7K - zazpika astekaria
copes eta nieves dantzari mitikoak

tangoa auzotik mundura eraman zuen bikotea

Tangoa barru-barruan izan dute beti, haurrak baino ez zirenetik, baina ez dute beraientzat bakarrik gorde, mundu osora barreiatu dute nahi zuenak beraiek bezala maita zezan. Juan Carlos Copes eta Maria Nieves Rego musika estilo horretako dantzari ezagunenak dira, eta beraien bizitzak ere tango abesti bat egiteko ematen du, dantza egiten duten pasio berdinarekin bizi izan direlako. Orain, ia mende erdiko ibilbidea egin dutenean, haurtzaroa lainoak lausotzen duen oroimena baino ez denean, filma egin dute euren omenez. Merezitako aitortza.


Euskal Herrian inork gutxik jakingo du nortzuk diren Juan Carlos Copes eta Maria Nieves Rego, baina bikote honek milaka eta milaka lagunen zirrara eragin du azken mende erdian, eta antzoki eta dantzarako agertoki ezagunenetan aritu da. Broadway-n “tangomania” piztu zuten duela zenbait urte, eta izarren moduan hartu dituzte munduko txoko askotan. Esan beharrik ez dago Argentinan fama handikoak direla, herrialde horretan futbol jokalari onenak bakarrik izan daitezkeen bezala, eta pasioz gurtzen dituzte tangoa atsegin duten guzti-guztiek.

Orain, hurrenez hurren 84 eta 81 urte dituztela, beraien bizitzan oinarritutako filma egin dute, “Un tango más” izenekoa. Win Wenders zinemagile alemaniar ezaguna da ekoizlea eta German Kral zuzendaria, eta ezin daiteke esan hautatu duten gaiak ez duela film luze bat merezi. Izan ere, Juan Carlos eta Mariaren ibilbide pertsonal eta artistikoak zuzenean Hector Gagliardiren letra batetik hartua dela ematen du.

Galiziar etorkinen familia. «Inoiz ez da gurea bezalako tango bikoterik izango, XX. eta XXI. mendeetako bikote nagusia izan garela uste dut». Zalantza izpirik gabe mintzatzen da Maria Nieves Rego filmaren hasieran. Dantzaria Buenos Airesen jaio zen 1934. urtean, Galiziatik heldutako etorkinen familia batean. Haurtzaro zaila izan zuen, orduko ume askok eta askok bezala. Diru gutxi sartzen zen etxean, gutxiago bere aita hil zenean. 11 urte zituen eta lanean hasi behar izan zuen, etxeak garbitzen. Baina tangoa txikitatik maite zuen, eta dantzatzeak, erratz bati helduta bazen ere, pena guztiak uxatzen zizkion. “Milongetara” gazte zela hasi zen joaten, bera ahizparekin, eta horietako batean, 14 urte zituela, ezagutu zuen Juan Carlos.

Copes bera baino nagusiagoa zen. 17 urte zituen. Bera Argentinako hiriburuko langile familia batekoa zen, ikasle ona, eta tangoaren mundua ia kasualitatez ezagutu zuen. Lagun batzuekin dantzaldi batera joan eta txundituta geratu zen. Gau horretan bertan erabaki zuen tangoa dantzatzen ikasi nahi zuela. Eta horretan zebilen elkar ezagutu zutenean. Orduan ez zuten elkarrekin dantza egin. Egia esan, urtebete behar izan zuten lehen aldiz elkarrekin dantzatzeko, baina behin hasita ez zioten sekula dantzatzeari utzi.

Juan Carlos eta Maria maitemindu egin ziren, bikote bihurtu, ezkondu, borrokatu, adiskidetu, berriro borrokatu, banandu, elkarrekin hitz egiteari utzi... denetarik ezagutu dute bikote gisa, baina urte horietan guztietan ez zioten munduan zehar dantzatzeari utzi.

Hasierak, dena den, ez ziren hain distiratsuak izan. Buenos Aireseko auzoetako dantzaldietan hasi ziren, eta horrela egin ziren hirian ezagun. Elvis Presley-ren eskutik heldu zen rockaren fenomenoari eutsi zioten, eta apurka-apurka hasi ziren beste lekuetara joaten. Ameriketako Estatu Batuetara adibidez. «Tangoari AEBetan jazzak duen maila eman nahi genion, zerbait handia egin nahi genuen», azaltzen du Copesek filmean, eta bere dantza-bikoteak zera gaineratzen du: «Zaila da heltzea eta zailagoa eustea, baina guk lortu genuen hor goian mantentzea». Eta lortu zuten nahiz eta euren arteko harremana oso zaila bihurtu zen. Gorrotoa eta herra ez dituzte arrotzak. Banandu zirenean Copes beste emakume batekin hasi zen eta alaba bat izan zuen harekin. «Arlo pertsonal eta artistikoa banandu daitezke», dio Nievesek, nahiz eta onartu Copesen jarrerak mina eman ziola. Berriro jaioko balitz, dena berdin egingo lukeela uste du dantzariak, dena dantzakidearekin bikote harremana hastea izan ezik.

Musika eta koreografia ederrak. Filmean biak azaltzen dira berba egiten, baina bakoitza bere aldetik. Beraien testigantzaz gain, Luis Borda konpositore eta gitarristak aukeratutako soinu banda eta dantzari gazteek osatutako koreografia zinez ederrek osatzen dute dokumentala. «Ez iezaiozue tangoa dantzatzeari utzi», eskatzen die Nievesek dantzari gazteei filmean. Bera orain agertokietatik erretiratuta dago, baina tangoa ez da inoiz berarengandik erretiratuko.