Amagoia Mujika

Larrabetzuko korta

Asteazkenetan, 20:15ean, Larrabetzuko herrikoan. Hala dute jarria hitzordua txapelketa garaian. Joaterako etxekoak eginak uzten saiatzen omen dira; haurren afariak, bainuak... Herrikotik bertan dago entrenamendu tokia: Etxahun Lekueren jaiotetxeko korta. Garai batean korta zen eta hala esaten diote orain ere etxebizitzaren azpiko sotoari. Toki berezia da. Etxahunen aita artista da buruhandiak egiten. Zintzilik daude bere azken lanak, lagunarteko bertso entrenamenduaren lekuko. Sagarrak, patatak, aspaldiko kartelak, ikurrinak, bizikletak, kaskoak, erremintak, haur aulkitxoak... toki bizi-bizia da, edonora begiratuta topatzen du begiak non pausatu.

Txapelketa entzun eta burura zein errima etortzen zaizkien galdetuta, Beñat Ugartetxeak umoretik zorrotz erantzuten du, «aparteta». Baigorriko final-laurdenean kantatu zuen eta amaitu du txapelketako ibilera. «Han batzuek esan zuten saioa baino hilabete lehenago hasi zirela urduri jartzen. Ni saioa baino hilabete lehenago hasi nintzen entrenatzen».

Badira hamabi urte Larrabetzuko korta berezi horretan elkartzen direla txapelketa sasoian bertsotan egiteko. Fredi Payak eta Arkaitz Estiballesek ere ondo ezaguna dute. Gaur ez dira etorri. Etxahun Lekue, Ibon Ajuriagojeaskoa, Beñat Ugartetxea eta Peru Berazategi elkartu dira mahaiaren bueltan. Mahai erdia etxeko sagarrez beteta dago. «Hartu lasai sagar bat gosea baduzu», gonbita Garbiñek, Etxahunen amak. Berazategik egiten ditu sparring lanak, kanturako gaiak jartzen.

«Txapelketan egiten dugun prestakuntzaren %90 hemen egiten duguna dela esango nuke. Hemen batzen garenak ez gara Euskal Herriko bertsolari finenak prestaketari begira, ez gara bereziki asko lantzen dugunak. Tamainan lantzen dugu, nahiz eta gustatuko litzaigukeen gehiago egitea. Hemendik kanpo gutxi gehiago egiten dugu. Hemen abestu eta besteen komentarioetatik hobetzen saiatzen gara», esan du Etxahunek. Hurrengo egunean goizen esnatzen dena Ugartetxea den arren, hark izaten omen du etxeratzeko presa gutxien. «Askotan iluntzean hemen norbaitek egindako komentarioarekin esnatzen naiz hurrengo egunean». Eta huraxe eramaten du buruan kotxean lanera bidean doala, goizeko bostetan.

Txapelketa garaian bertsolari batzuek eliteko kirolarien antza hartzen dute prestakuntzan eta diziplinan. Ez da Larrabetzun biltzen direnen kasua. Ugartetxearen hitzak: «Nik ulertzen dut askok ogia hor jokatzen dutela. Guk ez. Guk ez dugu hainbesteko presioa. Gainera, niretzat Txapelketa Nagusian parte hartze hutsa saria da». «Akaso, ez da hori bakarrik. Gu ere gazteagoak ginenean estuago ibiltzen ginen. Orain lasaiago hartzen dugu», gaineratu du Etxahunek. Hamasei urte zituen arte Lekuek botaka egiten zuen saio guztien aurretik. Behin lurrera ziplo ere erori zen. «Une batean neure buruari esan nion berriz botaka eginez gero, bertsolaritza utziko nuela». Bistan da ikasi duela estutasuna mendean hartzen.

Nola aukeratzen da entrenatzeko taldea? «Ni Bilbon bizi naiz eta normalean Oihana Bartragaz geratzen naiz entrenatzeko. Baina gustatzen zait Beñatekin eta Etxahunekin ere geratzea, kantukide desberdinak izatea ona delako. Ahal badut bietan entrenatzen naiz, Bilbon eta Larrabetzun. Txapelketa garaian asko estutzen da bertso lagunen arteko harremana. Berezia izaten da hori», kontatu du Ajuriagojeaskoak.

Jon Martinek Segurako saioan kantatu zuenez, «bertso onenak bota dizkiot eskoba baten kierrari». Larrabetzuko taldeak ez du erratza erabiltzen mikrofono modura. Hori bai, kanturako zutik jartzen dira, jardunari solemnitate puntu bat emateko edo. Bertso onenak eta txarrenak entzuten omen dira korta horretan, eta bietatik dezente. «Hemen joaten dira plazan kantatuko ez genituzkeen bertso asko. Bota, barre pila bat egin, eta hurrengo komentarioa: ‘hau plazan ez, ezta?’. Plazako tentsioa falta da eta horregatik egiten dira plazan egiten ez diren gauzak, onerako eta txarrerako», iritzi dio Etxahunek.

Taldean entrenatzeak talde sentipena josten du, zalantzarik gabe. Txapelketa bakarkako lehia izan arren, taldeak gertutik segitzen du bertako kideen ibilera. «Beti zaude urdurixeago taldeko norbaitek kantatzen duenean. Gaia entzun eta pentsatzen duzu beretzat egokia ote den edo ez... Beñatekin, baina, ezin da aurretik jakin zer egingo duen. Pentsa, entrenamendu guztietan bakarkakoan doinu bat erabili du eta Baigorriko saioan beste bat erabili zuen!», kontatu du barrez Lekuek. Ugartetxeak ere barre egiten du ondotik. «Bizkaiko finalean ere berdina egin nuen. Hemen entrenamenduetan bakarkakoa beti seriotik lantzen dugu eta txapelketan umoretik hartzeko modua ikusten badut, doinua aldatzen dut. Gaia entzun eta erabaki. Umorerako joera handia daukat, baina egia da entrenamenduan ez dudala hori lantzen, beste gauza batzuk lantzen saiatzen naiz», zehaztu du.

Entrenamenduan txapelketako ariketak lantzen dira. «Birritan egiten ditugu txapelketako ariketak eta listo». Gaiak jarri eta kantatu. Gerta daitekeen gauzarik txarrenetakoa? Asteazkeneko entrenamenduan jarritako gai bera egokitzea txapelketako saioan. Etxahun Lekuek ondo gogoan du gertatu zitzaion eguna. «Pasa dakizukeen gauzarik txarrena da. Lehen ideia da: ‘ezin dut bota eguaztenean bota nuenik’. Zeure burua traizionatzen ari zarela sentitzen duzu. Baina, era berean, ezin duzu burutik kendu eguaztenean bota zenuena eta horri buruz bertsokideek esan zizuten guztia. Oso une deserosoa da, gerra totala zeure buruarekin. Gertatu izan zait eta ez nuke berriz gertatzerik nahi».

Beñat Ugartetxeak, berriz, ba omen du abilidade berezia txapelketako gaiak aurreikusten. «Bizpahiru aldiz gertatu zait. Entrenamenduetan nik beste batzuei jarritako gai bera egokitu zaie txapelketan. Nirekin akordatzen dira horrelakoetan».

Eta behin entrenamendua bukatuta, afaria Txirri eta Garbiñeren kontu. Etxahunen gurasoek afaria prestatzen dute asteazkenero bertso eskolan aritutakoentzat. «Ez dakit bertsolari onak ote diren, baina jatun onak badira», dio zirikatzaile Garbiñek.