25 SET. 2016 LUMA BERRIEN AZTARNAK Galerna eskuetan OIHANA IGUARAN Sargori dago giroa. Eguzkiak bete-betean jotzen dio kopeta Mireni autoko leihotik. Gustura hartuko lukeen, berak nahi bezala hondartzara joango balira; Donostiara bidean doaz, bai, baina hondartzarik gabe geratu beharko dute momentuz. Amak baiezko hitza eman dio «bukatzean galernarik ez badator, hondartzara joango gara». Nahiago lehenengo plaiara eta gero galerna sartzean lanak, pentsatu du Mirenek. Zerua orain dago urdin, orain joan behar da bainua hartzera. Eta harako itxaropenari eutsi dio, autoa lurpeko parkinera sartu den arte. Jope. Igogailua erabili behar izan dute irteteko, aita makuluekin dabilelako; aurrez aurre geratu dira hantxe guraso-alabak eta isilik begira egon ostean goxo-goxo ausartu da txikia: «Zenbat denbora pasako dugu hemen? Arratsalderako txarra eman dute eta txarra bad…». –Miren… –hasperen batez amak– esan dizut bukatzean joango garela hondartzara, baina astuna jartzen bazara etxera joan beharko dugu zuzenean– baldintzapeko mehatxua. Indarrez gurutzatu ditu besoak Mirenek bularrean, bere haserrea astun izan gabe adierazteko aurkitu duen formula bakarra baita. Aita ahalegindu da goxatzen: –Hau oso garrantzitsua da guretzat Miren; eta badakizu zergatik axola zaigun hainbeste? Zugatik egiten dugulako. Zu osasuntsu haztea nahi dugulako, aire garbia arnastuz… –Kutsaduraren aurka? –Bai, hori da. –Ba eskolan esaten dute ez kutsatzeko garraio publikoa erabili behar dela eta zuek kutsaduraren aurka hartu duzue gaur kotxea. Tin! Ireki da igogailua. Miren pauso bizian atera da, besoak oraindik bular parean gurutzatuta. Gurasoak elkarri begira geratu dira erdi lotsatuta erdi harrituta. «Eta nola nahi zenuen ba etorri, hegan?»; «ez nuen etorri nahi eta punto, ama». Horrelaxe egin dute aparkalekutik euren gunera zegoen bidea, emaztea senar makuludunari lagunduz eta alaba pare bat metro aurrerago, muturtuta. Jende oldearekin bat egitean amak euren ondora deitu du: «Galdu egingo zara!». Zerura begira despistatu da Miren, errezeloz begiratzen die ageri diren bi laino bakartiei. Ezta okurritu ere iluntzera arte formatzerik, esango lieke hortz-artean. Bultzada bat sentitu du bizkarrean: Aitor! Segituan desagertu da jendartean. -–Ama! Aitor ikusi dut, jolastera noa! Ordurako Aitorren gurasoek bat egin dute bereekin eta amak eskua luzatuz eman dio baimena, begiratu ere egin gabe. «Animatu da behintzat, ez dakizue ze kopeta beltzarekin ekarri dugun«; «bai, luze egiten zaie, umeak dira. Eskertuko digute noizbait»; «eskertu? Gureak autoz etorri izana bota digu aurpegira, ea hori ere aire garbiaren alde doan…»; «baina makuluekin eta… zail zenuten bestela etortzen»; «hori esan horko sorgin purtzil horri, ederki esan ditu eta»… Jendea ilara batean antolatzen hasi da eta jolas bikaina izan da Miren eta Aitorren harrapaketarako, harik eta gurasoek zarpatik geldiarazi dituzten arte. «Ez mareatu jendea, aitu? Eta eutsi eskutik, segituan pasako da motoa eta». «Ze koloretakoa da?»; «ez dakigu»; «eta nola jakingo dugu hori dela?»; «abisatuko digute, garrantzitsuena guk giza kate alai bat osatzea da» emozionatuta amak; «hondartzan egin bagenu alaiagoa zatekeen…» esaldia amaitzerako damutu zaio Mireni, amak ez dio eskua estutu beharrik ere izan, zurruntasun osoan nabaritu zaio alaba astun sumatzen duela. Hobe isilik itxaron motoari. Besoak altxarazi dizkion olatu bat iritsi da ezkerretik, eta segituan ikusi dute udaltzainen autoa, motoa atzetik zuela. Saltoka eta abestuz agurtu dute eta Mireni haserre zegoela ahaztu zaio. Txalo egiteko askatu dute giza katea eta zerua oraindik oskarbi, to! –Ama, orain hondartzara? –Ez Mirentxu, orain Aldundi parera goaz, han amaituko da ekitaldia. Festa polita izango da, ikusiko duzu. Handik joago gara hondartzara gero. Gero. Kaka zaharra. Jendea euren ingurutik pasatzen hasi da, ziurrenik Aldundira zihoan bidean. Aita makal doa makuluekin eta horrek gehiago luzatu du Mirenen agonia, hondartzara gerturatu direla sumatu duen arte. –Ei, hemen ondoan dago hondartza, itxarongo dizuet han! –Miren, ezin zara bakarrik joan, izan pazientzia pixka bat eta hirurok joango gara. –Aita … pazientzia? Pazientzia daukat asteburuan izeba bisitatzera joateagatik lagunekin partidua jokatu gabe geratu behar dudanean, eta pazientzia daukat ama ontzeko ‘eztakize’ bilerara joaten denean, eta… –LOMCE … –Begira Miren, hori dena ez da hondartzatik aldatuko. Gu ere deseatzen gaude horrela ibili beharrik ez izateko. Eta horregatik, orain ekitaldia ikusiko dugu, ados? –ahalegindu da ama. Baina aita ere leher eginda dago: –Ei Aintzane, agian gu gerturatu gaitezke hondartzara eta gero etorriko zara zu bukatzean, zer diozu, Miren? –amak nekez hartu du bikotearen traizio txikia. –Ez aita, berdin da, itxarongo dugu bukatu arte –Miren ere jabetu da, hondartza ez dela dibertigarri izango gurasoak haserre badaude. Eta egia esan, gustatu zaio Aldundiko plazara iristean aurkitu duten giroa: mila koloreko oihalak, bizikletak, musika. Miren ondoko haurrekin elkartu da kalejiran eta gustura egin du salto. Gainera, amaieran haize errota koloretsu bat oparitu diote. Hari putz eginez pasa du osteko hitzaldia, arreta osoa koloreko txataletan jarrita. Euri tanta bat sentitu du kopetan, beste bi besoan, zerua grisa dago eta espero zuena baieztatu dio amak: «galerna». Haserre egin du Mirenek autorainoko bidea, haize errotak azkar-azkar bueltaka jarraitzen duela ezker eskuan. Oihana Iguaran Amasan 1991. urtean jaioa. Ikus-entzuneko Komunikazioan lizentziatua. Irakurri eta entzutekoak sortzeko gogoz.