amagoia mujika
IRITZIA

Egin irribarre

Egin irribarre, irabaztera goaz-eta! Askotan esana ziguten irribarrea, umorea, arma suntsiezinak zirela. Erdi sinisten genuen erdi irribarrez, baina erabat sinistu gabe umorearekin gauza serioak egin daitezkeela. Katalanak etorri dira eta erakutsi digute nola egiten den. Dena esaten hasita, Madril aldetik laguntza pixka bat ere izan dute; Piolinek eta konpainiak grazia handia jarri baitiote saltsari.

Irribarreak baditu bistako onurak: Norbait barrez ikustea ederra da. Baina, hori gutxi ez, eta irri egiten dugunean garunean leherketa gertatzen da; endorfinak askatzen dira gorputz osoan barna, lasaitu egiten gara, desinhibitu, ingurukoekin errazago harremantzen gara eta beldurrak gainditzen ditugu. Barre egiteak ongizate sentsazio atsegina sortzen du. Zoritxarraren aurrean, umoreak patxada dakar. Biziraupen mekanismo bat da, gauzak asko okertu arren aurrera segitzeko indarra ematen diguna. Hori guztia gutxi ez, eta umoreak irudimena, intuizioa eta sortzeko gaitasuna bizkortzen ditu. Eta, gainera, kutsakorra da.

Plazer hutsa izaten ari da Kataluniara begira egotea. Madril aldetik estuasun eta miseria latzenak agindu arren, katalanek ja hartu dute erabaki garrantzitsuena: Irribarre egin eta irabaztea. Askotan irria borratzen duena beldurra izaten da. Beldurrak itzaltzen du umorea. Baina umorerako gaitasuna beldurra baino indartsuagoa denean, kuidau.

Gaur, urriaren 1a, ez dakit zer pasatuko den. Garrantzitsua da eguna, baina berdin garrantzitsuak izan dira gaur artekoak. Pasatu behar zuen gauza garrantzitsuena pasatu dela iruditzen zait: Kataluniako herriak ez errenditzea erabaki du. Iraultza baketsua, irribarretsua, irudimentsua piztu da eta metxa oso indartsua du, herri oso batek piztua izan delako.

Baina, zergatik egiten dute irri? Zerk sortzen die halako poza? Zerk ematen die umorerako grina egoera hain muturrekoa denean?

Iruditzen zait haien begietan dagoela erantzuna: Dagoeneko ikusi dute Kataluniako Errepublika independentea eta txoratzen ari dira ikusi dutenarekin. Han nonbait, dagoeneko ikusi dute eta orain ezin dute burutik kendu. Horregatik daude irribarrez.

Joseba Sarrionandiak beti asmatzen du egoerak eta sentsazioak hitz perfektuetan sartzen. Ttak. Neurrira egindako hitzak hitzetan kabitzen ez diren emozioentzat. Goserekin batera egindako “Gosariak” proiektuan bada abesti zoragarri bat, “Txalupa”. Abestiak dioenez, «Ikusten da porturik? Ez dugu ikusten, baina, imajinatzen dugu ta haruntz goaz arraunean». Ba, horixe, guk ez dugu porturik ikusten, baina haruntz goaz arraunean. Katalanek, aldiz, burua tentetu dute txalupan eta iruditzen zait ikusi dutela lurmuturren bat. Arraun eta irri, biak egiten dituzte batera.