Belaunaldia, zubia
Zubia alde batetik bestera igarotzeko eraikuntza artifiziala da, ibai edo trenbidearen gainetik pasatu ahal izateko bide ez-naturala. Historiako lehenengo zubia zuhaitz bat izan omen zen, erreka baten gainean jarritako enborra. Euskal dantzetan ere zubia egiten da makilekin, ezpatekin, sokarekin edota besoekin. Eta igande hau ere zubi luze baten azken eguna da askorentzat. Zubi ere esaten baitzaio jaiegun eta lanegunen arteko data horiei. Bai, oraindik ere, zenbat lagunek jarraitzen duten hispanitatearen eguna libre hartzen... Paradoxa latza, lotzen gaituen sinboloaren egun kondenatua libre hartzea.
Belaunaldiak ere zubiak dira, familietan zein herrietan. Eta zubi batean, hain justu, duela bi aste, belaunaldi bereko lagunekin topo egin genuen Katalunian. Urte asko eta gero garai berean jaio eta garai berbera bizi izandako kideok topo egin genuen, emoziok bor-bor genituela. Zubia hura ez zen, ordea, eraikuntza artifiziala edota ez-naturala. Belaunaldikideok zubia bera ginela sentitu genuen. Orain eta hemen, orduan eta hantxe, aspaldiko partez elkartu gabe, gure arteko besarkadak sekula baino estuagoak. Besarkadak ere zubi dira. Konplizitateak gero eta konspiratzaileagoak, zubiak espiralean. Tamalez, sentitzen dugun nekea gero eta handiagoa izan, bada; baina neke hori konpartituz gero, energia iraultzaile bihurtu daitekeela ondorioztatu genuen. Liburu berdinak irakurri genituen, jipoi beretsuak jaso, kanta berdinak abestu eta parranda berberetan hartu genuen parte. Abiapuntu beretsu batetik abiatu ginen eta beste alde baterantz goaz orain etorkizun deitzen zaion zubian. Han, zubiaren beste aldean dagoen hori ez dugu hain argi ikusten batzuetan, baina belaunaldikideak bagoaz apurka ibiltzen, belauniko jartzeko inongo asmorik gabe.
Belaunaldia konpartitzen dutenek iruditeria kolektiboa ere partekatzen dute, desio zena akzio bihurtzeko. Zubi batek alde bi lotzen dituen bezalaxe, belaunaldi bakar batek beste hamaika lotzen ditu. Baina zubiaren alde bakarretik tira egin beharko da, ordea, aurrera egin nahi izanez gero. Belaunaldi batekoek tenk, eta beste belaunaldikoek tinka. Denboraren zubi luze honetatik funanbulistak soka gainetik bezala, askatasuna deritzon errekaren beste aldera goaz.
Begira dezagun beldurrik gabe hara behera, egin ur ilunetara so, lasai. Bertigorik ez izan. Han behean, hor atzean, gure sustraiak daude. Sustraiak aspaldi galdu ziren lurraren artean eta urarekin nahastu ziren. Guk baino ez dakigu zuhaitz erraldoi horren zein adar garen. Iluntzen doazen egunotan beldur gara, udazkenean hostoak galtzen goazela sumatzen dugulako. Baina udaberria etorriko da berriz eta, orduan, loratzeko aukera izango dugu. Egingo dugu zubiaren beste aldera salto, ur ilunen gainetik gurutzatzeko ausardia badugu behintzat. Goazen ahalik eta azkarren, inork gu garen zuhaitz hau moztu aurretik. Zubia pasa beharrean, ez gaitzatela ur zikin eta tren zaratatsuen gaineko zubi bihurtu.