JOKIN URAIN
IRITZIA

Handitasuna

Norbait espetxera eramatea, pentsa liteke, mundutik kentzea da, gizartetik kentzea, ez-mundu eta ez-gizarte batean ezartzeko. Preso gehienen espetxe-bizitzaren berri ez du jakiten hurbil-hurbileko jendeak baizik: bisitara joaten zaion familiak, lagunen batek... Preso asko dira zer galdurik eta zer irabazi handirik ere ez dutenak, ez euren buruarentzat eta besterentzat, eta, beraz, lausoan galduta geratzen dira haien izenak eta izanak.

Ez da, ordea, horrela izaten beti. Batzuetan ez-mundura bidalitakoen egunerokotasunaren jarraipena egin dezakezu, ia zuzenean egin ere; nahi izatera, xehetasun handiz jakin dezakezu itzalperatua nola bizi den, gauez eta egunez zer egiten duen, zer jan edo zer esan duen, besteek zelan begiratzen dioten, zer umiliazio jasan duen... dena kontatuko digute, xehe-xehe. Politikari katalanak espetxeratu dituzte duela aste batzuk. Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart izan ziren lehenak. Sarean jakin dezakezu 10 metro karratu inguruko ziega dutela eta hortxe daukatela dutxa, harraska, mahaia, ohatzea koltxoiarekin. Bi Jordi katalanak banandu egin ei zituzten, sakabanatu, eurek elkarrekin egotea eskatu zuten arren.

Ziegan Jordi Sanchezekin jarri zuten presoak ezin omen zuen jasan katalana, eta beste nonbaitera eraman zezatela eskatu zien kartzelariei. Espetxeak ohi duen eskuzabaltasunarekin, berehala aldatu zuten.

Baina birekin nahikoa ez eta Kataluniako Gobernuko kontseilari mordo bat Madrilgo Auzitegi Nazionaletik igaro eta espetxera bidali dute, eta berriro zuzenean kontatu dizkigute xehetasunak, atxilotu berrien kexak, guardia zibilen murrikak eta irainak. Balizkoak irainak, noski, eta beti bezala aginteak gezurtatu dituenak. Baina behin eta berriz azpimarratu digute, telebistan, egunkarietan... zelan kexatu diren, belaxka halakoak!

Iruditzen zait atxilotuei egiten zaizkien irain eta umiliazioetan badagoela komunikabide eta berriemaileen eta espainiar batasun zaleen bat-egite bat; gozamen infinitua aurkitzen dutela atxilotuei eskuburdinak estutze keinuan, espetxeratuaren egunerokotasun zaila zailagotzeko kartzelarien ahaleginean, presoaren umiliazioa handitu nahian.

Atxilotuaren ezintasun eta umiliazioaren handia bezain handi sentitzen dira bat-egite horretan, Oihan. Euren arazo eta konpondu ezinak gainditzeko bezain handi eta eskuzabal dira espainiarrak, atxilotu kataluniar edo euskaldunak izorratuz.