanak... bertsotan erabiltzen nituen eta jende bat harritu egiten zen. Niretzat, baina, erabat normala zen». Bertsolaria bazen edo ez zen. 1980. urtean jantzi zuen Xabier Amurizak bere lehen txapela. Baina berak espero zuena ez zen gertatu, bere estiloaren inguruko eztabaida ez zen isildu eta bertsozale sektore batek zalantzan jartzen segitu zuen bertsolaria ote zen. Eta horrek sufriarazi egin zion. «Nik asko sufritu nuen. Txapela irabazi eta gero ere ez banintzen bertsolaria, zer gehiago egin behar nuen? Herriz herri nenbilela ikusten nuen hori bereziki, saio txikietan. Orduan elkarteetan asko kantatzen zen, entzulearekin aurrez aurre. Haiekin hitz egiten konturatzen nintzen erdiak nire kontrarioak zirela. Antolatzaileek ere esaten zidaten askotan, ‘Eztabaida latza izan dugu zu ekarri edo ez’. Eta ni joatearen kontra zeudenak ere han izaten ziren, bertso bazkarian edo bertso afarian, eta haientzat ere kantatu behar nuen. Gero, askotan, entzuleengana gerturatu eta harrituta esaten zidaten ez zutela espero halakoa nintzenik. Eta nolakoa espero ninduten ba? Eta kantatzeko era ere desberdina da txapelketan edo saio txiki batean, eta ‘bertso normalak’ botatzen ere banekiela ikusten zuten. Entzulea hurbil duzunean hori guztia sumatzen duzu. Egia esango dizut, nik eztabaida horietan sufritu egiten nuen, nahiz eta garbi nuen bidea nik hasitako hori zela. Nik egin nezakeen bakarra erretiratzea zen, eta uzteko tentazioa ere izan nuen. Ez nuen gogorik egunero bertsolaria banintzen edo ez nintzen eztabaida hori sufritzeko. Aitortuko dut izan nuela apalaldiren bat». Hamarkada batzuk geroago, 75 urterekin plazako eskailerak jaitsi eta bertso afaritako mahaitik altxatu denean, txaloka hartu dute, bide bat irekitzera ausartu zenaren miresmenez, nahiz eta maiz sastraka itsuarekin larruturen bat egin behar izan duen. Bertso eskolak sortu, bertsolariak sortu. «Bertsotan egiten irakastea ere ez zuen ondo ikusten jende guztiak. Bertso eskolekin herriz herri hasi nintzenean bertsolaritzaren misterioa hausten ari nintzen. Eta jende kultu asko agertu zen bertso eskola horien kontra». Euskararen aldeko sentimenduak, bertsoarekiko zaletasuna, Xabier Amurizak defendatzen zuen ideia horiekiko jakin-mina... sentimendu askotarikoak biltzen ziren hasierako bertso eskola horietan. «Gogoan dut Hernanikoa, hasierakoa izan zelako. Udaletxeko aretoan elkartzen zen adin guztietako jendea; haurrak, gazteak eta helduxeagoak. Nik bertsolaritzaren fenomenoa azaldu egiten nuen eta gero eskolak ematen nituen. Aurretik ondo prestatutako eskolak izan behar ziren, adin desberdineko jendea zela kontuan hartuta. Ikastaro luzeak izaten ziren, astean behin edo joaten nintzen hilabete luzeetan. Eta egunero herri batera joaten nintzen, Euskal Herri osoan barrena. Mugimendu hori berehala zabaldu zen. Nork egin behar zuen horren kontra?». Baina, edonor izan al daiteke bertsolari? «Edonor izan daiteke bertsolari tamaina batean. Bizikletan ibiltzen edozeinek jakin dezake? Ez badauka aparteko arazorik, bai. Bizikletan ibiltzen behintzat ikasiko dugu. Gero, bizikletan ibiltzetik lasterketak irabaztera koska bat dago. Baina bizikletan ibiltzen gozatzen edonork ikas dezake. Bertsoarekin, berdin. Pixka bat gustatzen bazaizu, lagunartean egitera edonor irits daiteke. Gustatzen bazaizu, uler ditzakezu bertsolaria kantuan ari denean bere buruan gertatzen diren klabe batzuk. Artea ez da egiteko bakarrik, ikusteko eta gozatzeko ere bada». Bertsoaren plazatik jaitsi da Xabier Amuriza. Eta plazan segituko du bere alaba Mirenek. «Sekulako poza ematen dit horrek. 10-11 urte zituela berak erabaki zuen bertso eskolan hastea. Nik ez dut bertsotara behartu. Txikitatik errima jolasean aritzen ginen, nik hitz bat esan eta berak errimarekin segitu beste batekin, bietako bat geratu arte. Batzuetan irabazten uzten nion eta beste batzuetan egiatan irabazten zidan. Jolas hori oso maitea zuen. Baina bertsoa ez zen derrigorra gure etxean. Ipuinen kontaketa bai, gutxienez hiru eskatzen zituen egunean, bat luzea eta bi labur. Baina egia da errima jokoarena jolas polita izan dela gure etxean». Etxekoek, baina, sufritu egiten dute etxekoa bertsotan ikustean. «Batez ere txapelketan sufritzen dut, bere aurpegiera ikustean. Niri ere ez zait inoiz gustatu etxekoen aurrean aritzea. Eta saio normaletan, hor nonbait, baina txapelketa une larriagoa da eta sufritu egiten da ‘zure umea’ horrela ikustean. Baina oso pozik eta hunkituta nago Miren hor dagoelako». Eta, orain, «Zein ongi bizi zen Ulises». Eta, orain, zer? Joan den maiatzaren 19an Bilbon eman zuen lehenengoz “Zein ongi bizi zen Ulises” izeneko emankizuna. Ordubete inguruko «dibertimendu airoso bat», Amurizak berak dionez. «Lankurekin segituko dut elkarlanean eta gustatuko litzaidake emanaldiak ematea herri desberdinetan, neurri batean publikoa gustatzen zaidalako. Ordubete inguruko emanaldi bat da eta idatzita dudan nobelaren berri ematen dut, sinopsi moduko bat, umorez eta ingenioa baliatuz. Bilboko emanaldian jendeak oso ondo pasatu zuen eta pozik amaitu nuen». Grina piztuta igartzen da zikloia proiektu berriarekin. Ez daki bestela egiten. «Umezaroan bakardade handia pasatu nuen, baina ez nintzen aspertzen. Nire sen intelektualak, buruari bueltak emateko grina, orduan piztu zirela uste dut» «Apaiza nintzela jendeari ezin nion bat-batean esan infernurik ez zegoela. Esaten nien akaso egongo zela, baina seguru hutsik zegoela infernua» «Edonor izan daiteke bertsolari tamaina batean. Bizikletan ibiltzen edozeinek jakin dezake? Ez badauka aparteko arazorik, bai. Bertsotan berdin» «Seminarioan bizitza isilik egin behar genuen eta isilune horietan nik bertsoak kantatzen nituen. Egunean hiru arrosario egin behar genituen eta arrosarioko ale bat pasatzen nuenean abemaria bat beharrean nik bertso bat kantatzen nuen»