amagoia mujika
IRITZIA

Jostailua eta jolasa

Hasi da bonbardaketa. Gu sofan eserita, ahul eta babesgabe –pijametan, manta azpian, guardia jaitsita– eta horiek paretik jo eta su; tamaina eta klase guztietako panpinak. Batzuek balleta egiten dute, beste batzuek entziklopediako hitzak esaten dakizkite, beste batzuek koloretako ilaje ederra dute, badira medikuntza dakitenak, patinetan ibiltzen artistak... Autoen iragarkiak ere badira; abenturak bizitzeko moduko erritmo biziak, argiak, bertigoa sortzen duten aldapak, abiadura, akrobazia pentsaezinak... Aparte aztertzekoak dira kalera paseatzera atera eta kaka egiten duten piladun zakurrak. Barre saio ederra egin dugu zelebrekeria horiei begira.

«Hori dena gezurra da», esan didazu serio-serio. Koskortzen hasia zara eta ja ez duzu itsu-itsu sinisten iragarki distiratsu horiek kontatzen dutena. Hala ere, tentatzen zaituzte pixka bat, eta Olentzerori txakur horietako bat eskatuko diozula esan didazu, erdi zirikatzaile, erdi serio. Ekartzen badizu, ez duzu disgusturik izango.

Harrigarria da, eta erridikulua, urtero jostailuak asmatzen dituztenek egiten duten injenio ariketa. Pentsatzekoa da urtez urte «berrikuntzak» eskaini behar dituela jostailuen merkatuak. Izan ere, gure haurren armairuak jostailuz beteta dauden honetan, zer erosi dagoeneko denetarik duenari? Eta denetarik izatea ez da beti mesedetan.

Ni primeran akordatzen naiz gure Bicicross gorriarekin. Aulkia luzexka zuen, lagun bat atzean eramateko modukoa. Zenbat arratsalde eman ote genituen auzoko plazan txandaka-txandaka lagunak atzean jarri eta plazari bueltaka. Gure haurrak handitzen direnean, beldur naiz ez direla akordatu ere egingo beren bizikletekin, panpinekin, baloiekin... asko duenak zaharra aise ahazten baitu; berria hartu orduko.

Armairuak jostailuz beteta dituzte, baina gure moduko jolaserako plazak falta zaizkie. Ilundu arte ibiltzen ginen auzoko plazan eta kaleetan. Gurasoek balkoira atera eta buila egiten ziguten, afaltzera joateko aginduz. Baina gure jolaserako plazan aske ibiltzen ginen, gurasorik gabe. Min hartuz gero –eta askotan gertatzen zen– lagunen lana izaten zen zaurituaren etxera korrika joan eta abisu ematea. Gure gurasoen begietara ez zegoen beste arriskurik: min hartzea. Hortik aurrera, dena libre; hartxintxarrekin patinetan ibiltzeko zirkuitu bihurriak marraztu, zaharragoen amodio jolasak zelatatu, askariak partekatu...

Batzuetan iruditzen zait gure haurrei armairuak jostailuz bete dizkiegula mundua horietan deskubrituko dutelakoan. Mundua, baina, lagunetan eta plazetan dago, gurasorik gabeko jolasetan. Min hartzea beste arriskurik ikusten ez duten gurasoak berreskuratu beharko genituzke.