03 DIC. 2017 DURANGOKO AZOKA Euskal komikigintza, borbor Buru-belarri sartuta gauden aro digital honek, lurrikara bat izango balitz bezala, etengabe balantzan jartzen ditu kulturan jarduten diren sektoreen oinarriak. Etorkizunean bizirik irauteko «txertoa» aurkitzea ez omen da erraza, galde diezaietela bestela musikan ari direnei. Komikian eta ilustrazioan, ordea, digitalizazioa motelago iristen ari da, agian susperraldi antzeko batean murgilduta daudelako. Gurean ere kalitatezko lanak egiten dira, nazioarteko esparruan lehen mailan aritzeko gai gara... orduan, Durangoko Azokaren inguruan aurkituko ditugunak gaur egun komikigintzan egosten ari denaren isla al dira? Última actualización: 04 DIC. 2017 - 15:04h Amaia Ereñaga Laurogeiko hamarkadari komikiaren urrezko garaia deitzen bazaio, ni neuk gaur egun platinozko garaian gaudela esango nuke». Aurpegi serio eta patxadatsuz begira daukagu Gregorio Muro gidoilari eta editorea, Harriet ezizenarekin ezagunagoa agian komikizalearentzat, eta bere hitzen atzean txantxa puntua sumatu dugu, platino kolorea aipatzean orduko euskal komikigintzaren boom-aren eragile izan zirenen ile urdinei buruz ari baita. Muro bera eta Daniel Redondo marrazkigilea gure komikigintzaren best-seller handienaren “errudunak” dira, Estatu frantsesean bakarrik “Sorgin seinalea” albumaren 100.000 ale saldu baitzituzten 80ko hamarkadaren hasiera hartan. Inkisiziotik ihesi dabiltzan XVII. mendeko Elvira de Goitia lapurtarraren eta bere kideen abenturak Europa osoan zabaldu ziren, hainbat hizkuntzatara itzuli zirelarik. Egun, “platinozko aroko” ordezkari hau, editore bihurtuta, komikigintzaren belaunaldi berriekin ari da lanean, buruz buru. Oraindik, gehien lantzen den komiki estiloa franko-belgikarra deritzona da –betiko komikiak– baina, gainerakoan, gauzak dezente aldatu dira hiru hamarkada hauetan, batez ere orduko egileen kopuruarekin alderatuta, gaur egun hamar aldiz gehiago direlako. Sortzen diren lanak kalitatezkoak dira, nazioarte mailako merkatuan saltzen ari diren egileak ditugu –izen batzuk aipatzearren, Juan Luis Landa, “Arthus Trivium”-ekin 2016ko salduenen top-era iritsi zena Estatu frantsesean, edo Angel Unzueta, Marvel eta Disney etxeentzat lan egiten duena–, Estatu eta Europa mailako puntako nobela grafikoan espezializatutako argitaletxe bat gurean kokatzen da –Astiberri–... baina, ez gaitezen engaina, salmenten kopuruak ez du zerikusirik, esaterako, Estatu frantseseko datuekin. Ezta hurrik eman ere. Horren adierazle garbia izan liteke “Komikiak irakurri” izeneko kanpaina, sorburua Araban duelarik abenduan garatuko dena. Izan ere, herrialde hau komikigileen harrobia izan da betidanik, “Tmeo” aldizkariaren eraginagatik batez ere. Atiza elkarteak bultzatuta –dozena bat komikigile batzen dituen elkartea da, eta horien artean daude Mauro Entrialgo eta Simonides–, komikiarekiko «gizartearen onespenik eza» salatu nahi dute eta, era berean, «kultura instituzional eta publikoak gutxietsi egin duen baliabide artistiko honi» behar duen zabalkundea ematea dute xede. Era berean, irakurleak erakartzeko ahaleginetan ibiliko dira egileak eta argitaletxeak aurki abiatuko den Durangoko Azokan. Han “Sorgin seinalea” albumaren berrargitalpen dotore eta osatuagoa aurkitu ahal izango dugu –hemengo salmenten datuez jabetzeko, 2.000 inprimatu dituzte, erdia euskaraz eta bestea gaztelaniaz–, eta baita Ikastolen elkarteko “Xabiroi” komiki aldizkariaren aurtengo uzta ere: “Santa Familia” izenburua du Eider Rodriguezek eta Julen Ribasek gauzatu duten album eder, garratz eta irakurketa anitzeko honek. Baina eskaintza ez da hor amaituko. Durangon aurkitu daitezkeen beste produktu batzuen artean Adur Larrea marrazkilariak eta Mikel Begoña gidoigileak egin duten “Arditutakoak” dago (“Bertsolari” aldizkaria). Ipar Ameriketako euskal artzainen bertsoak hartu dituzte gidoiaren ardatz gisa, «western eta road movie-aren arteko hibrido bat euskal ukituarekin» gauzatzeko. Denonartean argitaletxeak ere urtero dakartzan kalitatezko lanen artean daude Begoña Durrutyk “Bereterretxe kanthoria”-n oinarriturik egindako nobela grafikoa edo Juan Kruz Igerabideren eta Elena Odriozolaren “Euskal herrietako ipuinak”. Aipagarria da, era berean, Txalaparta eta Elkar argitaletxeek nobela grafikoaren aldeko apustua berretsi izana. Elkarrek Harkaitz Canoren eta Maite Gurrutxagaren “Tigre batekin bizi” olerki ilustratua eta Patxi Huarte, Zaldieroaren, “De Rerum Natura 7” komikiak atera ditu. Tafallako argitaletxea, bestalde, Lucio Urtubia anarkistaren bizitza kitzikagarrian oinarritutako liburu ilustratua prestatzen ari da, Belatzek sinatuta, baina ez da Azokan egongo. Argitaletxe berri bat beterano baten eskutik. Aipatutako 80ko hamarkadan, nazioartean eta batez ere AEBetan eta Estatu frantsesean –merkaturik indartsuenak beti bi herrialde horietan eratu baitira–, komikigintzak izan zuen loraldiak gurean ezaugarri propioa izan zuen, oso berezkoa gainera: euskara bultzatzeko primerako tresna didaktikoak zirela erakutsi baitzuten bineta eta istorio haiek. Orduko haur, nerabe eta euskaltegietan euskaldundu ziren heldu ugarik gogoan dituzte Erein argitaletxeak kaleratutako “Ipurbeltz” (1977-2008) eta baita Gasteizko Gobernuaren Habe euskalduntze zerbitzuaren “Habeko Mik” aldizkari haiek. Euskara bultzatzeaz gain, komikigile eta ilustratzaileen sektorea suspertzeko zeresana izan zuen. Aldizkari hauetako orrialdeetan irakurri genituen Antton Olariaga, Fructuoso, Entrialgo, Mikel Valverde eta Gregorio Muro bera... Loraldi hartatik lehorte beltzera pasatu zen komikigintza hamarkada baten buruan, bai kanpoan bai gurean. «‘Habeko Mik’-ek, esaterako, egoki ordaintzen zuen eta honek zera ekarri zuen: egileak argitaratzera animatu zirenez, ekoizpena hobetzen joan zen nazioartera jauzia egiteraino. Behingoz, komikietatik bizi ahal izan genuen. Baina, 90eko hamarkadaren hasieran hau guztia pikutara joan zen eta irudigile batzuek komikiaren mundua uztea erabaki zuten; nik neuk ere bai, eta ikus-entzunezkoetan lanean hasi nintzen», azaldu digu Gregorio Murok. Animaziozko filmetako zuzendari (“Etxaldeko erregea”, 2002), gidoilari eta film laburren egilea –bere lan bat Oscarretarako bidean egon zen–, egun Bainet ekoiztetxeko sormen arduraduna da Gregorio Muro. Erretiroa gertu ikustean –«erretiro fiskala, ez kreatiboa»– bere oinarrietara itzuli da: 2015ean Harriet Ediciones argitaletxea sortu zuen. «Argitaletxea sortzeko hiru arrazoi izan ditut: lehenengoa, seme-alabei herentzia utzi nahi diedalako, baina lana bermatuko duen herentzia eta ez dirutan zenbatzen dena, arrantzan erakustea arrainak ematea baino garrantzitsuagoa iruditzen zaidalako; gainera, seme batek nire bidea jarraitu du eta ilustratzailea da. Bigarrena, gidoiak bilatzen mutur fina naizelako, eta nazioartean marrazkien eskaintza izugarria dago baina gidoietan ez, kontrakoa; eta hirugarrena, Eusko Jaurlaritzak egileei aurten lehengo aldiz eman dien diru laguntzekin lotuta dago, nik komikigileek beren lanetik bizi daitezela lortu nahi dudalako. Nire helburua ez da honekin aberastea». Eta digitalizazioa? «Komikia objektu bat da, eta jendeak objektua du gustuko. Oraindik ez du guztiz ondo funtzionatzen, baina ziur nago etorkizuna digitala izango dela. Horregatik, nire helburua, argitaletxe bezala, hemengo harrobia bermatzea da, haien eskubide digitalak hemen gera daitezen». «Xabiroi», harrobia eta sare-egilea. Dani Fano komikigilea Ikastolen Federazioak 2005. urtea geroztik argitaratzen duen “Xabiroi” aldizkariaren koordinatzailea da. 32 orrialdeko lau ale kaleratzen dituzte urtero, 30.000 mila aleko tiradarekin, eta honi gehitzen zaio album edo bilduma bat udazkenero. Gaur egun 50 egile inguru mugitzen da aldizkariaren orbitan: 20 bat modu finkoan eta 30, tarteka. «Eta asko profesionalak dira –gehitu du–. Egia esan, irudigintzak beste aukera batzuk eskaintzen dizkizu: publizitatea, ikasmateriala, eta abar eta, bai, bi edo hiru izango dira komikiaz bizi direnak, baina komikitik eta beste euskarri indartsuetatik bizi direnak gehiago gara. Nik edo Alex Sanvik, esaterako, beste gauza batzuk egiten ditugu, eta baita komiki asko ere. Hemen kristoren egile onak daude, munduko argitaletxe handienetan argitaratzen ari diren komikigileak». Suspertze honetan “Xabiroi”-k zerikusi handia izan du, eta Dani Fano horretaz jabetzen da. Baina, orduan, esan al daiteke euskal komikigintza gorakada izaten ari dela gaur egun? «Fenomeno multifaktoriala dela esango nuke. Alde batetik, eta modu orokorrean, mundu osoan gertatzen ari da komikian gero eta gai gehiago jorratzen direla, bai edukiaren aldetik bai proposamen artistikotik. Oso ikuspuntu zabalak eta gai guztiak lantzen dira, eta jendeak gero eta gehiago onartzen du. Hau mundu osoan gertatzen ari den zerbait da. Hemen zehazki, harrotasunez aipatzekoen artean dago behinik behin, ‘Xabiroi’-ren sorrerarekin eta baita Astiberriren sorkuntzarekin ere –baina hauek ez dituzte landu hainbeste egile–, 90eko hamarkadako basamortu horren ondoren erabat sakabanatuta eta zokoratuta genbiltzan egile asko elkarren berri izan genuela. ‘Xabiroi’-ren inguruan egile sare egonkor bat sortu da eta horren adibide dira Unai Iturriaga eta Alex Sanvi. Aldizkariagatik izan ez balitz agian inoiz ez zuketen elkar ezagutuko. Eta hortik adar bat sortu da, ‘Udaberririk ankerrena’, Durango 1936 elkarteak argitaratua, bonbardaketari buruz. Horrelakoak sortzen ari dira etengabe. Hortaz jabetu dira argitaletxeak eta sartzen ari dira merkatuan. Azken garaian ekoizpena goraka doa, halako euskarazko nobedadeen gutxieneko bat mantentzen da: 10-15 ekoizpen inguru urtearen arabera». Horren isla, udazkenero kaleratutako bildumak hartzen ari diren pisua “Xabiroi”-ren beraren baitan, «aurrekontuaren zati majo bat bihurtu baita», Fanoren hitzetan. Batez beste, 1.000 ale inguru saldu ohi dute eta salduena, beraien best-seller propioa, “Azken garaipena” izan da. Julen Ribasen eta Iban Zalduaren thriller hau, 2052ko Alemanian girotua, Euskadi Literatura sariaren irabazlea suertatu zen 2012an haur eta gazte literatura atalean, eta 1.700 ale inguru saldu ziren. Era berean, aurtengo proposamenari ere “zerbait” berezia sumatzen zaiola esatera ausartuko ginateke. “Santa Familia” izenburua jarri diote Eider Rodriguezek eta Julen Ribas marrazkilariak ironiaz blai familiaren erro sakonenetaraino barneratzen den abentura formatuko istorio honi. Geruza desberdinez osatutako komiki erakargarria da: «Mundiala da, Eider Rodriguez %100 –aitortzen digu Fanok–. Eiderren ironia horrekin, gaiztakeriarekin. ‘Santa Familia’-k bi mundu ukitzen ditu: nerabe batek identifikatua ikus dezakeelako bere burua, baina gurasotasunaren kontua ere hor dago». Baina zein motatako irakurleei daude zuzenduta halako lanak, nerabeei agian? Dani Fanoren iritziz: «Zero eta 99 urte arteko publikoarentzat egiten saiatzen gara beti». Tigrearekin ausartu den irudigilea. «Tigre batekin bizi gara, bai, baina ez ditugu elkarren begiak ezagutzen», irakur daiteke “Tigre batekin bizi” liburu grafikoaren kontrazalean. Orrialde batean olerkia paratu dute, hizki beltzak orbanak legez paper zurian; bestean irudia: kolore orlegi-urdinxkak nagusitzen dira eta, han-hemenka, tigrearen hatzen marka gorriak pertsonaien soinean antzematen dira. «Badaukat hemen poema bat uste dudana ilustratu daitekeena eta ea zer iruditzen zaizun», proposamena bota zion orain bi urte Harkaitz Canok Maite Gurrutxaga ilustratzaileari. «Ilustratzeko gogoa piztu zitzaidan. Arrisku puntu bat dute mota honetako proiektuek, ez baitakizu argitaratuko dizuten ala ez, baina argitaletxeari erakutsi aurretik ondo osatzeko beharra sentitu nuen, amaiera eta bukaera ikusi nahi niolako». Nobela grafikoa baino, olerki grafiko bezala defini daiteke irakurle helduari zuzendutako lan hau. Baina, zer irudikatzen du tigreak: bakardadea, politika, indarkeria...? «Bere bizipenaren arabera, bakoitzak gauza desberdinak ikusiko ditu liburuan. Horiek guztiak izan daitezke eta gehiago ere bai, irakurketa pixka bat irekia uzten duelako, norberak osatzean bukatzen den liburua baita», dio ilustratzaile amezketarrak. Honetaz gain, Gurrutxagak beste bi liburu argitaratu ditu aurten: Virginia Wolfek 11 urterekin idatzitako nobela bat (“Las aventuras agrícolas de un cockney”, Nordica) eta aurtengo Edebe sariaren ilustrazioak (“La inmortal”, Ricard Ruiz Garzon egilearena). Aurretik “Xabiroi”-n kolaborazio batzuk egin zituen arren, 2013ra arte ez zen ausartu album bat osatzen, batez ere ilustrazioaren mundura jo baitu. Dejabu Panpin Laborategiaren “Gizona ez da txoria” antzezlana komiki bihurtzeko eskaera luzatu ziotenean “Habiak” (Txalaparta) sortu zuen... eta baita, bere harridura goxorako, hurrengo urteko Euskadi saria irabazi ere. Baina liburu ilustratuen eta komikien artean desberdintasun handirik badago, ala? «Erabat desberdinak direla esan liteke. Biak dira marrazkiak, baina lengoaia desberdina da oso. Ilustrazioak berak bakarrik funtzionatu behar du, berak bakarrik hitz egin behar dizu. Komikian, berriz, sekuentziazio bat dago. Bi urte eman nituen ‘Habiak’ egiten, eta beste lan batzuk sartu zitzaizkidan bitartean, baina hau lasai hartu nahi nuen. Lan handia da, baina zer esan nahiko nukeen argi edukiko banu, agian berriz sartuko nintzateke. Egia esan, komikietako kontatzeko modua asko gustatzen zait: zuk bilatzen duzu tempoa, neurria, erritmoa, gauza asko dituzu erabakitzeko. Oso atsegina da lanaren alde hori, eta azkenean horixe da gehien gustatzen zaiguna: nola kontatu erabaki, zer eta nola iritsarazi hobekien irakurleari». Eta, beste galdera bat, hemen badira urte batzuk irudigintzan punta-puntako egileak ditugula, baina sektorearen egoera nolakoa da benetan? «Irudigileak oso profesionalak dira, baina lana konplikatua da. Lana ez da batere erraza... agian salmenta handiagoak izan beharko lirateke egileen eskubideak gehiago izan daitezen? Agian liburu zainduagoak baleude? Agian produktuak katalogoan denbora luzatuz gero?… gauza asko beharko lirateke. Hau ez da lanbide erraza, azkenean freelance bezala aritzen garelako normalean. Zure paperak eta fakturak eraman behar dituzu, webgunea eguneratu... gauza asko kontuan izan behar duzu. Askotan mahaian jarrita bakarrik marraztea opari bat bezala izaten da –dio barrezka–. Nik ez dakit zein arrazoigatik, irudiek halako garrantzia dutenean gaur egun, badirudi ahaztu egin zaigula ilustrazioa irakurtzen den zerbait dela, narrazio bat dela, beste irakurketa bat eskaintzen duena, beste leiho batzuk zabaltzen dituena». Lucio Urtubia, komiki bateko protagonista. Oso itxura dotorea du, landua oso –ia ahitzeko punturaino, historiarekin zeharo fidela izateko apustua egin baitu– Mikel Santos Belatz iruindarrak Txalaparta etxearentzat egiten ari den “Gerezi garaia” (“El tesoro de Lucio” gaztelaniaz) nobela grafikoak. «‘Nire bizitza marrazkitxoetan egin lezaten nahiko nuke!’ bota zuen Lucio Urtubiak berak. Eta hemen gaude», dio. Belatzek, Mikel Urmenetaren taldeko partaideak, orain arte haur eta gazteei zuzendutako komikiak landu ditu. Orain militante anarkista honen bizitzarekin ausartu da... eta ez da harritzekoa First National City Bank-en lapurreta egiteak komiki batetik ateratakoa dirudielako. Aurki, liburu-dendetan.