Alaia Martin
IRITZIA

Katuak eguzkitan

Katuak bagina bezala munduratzen gara bizitzara gehienok. Zazpi bizitza bageneuzka bezala arramazkatzen dugu denboraren ordulariz bizitza. Zazpi bizitza bageneuzka bezala zaintzen ditugu gehien maite ditugun pertsonak, zazpi bizitza bageneuzka bezala zaintzen ditugu maite ez gaituzten pertsonak, maita gaitzaten. Zazpi bizitza bageneuzka bezala hartzen dugu eguzkia gure azala kapaz kapa, lasagna bat bailitzan zeruko labean sartuz, 12:00etik 15:00etara ahal bada. Zazpi bizitza bageneuzka bezala begiratzen diogu mugikorrari zazpi aldiz minutuko, bizitza alda diezaguken mezu, albiste edo deia iristear balego bezala, eternalki iristear. Erretinak erre eta erre, eta beti iristear. Ortzimuga bezala.

Zazpi bizitza bagenitu bezala eztabaidatzen ikasi dugu, argudioei baino, argudioen jabeei erreparatuz, baietz bezain ezetz esanez, geure egoaren iparrorratzaren eguneko norabidearen arabera arrazoituz. Zazpi bizitza bagenitu bezala ematen ditugu hainbat musu. Kotxea ixteko egiten den keinua baino automatikoago. Autoa itxi dugun edo ezpainak zabaldu ditugun oso argi gogoratu gabe.

Zazpi bizitza bagenitu bezala hitz egiten dugu gure bizitzaren etorkizunaz. Noizbait berriz ikasten hasteko asmoz, noizbait beti amestutako proiektua abiatzeko itxaropenez, noizbait herri mailan bultzatu beharreko ekimena bultzatzeko denbora hartzeko promesaz, noizbait familiako bazkarian merezi ez duelako eztabaidatzen ez diren gaiak eztabaidatzeko urgentzia eternalaz, noizbait koherenteagoa den harreman bat egituratzeko ideiaz, noizbait aurora borealak norberaren zerura etorriko diren susmo irrazionalaz... Noizbait noizbait esaldien hasieran kokatzeari uzteko aukera gorpuztuaraziz.

Iraultza norberarengan hasten dela esaten baitugu, baina ez duguna da esaten noiz hasten den. Asko falta den iristeko. Zein den sakatu beharreko botoia. Zein den sakatu beharreko pilota, geure teilatuan ote dagoen, edo bizilagunarenean. Eta bizietsaiarenean baldin badago, zergatik gauden pilota noiz pasatuko zain. Noiz pasatuko zain egonda, balitekeelako, pasatzea, besterik gabe.

Abuztuaren azken hondar aleak dauzkagu txankletetan, eta abuztutan, dendaz betetako kaleen dendarik gabeko kale paraleloetan, askotan egoten dira katuak etzanda, eguzkitan. Bizitza bat siestan xahutzen. Eta abuztutan begiak zabalago izaten ditugu gehienok, argi gehiago sartzen zaigu begietan. Agian irailean pentsatzen hasi behar genuke noizbait. Noizbait iraila bihurtzen. Eta irailetako borondatea urte osora txikletzen.

Beste ahaztu egiten zaigu hil egingo garela, noizbait.