21 AGO. 2016 Afizioa ofizio eginda EUSKAL HERRIKO ARTZAIN GAZTEAK 1997. urtean sortu zen Euskal Herriko Artzain Eskola. Arantzazuko Gomiztegi baserrian kokatua, urtero artzain berriak prestatu eta trebatzeko ikastaro bereziak eskaintzen dituzte bertan. Ikasleak, euskaldunak ez ezik, atzerritarrak ere badira, eskola artzaintzaren arloko erreferentzia garrantzitsutzat onartua baita mundu zabalean. Haren ereduari jarraituz, eskola berriak sortu dira, esaterako, Katalunian, Asturiasen eta Andaluzian. Ura Iturralde Arantzazuko Gomiztegi baserrian kokalekua hartu duen Euskal Herriko Artzain Eskolak 1.300 metro karratuko instalazioak ditu. Alde batetik, ikasgela eta bulegoak daude eta, bestetik, testuetan ikasitakoa praktikan jartzeko beharrezkoak dituzten ukuilua, gaztandegia, jezteko gela eta artalde estandarra. Artzaintza ikastaro trinkoak 900 orduko iraupena du –sei hilabete– eta bi ataletan antolatuta dago: fase teorikoa eta fase praktikoa. Lehenengoan, ziklo monografikoak eskaintzen dituzte, zentroko artaldea gobernatuz; eta fase praktikoan, berriz, hamasei aste inguruko egonaldiak egiten dituzte ikasleek, beste ardi ustiategi laguntzaile batzuetan. Hemeretzi urtean orotara ardi sektoreko 174 abeltzain profesional finkatzea lortu du eskolak, horietatik 142k jardueran dihardute era profesionalean, 28k era partzialean egiten dute lan eta lau sektoreko teknikari lanetan ari dira. Ikasgeletatik irtendakoan ardi sektoreko etorkizuneko profesional hauei Monitoretza Zerbitzua eskaintzen die eskolak, ardi ustiategi bat sortzeko eta abian ipintzeko. Batis Otaegi eskolako zuzendaria oso pozik dago denbora honetan guztian lortutako emaitzekin: «Belaunaldi berrien faltagatik galtzera zihoala zirudien lanbidea profesionalizatzen saiatzeko asmoz sortu zen eskola», azaldu digu. Krisialdi ekonomikoak eskolara iristen diren ikasleen profila aldatu duela uste du: «Ohartu gara gero eta jende gehiago datorrela. Biztanleen zati batek ihes egin nahi dute hiri handietatik, gero eta zailago egiten baitzaie bertan bizitzea eta beste aukera batzuk aurkitu nahi dituzte». Naturatik bizitzeko aukera gehiegi ez badaude ere, artzain izatea horietako bat da. Horregatik, etorkizun oparoa ikusten dio lanbideari, eta sinetsita dago «lanbide honen aldeko apustua egitera datozen gazteei esker ziurtatuta dagoela artzaintza profesionalaren etorkizuna». Bisita gidatuak eskola ezagutarazteko. Aurretik hitzordua eskatuta, artzain eskolak bisita gidatuak antolatzen ditu Gomiztegi baserrian, bertaratzen denari zein helbururekin sortu zen eta nola funtzionatzen duen erakusteko. Hala, urtero estatu espainoleko nahiz atzerriko pertsona ugari bertaratzen da. Besteak beste, instalazio nagusietan barrena ibiliz azalpenak jasoko ditu bisitariak, edota Idiazabal sor-markako artzain-gazta nola egiten den erakusten duen dokumentala ikusteko aukeraz baliatu, gazta dastatu eta euskal artzain-txakurren erakustaldia ikusi. Eskolak eskaintzen duen heziketa ziklo osatuari eta antolatzen diren bisita gidatuei esker, gero eta gazte gehiago ausartzen dira artzain profesional izatera eta eskolara bertaratzera. Horren adibide dira: Aitor Urien, Iñigo Lasuen, Xabier Azurmendi, Garaitze Suso eta Nerea Olazaran. Ilusioz betetako gazteak, egunero aurrera egiteko eta pasio duten artzaintzatik bizitzeko borrokan dihardutenak. IÑIGO LASUEN ( 23 urte, Donostia, Gipuzkoa ) Iñigo Lasuenek 23 urte ditu eta Donostian bizi da. Gurasoek ez dute artzaintzarekin inolako harremanik izan, tailer baten jabeak baitira. «Sekula ez dut gustuko izan nire gurasoen tailerrean lan egitea, oso gaztetatik jakin izan nuen artzaina izan nahi nuela», berretsi du. Ilusioz beterik eta gurasoen babesarekin, Arantzazuko Artzain Eskolara joan zen ikastera eta bertan «ezin hobeto» prestatu zuten artzain izateko. Lan gogorra dela badaki eta horregatik uste du «benetan bihotzez lanbide hau maite» ez duenak hobe duela alde batera utzi. Artzaintzan buru-belarri sartu aurretik izandako lanetan aurreztutako diruarekin 90 ardi erostea erabaki zuen, eta horrekin batera, lursail batzuk Igeldon artzaintzarako. «Gaur egun esnea saltzen diet zenbait bezerori, halere jakin badakit inbertsio handia egin beharko dudala», dio; izan ere, etorkizunean mamia eta gazta egitea gustatuko litzaioke bere izenpean, hau da, bere marka sortuta. «Horretarako argi dago ardi gehiago erosi beharko ditudala eta hauek jezteko tresneria berria ere bai», aitortu du. Bide horretan Artzain Eskolatik une oro laguntzen diotela aipatu du eta horrek «bidea askoz errazagoa» egiten duela. Ez du oporrik, egunero etortzen baita bere lursailera ardiekin, baina pozik dago: «Nire proiektuan sinisten dut, ate asko jo beharko ditut, ekonomikoki eta mentalki ere ahalegin handia suposatuko du, baina nik oso argi daukat: ‘Artzaina izan nahi dut’». GARAITZE SUSO (27 urte, Okina, Araba) Garaitze Susok musika irakasle izateko ikasketak egin zituen, eta Kanadan egin zituen praktikak. Orduan, Mikelekin maitemindu zen, Arabako Okina herriko artzainen semea. Artzaina zen Mikel ere, eta, gaur egun, familiako artzain bilakatu da Garaitze bera ere. «Beti izan dut gustuko, eta, ikasi nuenak etorkizun handirik ez zuela ikusita, Artzain Eskolara joatea erabaki nuen, familiari lagundu ahal izateko. Niretzat, oso aberasgarria izan da eskolara joatea, eta bai animaliekiko bai artzaintzarekiko grina hori duen jende gehiago ezagutzea; zoragarria izan da», azaldu du. Eskola amaitu ondoren, gazta egitea da gehien gustatuko litzaiokeena, baina une honetan ez dira oraindik horretan ari. «Batzuetan, jendeak artzaintza zer den ez dakiela iruditzen zait, eta zein gogorra den ez dutela igartzen; garapenari bizkarra ematen dioten pertsonak garela uste dutela, alegia. Niretzat, aurkakoa da hain justu: izan garenaren funtsa gorde dugu», iritzi dio. Oso herri txikia da Okina. Ez du zerikusirik Garaitzeren jaioterri den Gasteizekin. Nolanahi ere, oso pozik dago, eta familiako egiazko kide izatera iritsi da. Izan ere, asko lagundu diote bai Mikelek eta bai Polo familiako gainerako kideek artzaintzan murgiltzeko. «Egia da Artzain Eskolara joatea funtsezkoa izan dela, baina eguneroko lana da garrantzitsuena. Oinarrizkoa da teoria, baina Mikelek eta bere familiak erakutsi dizkidate eguneroko lanaren gorabeherak», onartu du. Arkumeak jaiotzen ikustea da, bere hitzetan, lan honek ematen duen «gauzarik atseginena». Latzena berriz neguan lan egitea dela uste du: «Elur asko egiten du Okinan, eta, beraz, ezin ditugu ardiak ukuilutik atera». Zailtasunak zailtasun, artzaintzan aritzeak oro har merezi duela uste du, asko maite duelako lanbidea. Etorkizunari begira jarria dago eta gaztandegia laster ireki ahal izatea espero du: «Ilusio handia egiten dit». AITOR URIEN (23 urte, Abadiño, Bizkaia) Aitor Urien Abadiñon bizi den artzain gaztea da. Bere birraitona Mariano Urien, aitona Donato Urien eta aita Jose artzainak izan ziren; beraz, txikitatik datorkio artzain izateko grina. «Beti izan dut oso argi artzaina izan nahi nuela. 16 urterekin Abeltzaintza Ekoizpenari buruzko ikasketak egin nituen Gipuzkoan. Bertan bi urte igaro ondoren, Artzain Eskolara joatea erabaki nuen bereziki artzaintzaren arloan ikasketak egiteko asmoz», azaldu du. Arantzazun asko ikasi zuela dio eta haiei esker ametsa bete du: «Gaztandegia eraiki dugu, tresneria berria erosi ardiak jezteko eta gure artaldea osatu: 150 ardi genituen lehen; orain, ordea, 300 dauzkagu». Inbertsio ekonomiko handia izan dela aitortu du, baina gaztaren salmentarekin pixkanaka ipinitako dirua berreskuratzen ari direla dio. Aitorrek eta bere aitak Urien gazta egiten dute, Idiazabal jatorri-deitura izateko baldintza guztiak betetzen dituena. Bere iritzian, haren sor-markaren babesean aritzea abantaila handia da, etxean ez ezik gazta hori oso ezaguna baita nazioartean ere. Gaztandegia sortzeak inbertsio handia eskatzen du hasieran, baina produktu hau saltzea da gero irabazi gehien ematen duena. Beren baserriko denda txikian zuzenean saltzen dute, eta azoka herrikoietara ere joaten dira beren produktua ezagutzera emateko. Horrez gain, artzain-txakurren lehiaketetan parte hartzeko zaletasuna dute; honek ez die dirurik ematen, baina bai ospea. «Asko gustatzen zaizkigu ardi-txakurren lehiaketak aitari eta bioi. Ez dugu diruagatik egiten; besterik gabe, gustuko dugu, eta jendea gu ezagutuz doa horrela. Hainbat lehiaketa irabazi ditu jada aitak. Oker ez banabil, hamar aldiz irabazi du Bizkaiko lehiaketa, eta bizpahiru aldiz Euskal Herrikoa», kontatu digu. NEREA OLAZARAN (17 urte, Zudairi, Nafarroa ) Nerea Olazaranek argi du: artzaina izan nahi du. 17 urte ditu, eta ikasketak bukatu nahi ditu Iruñean. Baina, behin bukatuta, Artzain Eskolara joango da. «Nire gurasoak artzainak dira, eta haien urratsei jarraitzea da nire ametsa. Zoratuta nagoela esaten didate lagunek, lan gogorra dela, baina berdin zait; maite dut lanbide hau». Argi du eta horregatik jada jarriak dira Arantzazuko eskolako zuzendariarekin, Batis Otaegirekin, harremanetan; izan ere, bere ustez ikastetxe honetara joateak ateak zabalduko dizkio. «Joateko irrikan nago, gogo handia dut», onartu du Zudairiko bizilagunak. 400 ardi dituzte etxean, eta esne-zentralari saltzen diete esnea: «Ez digu irabazi handirik ematen, horregatik gaztandegi bat irekitzea da nire benetako ametsa; nire izena daraman gazta egin ahal izatea, alegia». Etxean, amak beti babestu izan du hartutako erabakia, baina aitari, ordea, gehiago kostatu zaiola onartzea aitortu du Olazaranek: «Lan oso gogorra dela gogorarazten dit behin eta berriz, eta esaten dit hobe nukeela ondo hausnartzea erabakia hartu aurretik. Nik, ordea, argi eta garbi daukat. Artzaina izan nahi dut». XABIER AZURMENDI (30 urte, Zegama, Gipuzkoa) Xabier Azurmendik 30 urte ditu, eta zortzi urte eman zituen poliesterra lantzen lantegi batean. Azkenean, itxi egin zuten lantegia, eta, aurreztutako diruarekin, artalde bat erostea erabaki zuen, eta Artzain Eskolara joatea artzain izateko bere ametsa betetzeko asmoz. «Artzainak ziren nire aitona eta haren anaia; haiengandik datorkit artzaintzarekiko grina. Lantegi batean lan egitea ez da gehien gustatzen zaidana», dio. Orain pozik dago, bere ametsa betetzen ari delako. Jakin badaki zailak izango direla lehenbiziko urteak: «Une honetan, esne-zentral eusko-nafarrari saltzen diot biltzen dudan esnea, eta gastuak estaltzeko adina ordaintzen didate, justu-justu». Pabiloi batzuk erostea gustatuko litzaioke, bertan gaztandegi bat jartzeko, bere ustez gazta salduz egingo lukeelako irabazi gehien: «Diru laguntzak jasotzeko aurkeztu nuen proiektua, eta horretan gabiltza orain. Oso handia da egin beharreko inbertsioa». Eskolan egin duen denboraz oroitzapen ona dauka. «Aurten, oso zorrotzak izan dira sartu ahal izan diren pertsonak hautatzeko. Artzaintzan jarduteko egiazko gogoa eta ilusioa zituzten pertsonak bakarrik onartu dituzte», aipatu du. Bederatzi ziren eurak ikasgelan: «aragoiar bat, bizkaitar bat, Gipuzkoan bizi zen katalan bat, bi nafar eta, gainerakoak, gipuzkoarrak». Euren arteko giroa nabarmendu du, baita bertan ikasitako guztia ere.