7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Aho-belarrietarako gerra


Musikak gure bizitzaren pasarte asko gogora ekartzen laguntzen du. Ondo aukeratutako kantuen entzunaldiak garai bateko emozioak biziberritzeko aukera ematen du. Gure historiaren parte diren kantak gure iragana, oraina eta etorkizuna dira. Eleberri batean irakurri bezala, abestien hitzek gutunak dirudite, norbaiti idatzi nahi izan zaizkion eskutitzak eta, bidali ordez, kantu bihurtu ziren hitzak. Gure herri honek gutun asko idatzi dizkio herriari.

“Bat, Bi, Hiru. Egin 1977-1998. Garai baten soinu banda” argitaratu du GARAk duela gutxi. Bilduma osatzen duten hiru diskoak entzuten hasi bezain pronto nostalgiaz, ilusioez, etsipenez eta, batez ere, bertsorik sakonena bezala, iragan baten oroitzapenez bete zaigu etxea. Kanta zaharrenek gure ama ekarri digute gogora. Pantxoa eta Peio, Urko eta Xabier Lete ziren amaren radiokasetean buelta gehien ematen zituzten zintak, gure umetako hit-ak ziren, odolez eta malkoz irabazi bezala ikasi genituen. Gerora, Egin Irratia sintonizatuta zuen radiokasete zahar hari esker, hamaika kantu ikasi genituen etxeko sukalde zaharrean. Haietako gehienak oraindik ere indarrean dauden kanten letrak dira eta kantuak lepoan hartu eta aurrera segitzen dugu. Hurrengo diskoekin nostalgiaren zuloan sakontzen jarraitu dugu. Anaia nagusiek etxera ekarritako lehenengo biniloak etorri zaizkigu gogora. Laurogeiko hamarkadan, anaiei bakean utzi arte behin eta berriz jartzeko eskatzen nizkien kantuak. Ordurako, amak kontrolatu beharrean geuk kontrolatzen genituen kaseteak eta zintekin osatzen genituen gure kantu bildumak, Pablo Cabezak eta GARAk orain egin bezala. Hainbeste jira eta biraren ostean, zinta elektromagnetikoak guztiz higatu arte irensten genituen.

Biniloa eta, coolago jarrita, kasetea gaur egun erabiltzen duenik ere badago, jakina. Baina badirudi egun jarduera erromantikoa bihurtu dela musika entzuteko compact disc bat jartzea, streaming bidezko musika plataformen ordez. Plataforma hauek ez dira kasetak bezala sekula gastatuko, beti izango baitute eskaintzeko eta, batez ere, saltzeko musika gehiago. Algoritmo bidez gure gogoko zerrendak osatzen saiatuko dira. Baina zaila da aipatutako bildumaren maila ematea. Eskerrak oraindik ere zenbait komunikabide kanta bildumak plazaratzera animatzen diren. Egiak ez du isiltzea merezi: aipatutakoaz gain, Bilbo Hiria Irratiak uhinetan hogei urte daramatzala ospatzeko hainbat musikari elkartu ditu eta kanta zaharrak elkarrekin berritzeko edo berrinterpretatzeko diskoa atera du. Tartean ere bada antologikoa bihurtuko den kanta berri eta altxorrik; Maisha MC eta Hedoi Etxartek egindako “Soluzioa”, esaterako. Musikak ez gaitu salbatuko, beharbada, baina salbaziorako bidean ezinbesteko konplize bihurtu genuen aspaldi. Kantuak aho eta belarrietako gerra dira, eta gaurkoa: «Listen again, feel our pain, bandera horrek euskara hil zuen».