«Zientzian, kulturan, edozertan, emakumeek egindakoaren ukatze inkontzientea dago»
Siri Hustvedt idazle estatubatuarrak “La mujer que mira a los hombres que miran a las mujeres” (Seix Barral; “A woman looking at men looking at woman”/emakumeei begiratzen dieten gizonei begiratzen dien emakumea) argitaratu berri du; saiakera bilduma bat, artea, sexua eta adimena gaien inguruan eraikia. 1982. urtean estreinakoz poesia liburu bat argitaratu zuenetik ibilbide oparoa izan du letren munduan Hustvedtek. Nobelak nahiz saiakerak lantzen ditu. Artea eta mundua pertzibitzeko ditugun moduak dira haren gai kuttunak, saiakeretan aztertzeaz aparte nobeletan ere ageri direnak. Idatzi zuen azken nobela, seigarrena,“The blazing world” (“El mundo deslumbrante”, 2014/mundu itsugarria), bere burua misoginia kulturalaren biktimatzat duen margolari bati buruzkoa, Man Booker Prize sari ospetsurako hautatua izan zen. Orain gutxi Gutun Zuria Bilboko Nazioarteko Letren X. Jaialdian parte hartu zuen. Bartzelonatik eta Madriletik igaro ostean iritsi zen Euskal Herrira, azken liburuaren promozio kanpainan bete-betean murgilduta. Normalean, Hustvedten obra baino gehiago datu biografiko hauek dira ezagunak: Paul Auster idazlearekin ezkondua, Sophie Auster musikariaren ama.
Saiakera ezberdinetan, aurten argitaratutako bilduman nahiz aurrekoan (“Vivir, pensar, mirar”, Anagrama 2012/bizi, pentsatu, begiratu), pertzepzioaren gaia jorratu duzu behin eta berriz. Zerk eraman zintuen pertzepzioaren mundura?
Pertzepzioak erabakitzen du munduarekiko dugun harremanaren zati handi bat, gure zentzumen guztiek parte hartzen dute, eta beraz, galdera egin beharrean nago: nola pertzibitzen ditugu gauzak? Galdera filosofiko zaharra da, eta horixe interesatzen zait. Kantek jada esan zuen «ezin dugu mundua bere horretan ikusi» («Das Ding an sich») eta Hume ingeles filosofoari erantzuten ari zitzaion. Hume ere pertzepzioan oso interesatua zegoen, esan baitzuen inoiz ez dugula hor kanpoan dagoena «ulertuko». Modu horretan filosofia solipsismo egoera batean utzi zuen Humek, hau da, zure baitako izate horretan giltzapetuta zaude eta kitto. Beraz, pertzepzioak funtzionatzen duen moduaren inguruan proposamen ezberdinak daude. Zientzia kognitiboetan bazegoen ideia gu hor kanpoan dagoen guztiaren hartzaile pasiboak besterik ez garela; nire ustez, errealismo «inuzente» bat da hori pentsatzea, alegia, gizakiok errealitate «inuzente» baten hartzaile soilak garela, horrek berak erakusten du zientzialari kognitibo askok ez zutela filosofia asko irakurri [barreak].
Egungo zientzian ikusmolde hori al da nagusi?
Egungo zientzian hori aldatu da eta gure mundua modu sortzailean hartu edo pertzibitzen dugulako ikusmoldea dago, garunaren ikerketan oinarrituta, garunaren barruan zer gertatzen den ikertzen hasi ostean. Hala, pertzepzio eredu ezberdinak daude. Eta niri interesatzen zait bereziki pertzepzioan nola nahasten diren, esan dezagun, alde biologikoa, alde psikologikoa eta alde soziala, eta fisiologia bihurtzen diren, zerbait materiala bihurtzen den. Liburuan modu ezberdinetan diot: askotan, espero duguna ikusten dugu. Baina, fisiologikoki eta biologikoki oinarritutako uste horrek ere arazoak ditu, zeren pertzepzio joera eta lehentasunak eraikitzen ditugu, sozialak eta psikologikoak direnak hain justu. Eta horrela, pertzepzioa oso pertsonala bilaka daiteke. Esate baterako, zerbait izugarria gertatu zitzaizun geranio batzuen ondoan zinenean eta harrezkero geranioen pertzepzioa baldintzatuko duen aurrejuzgu bat duzu, eta horren arabera, geranioak ikusten dituzun bakoitzean beldur zara. Irrazionala den zerbait gertatzen zaizu, baina zure historia pertsonalean zentzua dauka. Ildo horretatik sortzen dira aurreiritzi pertzeptibo sozial zabalagoak: sexismoa, arrazismoa eta abar, espero duguna ikusten dugulako.
Eta gizona erdigunean daukan gizarteak ez ditu emakumearen lorpenak «ikusten». Nola sortzen da hau?
Bai, hau ere aspaldiko kezka da. Funtsezkoena da, emakumeak fisiologikoki haurrak hazteko gai direla. Eme baten gorputzaren barruan hazten da fetua eta gorputz horretatik jaiotzen da haur bat. Haurrak norbaiten menpeko dira lehen urte erabakigarrian, askotan amaren menpeko. Gizakiek gehienetan ezin dute biziraun beste gizabanako edota talde baten zaintzarik gabe. Tribuak eta abar... Sarah Hardy biologo ebolutiboak “Mothers and Others” (Amak eta besteak) liburuan azaltzen du gizateriaren hastapenetan bizirauteko behar zenuela ez bakarrik ama bat jaioberria zaintzeko, baizik eta talde oso bat, tribu osoa, amonak, osabak, izebak, lanen banaketa zehatz bat eta abar. Emakumeen aurkako aurreiritzia –ehunka urteetan, modu ezberdinetan eta kultura ezberdinetan garatua– oinarrituta dago fetua eramateko eta haurra beren sabeletik sortzeko daukaten gaitasunean. Sexu diferentzia honek sortu du, batez ere Mendebaldeko kulturan, emakumea lurrarekin edo materiarekin lotzeko ideia eta gizonezkoa espiritua, kultura eta adimena den ororekin lotzekoa. Egun, honek jarraitu egiten du. Aditu feministek oso gogor egin dute lan sexismo horrek nola funtzionatzen duen azaltzeko eta salatzeko. Ez naiz originala, ez lehenengoa. Baina, datu eta agiri historikoei erreparatzen badiegu, ikusten dugu emakumeen lorpenak, beren garaian ere onarpena eta arrakasta lortu zituztenenak, ezabatuak izan direla. Ez daude inon, behin eta berriz ezabatuak dira. Harrigarria da. Miresten dudan Emmy Noether matematikari alemanaren kasua horren guztiaren adibide ona da. Sekulako matematikaria izan zen, matematikan “Noether teorema” deiturikoaren sortzailea, simetriarekin zerikusia daukana. Jenio batek, Alfred Einsteinek, esan zuen Noether jenioa zela. Hala ere, XX. mendeko jenioen artean, non dago kokatua? Inon ez! Beste kasu bat: orain dela gutxi arte Ada Lovelace soilik ezaguna zen Charles Babbageren laguntzailea izan zelako. Oraintsu onartu zaio bera izan zela lehendabiziko ordenagailu-programatzailea, ordea, urteak eman ditu historiako lorpenetatik kanpo. Beraz, problema bat dago hor. Ez da soilik emakumeen ezabatze aktibo bat, zientzian, kulturan, edozertan, emakumeek egindakoaren ukatze inkontzientea baizik. Egon, emakumeak hor daude, kantitate esanguratsuetan. XX. mendeko artista bisualen kasuan, adibidez: emakume margolari mordoa dago museoetan daudenak bezain onak. Baina, obra baten balioa erabakitzen duena obraren egilearen sexua denez…
Are arteen eta sorkuntzaren eremuan ere...
Bai, emakumeek egindakoa gutxiesten da eta gizonek egindako orok automatikoki bultzada jasotzen du. Eta kontua, alde batetik begiratuta, larriagoa da arteen eremuan, artea «femeninotzat» jotzen baita, hori gu emakumeon «pribilegioa» da, erromantizismotik datorkiguna. Heroi erromantikoa gizona zen, baina femeninoa zentzu batean: sentimendu indartsuagoak eta sentiberatasun sakonagoa zuelako, erromantikoa bere alde femeninoari emana zen. Dena den, harritzen nauena da emakumeen aurkako aurreiritziaren gai sakon honen inguruan dagoen eztabaidarik ezak. Gaia oso inportantea izan arren, baztertzeko eta uzteko joera dago.
«Gizonek ez dute emakumeekin lehiatzen, beren artean baizik», diozu “No competition” (Lehiarik ez) izeneko saiakeran, Karl Ove Knausgard idazleak eman zizun erantzun batetik abiatuta.
Elkarrizketa batean galdetu nionean nolatan zegoen emakume idazle baten erreferentzia bakarra bere liburuan, [gizonezko] idazle mordoaren artean, horixe erantzun zidan: «lehiarik ez». Alegia, gizonek beren artean lehiatzen dutela. Pauso batzuk urrunduz gero gaiari erreparatzen badiozu, erokeria hutsa dirudi. Zertaz ari gara hizketan? Liburu batek ez dauka sexurik, esan nahi dut, ikuspuntu horretatik begiratuta ere, zoro kontua dirudi honek guztiak. Gainera, Mendebaldeko gure kulturan, nik beti Mendebaldeko kulturaren baitatik hitz egiten baitut, Mendebaldeko tradiziotik datorren intelektual bat naizenez, eta ez Asiako kulturan edota beste kultura batzuetan aditua, nire herentzia intelektuala greziarrekin hasten da. Argi utzi nahi dut hori. Beraz, gure kultura honetan, gizonek beren balioa beste gizonen begietan aurkitzen badute eta ez gizateria osoaren begietan, orduan, arazoak dauzkagu. Eta uste dut arazoak ez daukala zerikusirik espektro politikoarekin, ezkerreko pentsalari jator askok ere beren balioa gizonen begietan aurkitzen baitute, bost axola zaie emakumeek diotena. Arazo larria da hori eta aurrez aurre heldu behar zaio.
Eta emakumeen sormena baloratzen denean, zuk joera bat nabarmentzen duzu...
Izugarria da, joera dago emakumeek idatzitako lanak askotan autobiografikora mugatzeko. Idatzi dut gizon moduan, emakume moduan. Azkeneko nobelan 19 ahots ezberdin bilakatu naiz, pertsonaiak adina ahots idatzi dut. Hala eta guztiz ere, badaude guztia aitorpentzat jotzeko nahia eta joera, eta, hain justu, horixe da artelana gutxiesteko modu bat. Emakumeek sortzerakoan autobiografiara jotzen dugula esatea badelako modu bat iradokitzeko ez daukatela imajinaziorik, alegia, emakumeen sormena ugalketan baino ez datzala esateko beste modu bat da. Hortaz, nire ustez, misoginian badago beldurra, menpeko izatearen beldurra; jende gehienaren zaintza emakumeen eskuetan egon zenez, menpeko izatearen memoria uste dut zailagoa dela, gure kulturan, gizonezkoentzat emakumezkoentzat baino. Self made man delakoaren ideia hori: ez da inorengandik jaio, bere buruaren sortzaile eta asmatzaile da, nola onartuko du beste norbaiten barrenetik jaio dela...
New Yorkeko giro artistikoan kokatu zenuen azken nobela “The blazing world” (“El mundo deslumbrante”, 2014/mundu itsugarria), Mendebaldeko gizartearen bihotzean eta teorian berdintasunak aurrera egin duen garaiotan. Hala ere, hor bertan, artista den emakume protagonistak ezin du arrakasta lortu emakumea izateagatik.
Ameriketako Estatu Batuetan behintzat ez dago berdintasuna bermatzen duen legerik, diskriminazioaren aurkako legeak egon badaude eta Konstituzioan eskubide berdintasunen aldeko zuzenketa bat egin behar zuten, baina ez zuen aurrera egin. Gainera, soldata diskriminazioak bere horretan dirau. Pentsatzen dut hemen gauza bera gertatuko dela soldatekin. Beraz, emakumeek are gutxiago balio dute, haien lanak gutxiago balio du. Beraz, ez dago berdintasunik. Aitatasun eta amatasun bajetan ere ezberdintasuna dago. Eskandinavian, adibidez, haurra jaio ostean aitak ere baja hartu beharra dauka 60 egunez gutxienez... Errealitatea horixe dugunez, artearen munduan murgiltzen den emakumeak identitatea eraikitzeko duen zailtasunak ere horretan dirau. Aldi berean, nire nobela gogoa/gorputza arazoa agertzeko beste modu bat da. Nahita eratu nuen fisikoki oso handia den emakume protagonista, ia beldurgarria, baina bere deskribapen fisikoa ere aldatu egiten da deskribatzailearen arabera.
Zure nobelak iradoki lezakeen kezka bat: genero diskriminazioa klase diskriminazioa baino irizpide indartsuagoa da?
Galdera oso ona da. Feminismoa luze aritu da borrokan balio horien aurka. AEBetan, oso argi dago, “No competition” saiakeran diodan moduan, etxean aspertzen egoteko luxua zuten bakarrak emakume zuriak eta klase batekoak zirela, alegia, emakume beltzak eta besteak etxetik kanpo ari ziren lanean, iraultza industriala zela eta. Adibidez, XIX. mendean, emakumeen heriotza proportzioa gizonena baina handiagoa zen, lan industrialetan jarduten zutelako. Emakume pobreentzako lanak ziren, hain arriskutsuak non emakume asko eta asko gazte hiltzen baitzen. Hortaz, jakina, klaseak garrantzia dauka. Nola ez du, bada, edukiko. AEBetako azken hauteskundeetan ikusi ahal izan dugu klaseak duen eragina. Eta ez Donald Trumpen alde bozkatu zutelako aberats askok, zeren urtean 100.000 dolar baino gehiago irabazten dutenek bai Trumpen alde, bai Clintonen alde ere bozkatu zuten. Hori gogoan izan behar da. Hala ere, boto-emaileen hezkuntza mailan alde esanguratsu bat egon da. Noski, beltzek orokorrean ez zuten Trumpen alde egin. Unibertsitate ikasketarik gabeko gizon zurien %68k Donald Trumpen alde bozkatu zuen. Hortxe ikus dezakegu hezkuntzak klase maila markatzen duen beste modu bat. Eta unibertsitate ikasketarik gabeko emakume zurien %68ak Trumpen alde egin zuen. Beraz, hor alde bat dago. Boto-emaile hauetariko askoren ekonomia maila ertaina baitzen, ez ziren pobreak, klase sozial aldetik baxuago sentitzen zen jendea baizik.
Emakume artista askoren onarpen eta arrakasta gogoa batzuetan autosabotaje bihurtzen da, eta hori ere zure nobelan agertzen den zerbait da.
Nobelako pertsonaiak akats tragiko bat dauka, heroi grekoek zuten moduan. Akats edo gabezia tragiko horietako bat anbizioa da. Nobelagintzan, normalean emakumeak ez dira agertzen akats tragiko batekin. Zenbat nobelatan aurki dezakegu akats tragiko bat duen emakume protagonista? Zenbat aipatu ahal duzu? Lady Macbeth dago, pertsonaia anbiziotsua da, ados; senarrarekin eta senarraren atzean dago, baina Lady Macbethen arrakastarako bidea senarra da. Nire nobelako protagonista horrelako zerbait egiten saiatzen da, gizon maskara bat jarriz arrakasta lortzeko. Hori egiteko daukan arrazoia? Kultura honetan oraindik ere izen maskulino bat izateak laguntzen du. Anbizioa gizonengan ez dago zigortua, eta emakumeengan, aldiz, bai, gaizki ikusia eta zigortua dago. Hala, autosabotajea konplikatua da, ez direlako juzgatzen neurri berean emakumearen anbizioa eta gizonarena. Azken batean, protagonistak, Harrietek, erabili eta esplotatu egingo ditu lau gizon artista horiek, etikoki gauza izugarria dena, baina protagonistari ez zaio axola. Bere talentuaz erabat konbentzituta dago, ez du bere buruaren talentua auzitan ipintzen, hain justu, bere talentuan sinisten duelako baitago amorru bizian, emakume izateagatik ez baitu lortzen beharko lukeen onarpena. Gero, errealitatean, beste arrazoi batzuengatik mugitzen diren emakumeak daude. Begira, emakumeei transmititu zaie beren burua aurkezten badute indartsu, seguru eta are harro, zigortuak, ez onartuak izango direla. Hortaz, ez da harritzekoa emakumeek trikimailu eta bihurguneak asmatzea; boteretsu eta indartsuak ez balira bezala azaltzeko moduak asmatzea, orokorrean horixe baita txalotzen eta saritzen dena. Emakumeak ez daude burutik, ulertzen dute nola funtzionatzen duen guztiak. Behin eta berriz ikusten dut hitzaldi akademikoetan, maiz joaten naiz horrelakoetara, eta ikusten ditut hizlari arituko diren emakume gazteak, ia hitz egiten hasi orduko beren burua desenkusatzen. Autosabotaje beste modu bat da, etsigarria benetan.
Nola kendu gainetik sumisio herentzia hau?
Egoeraz ohartu behar dugu, kontziente izan. Freuden aspaldiko ikasbidea aplikatu, nik uste: eredu neurotiko inkontzienteez jabetzen bazara, alda ditzakezu, baina ez bazara kontziente, bere horretan jarraituko dute behin eta berriz, errepikatzen, erreproduzitzen, eta gure seme-alabei transmitituko dizkiegu, eta haziko dira pertzepzio-egitura oso inkontziente horiexek errepikatzen: «Mutilak gidari, neskak atzetik».
«Aurpegi zaharrak ez darama desira erotikoaren mehatxua» diozu Louise Bourgeois eskultoreari eskaini diozun saiakeran. Emakume sortzaile askok eta askok onarpena edota arrakasta profesionala zahartzarora heltzean lortzen dute. Louise Bourgeoisi gertatu zitzaion, Paula Regori, besteak beste.
Bai, askotan, arrakasta lortzeko emakumearentzat hobe da zaharra izatea. Gaztea, ederra eta erotikoki bizirik dagoen emakumea jenio edo talentu literarioa, artistikoa edota kulturala izateak kode kulturalaren bortxa dakar. “Why one story and not another”(zergatik istorio bat eta ez bestea) saiakeran kontatzen dut: kalean ikusten dituzu blusa motzak eta estuak daramatzaten emakumeak genetika molekularreko zientzialariak direnak. Tira, zergatik ez? Baina, kulturak orokorrean talka egiten du ideia horrekin, eta ez da bakarrik gizonen kontua, emakumeei ere gertatzen zaie. Eta hala, boterea duten emakumeek ezin dute sexyak izan; aldiz, boterea duten gizonek, bai.
Botereak gizonei sexu erakarmena ematen omen die...
Hain zuzen ere, halaxe da, botereak sexu erakarmena ematen die gizonei, bai. Kode ezberdinak daude, beraz.
Paziente psikiatrikoekin lan egin duzu idazketa eskolak ematen. Louise Bourgeoisek zioen moduan «artea osasun mentalaren bermea da» ?
Boluntario moduan aritu nintzen lau urtez paziente psikiatrikoei idazketa eskolak ematen eta orain hesiaren beste aldean arituko naiz, laster Cornell Medical Collegeko psikiatrei ikastaro bat emango baitiet. Bourgeoisek gauza asko esan zuen, oso inteligentea eta zuhurra zen. Eta, bai, hala uste dut, arteak badauka terapia alde bat, terapia efektu bat. Horixe erabaki dut! [Barreak]. Benetan. Pazienteekin lanean hasi nintzenean, zer egingo nuen pentsatuz joaten nintzen, distrakzio bat besterik ez ote nintzen beraientzat. Lau urteren bueltan ordea, argi neukan idazteak bazuela efektu terapeutiko bat, idazketak pazienteei lagundu egiten ziela, alegia. Ez dut esan nahi jendea idazketaren bidez sendatzen denik, ez nago farmakologiaren aurka, hori argi utzi nahi dut. Hala eta guztiz ere, idazketa prozesua tratamendu psikiatriko baten zati bat izan daiteke. Horretaz konbentzituta nago, ez bakarrik pazienteengan ikusi dudalako, baita ere gaiaz asko irakurri dudalako. Inork ez daki zehazki zergatik funtzionatzen duen. Baina egunero hogei minutu idaztea funtzio immunologikorako eta gibelerako lagungarri da; emaitza enpiriko inportanteak dira. Nola kokatu emaitza horiek, ez dago kontsentsurik, baina hortxe daude.
«Liburu handi oro premiazko egoera batetik dago idatzia eta indar emozionala eduki behar du», diozu Susan Sontagi buruz eraiki duzun saiakeran. Zer diferentzia dago liburu handi baten eta gainerakoen artean?
Susan Sontag ezagutu nuen, ez ginen lagun minak, baina askotan egon ginen elkarrekin. Susan oso obsesionatua zegoen gai honekin, zein liburu den ona eta zein txarra, beti artea klasifikatzen zebilen eta bere hierarkia zeukan: zein ziren maisulanak, zein ez, eta zein izan ziren kanonetik ezabatuak. Nire saiakeran, nik ez dudala uste arteak horrela funtzionatzen duenik nabarmendu dut. Pentsatzen baitut artelan handi eta maisulan mordoa dagoela eta oso-oso ezberdinak direla beren artean. Era berean, pentsatzen dut artea intersubjektibotasunaz ari zaigula eta gertatzen dena gertatzen da (kasu honetan) irakurlearen eta testuaren artean (edo begiaren eta obraren artean), kolaborazio-esperientzia bat da, eta hortaz, guztientzako den libururik ez da. Hala, liburu batzuek arrakasta popular handia daukate eta gero paisaiatik desagertu egiten dira, beste liburu batzuek benetako izen ona dute eta baita ere desagertu egiten dira premia kultural bati erantzuten ziotelako. Susan Sontagen arabera, ordea, liburu bat juzga dezakezu. Eta nor zen epailea? Susan bera! Oso gustura egoten nintzen Susanekin eta ondo konpontzen ginen, e, ez da hori kontua. Nire ustez, gaia filosofikoki konplikatuagoa da: irakurlearen eta liburuaren arteko erlazioa ez da «ni» eta «gauza» baten arteko erlazioa, ni eta «zu» mota baten arteko enkontrua baino, aldatuko ez den eta erantzungo ez duen «zu» bat. Gizakiaren kontzientziaren eta inkontzientearen arrastoak orrialdean.
Zure herriko presidenteari liburu bat irakurtzeko eskatu ahal bazenio, zer liburu litzateke?
Jainkoarren, ez dut uste ahalko lukeenik! Ez da gai! [Barreak] Baina, fikziozko liburu bat izatekotan, eskatuko nioke dudarik gabe “Mantxako On Kixote” irakurtzeko. Nobelaren historia guztia idatzi zuen Cervantesek jada garai hartan! Nobelaren aukera guztiak daude bere liburuan eta horrek Donald Trumpi lagundu ahal lioke ulertzen perspektiba asko badela, arazo baten inguruan pentsatzeko modu ugari dagoela, eta agian bere eromenari aurre egin ahal izango lioke.