GALDER PEREZ
IRITZIA

Arratoien desioak

Urte hasierako egun arraro bateko ordu txikietan, gure kaleak oraindik ilun zeudela, udaleko langile bat ezustean harrapatu nuen. Bere betebeharra bete-betean betetzen ari zen norbaiten agindupean. Zer eta gure karriketako zuhaitz eskeletikoak ordezkatzen ari zen. Sekretupean lez. Zenbat zalantza argitu zizkidan gertaera honek. Hainbeste alditan pentsatu baitut nola bizirauten duten hirietako zuhaitzek, hortxe kalean, lurrik gabe, sustraiak botatzeko espaziorik gabe, lerroan jarrita ejerzito triste baten parte bailiran, horiak ez diren baldosen arteko bide galduan. Ustezko zuhaitz hauek ez dute bizirauten baina, ez horixe. Ordezkatuak dira, ume garaietako arrain laranjak bezala. Horregatik hirietako zuhaitzak, gu bezala, dagoeneko ez dira ezta zentimetro bat ere hazten.

Hasi berri dugun urte honetan beharbada langile inspiraturen batek zuhaitza landatzeko lurra botatzea ahaztuko du, zulo handi bat utzirik. Orduan zulo horretatik gora estoldetan bizi diren arratoi guztiak espaloietara libre aterako dira. Urte berrian, hamazazpian, lur azpian dauden arratoi aztiek azpiko zapiak azkar astintzeko aukera izango dute azkenak bailiran. Arratoiak izan daitezke orain salbatzaile. Pertsonek sinismen eta fede berriekin bat egiteko nahia omen dugu, edozeri eusteko premia omen dugu. Agortu dira garaiotako fedeak eta arratoiena izango da hautabide berria.

Beste garai batean ogi papurrak botatzen genizkien usoei. Baina uso bakezale horiek eskuma aldeko kaio beldurgarri bilakatu ziren, Hitchocken filmean baino beldurgarriagoak diren hegazti faxistak. Okerragoa da etxeko leihotik begiratuz gero ikusten den panorama, hegaz dabiltzan horiek bele beltzak baino ez baitira. Izuaren ondorioz zeruari begiratzeari utziko diote pertsona batzuek eta zuhaitzen zuloetatik aterako diren arratoiengan jarriko dute konfiantza. Arratoiek urte berri honetan ezarriko duten derrigorrezko arau berri batek mitin guztiak zezen plazetan egitea aginduko du. Holantxe, behingoagatik espazio hauek errentagarriak izango dira eta, orduan bai, fiesta nacional ospakizun beldurgarria udaberrian Marine Lepenen mitinarekin Baionako zezen plazan arratoiek ospatu dezaketena.

Eta guk, gizajook, pentsatzen genuen desioak egia bihurtuko zirela usoei jaten ematen genienean, kaleetako zuhaitzen itzala bilatzen genuenean. Hortaz, hobe genuke bada desioak alde batera utzi eta konspirazioari ateak zabaltzea. Duchampek Giocondari bibotea jarri bezala, jar diezaiogun Puppyri sagarrondo parea titiak bailiran eta bere sagardoa edango dugu. Luzea da konspiraziorako zerrenda eta agorrezina inspirazioa. Egunero kalean baitago konspiraziorako ezinbesteko inspirazioa, ustez zuhaitz diren horien artean eta haien azpiko zuloetan barrena. Inspirazioa, konspirazioa eta gero, faltarik gabe, akzioa. Bestela, arratoiak esnatu eta benetan zulotik kalera aterako dira.