Christof Stache
irudietan

Alice-ren kale miresgarriak

Lewis Carrol britainiarrak XIX. mendean irudikatutako Alice-ren Lurralde Miresgarriak XXI.enean «street art» edo kale-artea lantzen duten sortzaileengan eragin zuzena izan duela dirudi “Magic City. The art of the street” erakusketa erraldoia ikusita. Munichen irailera arte dago ikusgai. Hiriaren eta kaleko artisten lanaren arteko lotura ardatz hartuta, nazioarteko 60 bat artista bildu dituzte Parke Olinpikoan, Bansky miretsi eta misteriotsua barne. Beste dimentsio batekoa dirudien «hiri» asmatu honetan 3D-n sortutako ilusioez, horma-irudi ikusgarriez eta multimedia ikus-entzunezkoez marraztu dituzte kaleak eta etorbideak. «Hiri unibertsala» sortu nahi izan omen du hau guztia «amestu» eta gauzatu duen Carlos McCormick-ek, erakusketaren komisarioa. Haren aburuz, «hemen hiria ez da gai bat, denon artean sortuko dugun mihise bat baizik, non kaleko artearen alderdi ugariak aurkituko ditugun: politikoa, kritikoa, garratza... Hiri ideala eraiki nahiko genuke». Hiri perfektu hau nahiko zoroa dela gehituko genuke. Guri bederen, Alice txikiari gertatu bezala, «Edan nazazu» idatzita zuen botila aurkitu eta bertatik edan ondoren amesgaiztoan barneratu gaitu, hogeita bost zentimetro neurtzen dugun sentsazioa emanez. Irailetik aurrera Europako hainbat hiriburutan ikusi ahal izango da erakusketa. Hurrengo geldialdia, Stockholm.