Alaia Martin
IRITZIA

Pozaren tipografia

Umeek jakiten dute zer gustatzen zaien. Zerk eginarazten dien pozez salto. Emaiozu jostailu-dendako azken katalogoko jostailurik koloretsuena eta agian biltzen duen paperaren soinuarekin liluratuko da. Esaiozu “piszina” eta jantziko ditu txankletak etxetik irteteko, esaiozu “erosketetara” eta arropa erantziko du, keinu desafiatzailez.

Umetan denok jakiten dugu zer izan edo zenbat gauza izan handitan. Astronauta eta asteburuetan ile-apaintzaile esan didanik ezagutu dut. Bulkadak dira nahiak, esnagarri dira ametsak, eta kimika da erakarpena. Jakin egiten da zer nahi dugun, sumatu, sentitu. Jakin.

Zure umetako lagun taldeari erreparaiozu, eta ikus itzazu izan ziren umeak. Lodiago zeuzkaten masailak, algaragoa irribarrea eta haserreagoa mina, baina eurak dira, ume haiek. Ziurrenik ume haiek pasioak zeuzkaten. Junek baloiaren atzetik pasatuko zituen jolas garaiak, Anek lagunen arteko istiluak konpontzeko patxada izango zuen, Josuk zuhaitzetara igotzeko behar zuen denbora kronometratuko zuen eta Landerrek kontzertuak eskainiko zituen, agian, patio ertzean. Izango zituzten gustuko arloak eta kolore faboritoak.

Nortasuna zirriborratzeko garaia da haurtzaroa; joera izaten da muturrera eramatea berezitasunak eta bereizitasunak. Gerora, nortasunaren zirriborroa garbira pasatzen dugu eta koadroan sartu. Preso. Baina zirriborroak garbira pasatzean ñabardura asko galtzen ditu. Ñabarduren tipografia nahiko ARIAL 12 bihurtzen zaigu eta ñabardurak ez dira bereziki ñabardura. Bizitza zentzudun eta orekatu baten izenean janzten hasten gara, nahi baino, komeni zaiguna, kolore laranjako prendak erosteari uzten diogu urdin ilunak edozerekin konbinatzen duelako, besteen arazoei emozioak baino emotikonoak jartzen dizkiegu, gure arazoak ez direlakoan, eta ohartzerako, zu, futbolzale amorratua zu, crossfitera bidean zoaz astelehen iluntze gris fuksia batean. Eta asteazkenean, berriz joango zara. Ez dakizu zein bizitza mota nahi duzun, baina sinatuta duzu datorren 30 urteetarako bizilekua. Ez dakizu zure pasioa zein den, baina badaezpada dagozkizunak baino ordu gehiago ematen dituzu lanean, maite duzun ez dakizun lan bat ez galtzearren, eta maite ote duzun ez pentsatzearren.

Eta egun batean esaten dizute crossfit taldean ez dagoela aski jende, edo eteten du harremana maite zenuenak, edo galtzen duzu lanpostua, eta zinen umearekin egiten duzu topo etxerakoan. Zinen ume haren arrazoitzeko gaitasun maila berarekin, baina hark baino amets-distira txikiagoarekin. Eta pentsatzen duzu agian jostailu bila ibili zarela, baina papera zela nahi zenuena.