Jon Garmendia

Larraldea, bertsoaren kuartel nagusia

Maratila ireki bezain laster kirrinka ateratzen du Larraldeako zurezko atetzarrak, «egun on» erran eta harrizko hormek oihartzuna irentsi aitzin lehen ongietorria hura balitz bezala. Senperetik Sarara bidean dago Larraldea baserria, Amotzeko auzoan. Parisko lanpostua utzita etxera itzuli zenetik, Andoni Iturrioz jabearen nahia izan da errepide ondoan dagoen eraikin zaharrari bizitza berri bat eskaintzea. Horrela, bere familiakoen sorleku izandako baserri erraldoiak ateak ireki zizkion Lapurdin euskara eta kulturaren alde lan egiten duen elkarte anitzi, eta han kokatu ziren beste batzuen artean Integrazio Batzordea, Euskal Herrian Euskaraz, Iduzki Lore antzerki taldea, Hatsa poesia eta Bertsularien Lagunak, Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko bertso elkartea. Bertsozale amorratua da Iturrioz, eta «pozik» jaso zuen bertsolariek tarteka kantatzeko tokiaren eskaera. «Gozamena da arte zahar honen doinua pareta hauen artean aditzea». Geroztik, gainera, Euskal Herriko ipar-ekialdean bertsoaren kuartel nagusia bilakatu da Larraldea, nahiz eta bertsoleku ttipiagoak ere badiren Hendaiatik Maulerako bidean.

Gaur egun ohikoa da Senperen bertsotan aurkitzea Xumai Murua, Odei Barroso, Ortzi Idoate, Aimar Karrika eta Eneko Fernandez. Lehenago Joanes Etxebarria, Eneritz Zabaleta, Maindi Murua eta Sustrai Colina ere biltzen ziren, Miren Artetxe eta Maddalen Arzallus sarri joaten dira, eta egungo Euskal Herriko bertsolari txapeldun den Amets Arzallusen kantaera ere ezaguna du teilazpi horrek. Hargatik eman dugu hitzordua bertsoaren tenplu zaharberritu honetan. «Larraldea, bertso eskola baino topaleku bezala sentitu dut beti», aitortu digu Odei Barrosok. «Bertsoaren aitzakian lagunekin bildu, askaria egin edo afaldu, eta momentu eder bat pasatzeko lekua da. Xilaba anitz prestatu ditugu hemen, nahiz saio berean elkarrekin kantatzen genuen gero. Baina bertso eskola hau ez da inoiz txapelketa garaira mugatu. Azkenaldian guttiago biltzen garen arren, astero bildu izan gara luzaroan, eta lekuaren xarmak goxotasun aire bat transmititzen dit».

Antzeko iritzia du Aimar Karrikak; «gure etxea bihurtu da ia Larraldea, oso leku berezia da, baserri zahar bezain ederra». Beharbada horregatik agertu da hitzordura etxeko zapatilak jantzita auriztarra. Karrikak Nafarroa Garaiko txapelketan hartzen du parte, eta ahal duen guztian laguntzen du Ipar Euskal Herrikoan, aspaldidanik ari da hiru herrialdeotako ikastoletan bertso irakasle eta Azkainen bizi da. «Bertso eskola sukalde zaharrean egiten dugu, gehienetan afari baten bueltan eta neguan supazterraren ondoan», kontatu du Txapelketa Nagusiko finalerdietarako sailkatu berri den bertsolari irribarretsuak. Lan ederra egin ondoan, Odei Barroso, kanpoan gelditu da doi-doi, Aimarrengandik puntu eta erdira. «Behingoagatik lasai iritsi nahi nuen saiora, urduritasunak gaina hartu gabe eta zentratuta. Hori lortzeko egin behar nuena egin dut eta alde horretatik pozik nago neure buruarekin. Hala ere, saio egunean ez nintzen nahi bezain fin ibili, aski kontziente nintzen ez nintzela nahi bezala ari eta gaietan kokatzeko zailtasunak izan nituen. Ez nintzen gustura gelditu egindako gauza askorekin, baina tira, txapelketa horrela da, egun batean jokatzen da. Pena ttiki bat gelditu zait barnean». Hala ere, ez da etsipenean itotzen. «Txapelketak gauzak urrunago eramateko balio digu, geure buruekin puntu ttiki bat egiteko, ertzak borobiltzeko eta gehiago lantzeko. Berriz ere gauza ainitz ikusi, ikasi eta ulertzeko balio izan dit», xumeki mintzo da. «Nire barne balorazioak ez dira txapelketara mugatu sekula» erran eta gaia jartzeko eskatu dio Xumai Muruari. Justuki, sailkapenaren gaia ezarri die Aimar eta Odeiri, eta ondotik elkarri zirikatuz bertsotan entzun ditugu bi lagunak Larraldean.

Bertsolari izateaz gain, Xumai Ipar Euskal Herriko bertso elkarteko lehendakaria da; «biziki kontent naiz Txapelketa Nagusia hemengo lurretan hasi delako, Baigorrin, eta bi finalerdi ditugulako ospatzeke oraino, bata Maulen eta Donibane Lohizunen bestea». Lehen aldiz jokatuko baita Txapelketa Nagusia zazpi herrialdeetan. «Ohore gisa bizi dut, eta hemengo bertsozaleentzat pozgarri da. Gainera, txapelketa giro eta maila onean doa; uneotan langa agertu da, lehiak ohiko duena, baina oroitu nahi nituzke aitzina egin gabe gelditutako bertsolari onak, eta haien lanak».

Adi jarraitzen du guztia Eneko Fernandezek. Bera Lesakatik heldu da Larraldeara, Nafarroako txapelketarako prestakuntza lanak ekarri zuen hona eta ohiko bertsokide bilakatu da geroztik Senperen. Plazer egiten du bere finezia entzuteak, dela bertsoei buruzko analisiekin, dela bertso kantura biltzen denean. Gaurkoan Ortzi Idoate falta da, bizarluze zirikatzaile baionarra, saltsa anitzetako perrexila. Aimar prestatzeko kontzentratuak daude, beraz, gaur, eta kontzentrazioak badu garrantzia laukote honen bertso trebakuntzan; «Maialen Alfaro etorri izan da bere ikasketa amaierako esperientzia gisa; hau da, sofrologia ariketak eginarazten zizkigun, eta geroztik saiatzen gara bakoitzak bere neurrian barneari behakoa eman eta lasaitasun uneak atzematen», aitortu digu Xumaik.

Ea entrenamendu sakonagoak egiten dituen aparte, hala galdegin diogu Aimarri. «Etxean lan pixka bat egin dut aurrez, baina lagunekin kanturako biltzea izan da prestakuntzaren adar nagusia. Nahiko atzetik dator, egia erran, Nafarroakoa bukatu berritan eman genuelako izena nagusian, eta ordutik ezin deskonektaturik gabiltza. Hilabete ederrak izan dira, baina karga handikoak».

Gauza on guztiek bezala, txapelketak ere laster izanen du bukaera. Eta, orduan, zer? «Txapelketaren ondorenak txapelketa aurrekoak bezala segituko du», erantzun du Barrosok fite. «Bertsolaritza bide bezala ikusten dut nik, bidean urrats handi zein txikiak egin, beti aurrera. Batzuetan atzera begiratzea tokatzen den arren hurrengo urratsak nondik egin nahi diren erabakitzeko. Norberaren bidean sinesten dut, eta zorionez, nire bidea ez dut inoiz txapelketa baten arabera egin. Plazetan gustura sentitzen naiz eta hor hartzen dut plazer handiena. Bertsolaritza plazan ulertzen dut, Txapelketak arnasa bat eta zabalkunde bat ematen dio bertsolaritzari, baina bertsolariaren egunerokoa plazetan dago».

Finalaurrekoen lehen itzuliko saioak:

• Eguna: 2017/10/28

• Ordua: 17:00

• Herria: Bastida

• Parte-hartzaileak:

Agin Laburu Rezola

Igor Elortza Aranoa

Jon Martin Etxebeste

Jone Uria Albizuri

Nahikari Gabilondo Mendizabal

Sustrai Colina Acordarrementeria

• Eguna: 2017/11/01

• Ordua: 17:00

• Herria: Irun

• Parte-hartzaileak:

Aimar Karrika Iribarren

Aitor Sarriegi Galparsoro

Alaia Martin Etxebeste

Maddalen Arzallus Antia

Maialen Lujanbio Zugasti

Unai Agirre Goia

• Eguna: 2017/11/04

• Ordua: 17:00

• Herria: Maule-Lextarre

• Parte-hartzaileak:

Beñat Gaztelumendi Arandia

Beñat Iguaran Amondarain

Etxahun Lekue Etxeberria

Julio Soto Ezkurdia

Nerea Elustondo Plazaola

Nerea Ibarzabal Salegi

• Eguna: 2017/11/12

• Ordua: 17:00

• Herria: Durango

• Parte-hartzaileak:

Aitor Mendiluze Gonzalez

Iñaki Apalategi Astigarraga

Jon Maia Soria

Miren Amuriza Plaza

Miren Artetxe Sarasola

Oihana Iguaran Barandiaran