JOKIN URAIN
IRITZIA

Krabelinak

Irailaren bederatziko irudiak hamarreko egunkarian; historiak, geroaren zeharbegirada horrek, har litzake lekukotzat, gaurko gertaera miresteko edo gupidagabeki narrutzeko. Ez dira irudi ezezagunak gure artean, askotan ikusiak gara guardia zibilak espaloiak hartzen, ateak zaintzen, bazter guztiak eta inguruko denak guardiazibilizatu nahian. Ez dakitela ematen du besterik ezer egiten.

Espaloian krabelinak ageri ziren guardia zibilen oinetan, eta haien begiradak urrun, zurrun, ezer ez balitz bezala. Ez ziren krabelin bila joan. Boto-paperen bila joan ziren, edo komunikabide baten egoitzara ez dakit zertara, gotor armatuta, badakite nola joan, errutina bat da. Atarian emakumeak hurbildu zaizkie, eta gizonezkoak, herritarrak krabelinekin, krabelinak eskaintzera guardia zibilei, har ditzaten, armen kanoietan jar ditzaten beharbada, beste leku batzuetako irudiekin beste epika bat inbokatuz, badirelako geuk ere bizi nahi genituzkeen beste leku edo garai batzuetako irudiak...

Beste batzuek egin bazuten, beste garai batzuetan bizi izan bazuten, zergatik ez orain guk?

Munduaren ederrena, denboren ederrena bizi nahi genuke denok. Krabelinak eskaini zizkieten guardia zibilei... Besterik ezean abegi keinu bat! Txarolezko arimak! Ez zizkieten hartu, jaramonik ere ez, begirada gotorra baizik ez, eta krabelinak espaloian geratu dira, indar armatuen oinpetan. Historiak ez ditu ikusiko espainiar guardia zibilak armen kanoietan katalanek eskainitako krabelinak isiotzen.

1974rik ez dakit berriro etorriko den, Grândola, Vila Morena, Kataluniatik urruti baitago Portugal, eta tartean Espainia, eta basamortu guardiazibilizatu horretan eskuin eta ezker alderdiek bat egiten dute sekula santan ezer ez aldatzeko, eta euren buruen jabe izan nahi duten herrien aurka bat egiten dute guardia zibilekin. Basamortu guardiazibilizatu horretako uniforme armatuek ez dute lorerik ipintzen kanoi muturretan, historiak ez die halako irudi epikorik pasatuko ondorengoei.

Txarolezko arimarekin datoz errepidean, Karlos, eta itxura batera ematen du denborak ere ezin dituela gauza batzuk aldatu, baina etsigarria litzateke, eta giza arimaren bizi nahiari txakurra botatzea litzateke, behin gertatu bada berriz ere gertatu daitekeela ez amestea.