Alaia Martin
IRITZIA

Uzta berantiarra

Jaio, negar egin, edan, barrearen ispilu-efektua ezagutu, nahi duguna eskuetan hartzeko katuka ibili, ezin iritsiagatik frustratu, lehen hortzengatik mindu, eskolaratu, albokoari iletik tira, hamaiketakoko fruta astebetez motxilaren poltsiko ezkutuan eraman, maitemindu, eskutitz bat bidali, erantzuna jasotzerako berriz maitemindu, lanak eskolako bidean autobuseko kaligrafiaz egin, konbikzioz, ehuneko ehuneko koherentzia helburuaz eta pasioaren kolorerik gorrienez bizitza osorako estatutuak gugan idatzi, ezerekin konbinatzen ez duten konbinatuak edan, gauza ketuak biriketaratu, erabilgarria zarela dioen papera fakultatean ahaztu, eta larunbat goiz batean salda bat eskatu eta gutxira, Facebookek esango dizu eskolan iletik tiratzen zenion lagunak 30 urte betetzen dituela bihar… eta baliteke egia izatea, eta baliteke, zuk ere, 30 urte betetzea aurten. Edo zenbakiz ezberdin baina «denbakiz» berbera den zenbakiren bat betetzea.

Kontua da deskubritu dudala zeuk agian ezetz baina munduak badakiela zertan pentsatzen ari zaren. Haur bat nahi duzu. Ez dakizu, agian, baina pentsatu pixka bat. Zuk haur bat nahi duzu. Eta ez baduzu haur bat nahi, bi haur nahi dituzulako da. Edo, itxaron, agian haur bat ez, agian neska bat nahi duzu. Badakizu zeure haurrak ere neska izan nahiko duela, pentsa zenbat dakizun, jakin gabe. Bikoterik ez baduzu, izan zenezake zorte pixka bat, jendeak «gajoa» pentsatu bakarrik egiten du, eta joaten zarenean aipatuko dute ez duzula maitasunean zorte handirik izan, eta pena dela, beti izan zarela pixka bat berezitxoa, baina jatorra zarela. Bikotearen gisako lagunik baduzu, erne. Noiz animatuko zaren galdetuko dizute – ez dakizu zer nolako triste aurpegia duzun–, edo ez gehiegi itxaroteko, edo bizizalea zarela, baduzula garaia heltzeko –melokotoi bati bezala–. Berdin dio guraso izan nahi duzun, izan zaitezkeen fisikoki, ekonomikoki, ideologikoki, praktikoki, animikoki, edo abortatu berria zaren, haurra galdu berria, edo haurdun zauden, eta zeure gertukoenek ere ez dakiten. Adin batean, galdera zilegizko, egoki, sinpatiko eta garrantzitsua da, gurasotasunarena. Jende izendatutako pertsona horietako bakoitzaren mingainean balego bezala giza espeziearen biziraupenaren ardura gorena. Eta gainera, izatez badago, baina izateko edo ez izateko moduan.

Modua ez dugu guk soilik aukeratzen, lan merkatuan lan merketua behar baita «lanjabeziaren» datuak igotzekotan, prekaritatez haurdun utziko dugun etorkizuna ikusten jarraitu nahi baldin badugu, berrogei metro karratudun etxeko leihotik –zeinak patiorantz ixten dizkigun begiak–. Gogorra da jendeak zeuk baino lehenago jakitea zer behar duzun.