JOKIN URAIN
IRITZIA

Zatoz

Asteburu bat labur zaigu, ez digu astirik ematen opor egiteko; egun bat norabait iristeko, beste bat bueltan etortzeko… Urrutira joatea ere garrantzitsua baita, edo ingurutik alde egitea behintzat, eguneroko inguruak aspertu egiten gaituelako astea amaitzerako. Aspertu, nekatu… hori guztia eta gehiago beharbada, eta premia larrian gaude beti eguneroko gune hori bistan ez izateko, itomen hori nasaituz aseko gaituen zerbait aurkitzeko.

Gozoguneak urrutian bilatzeak ez dut uste konpontzen duenik gure ingurune hurbilaren itomen hori, baina joera badaukagu pentsatzeko, edo uste izateko, urrutian aurkituko dugula zerbait hobea, gauden lekuan edo inguru hurbilean ez dagoen paradisuren bat. Guretik urruti dauden munduak ikusten ez badituzu ez baitzara inor, bestalde, eta mundua ikusiz eta bidaiatuz gure gabeziak eta keria kaxkarrak –nazionalismoarenak batik bat– sendatzen direla ere erakusten saiatu zaizkigu. Presaka alde egiten dugu, bada, auto bizkorrean gure inguruetatik, autobia, autopista edo bizkorrago eraman gaitzan abioia hartuta.

Presaka goazen errepide horretatik desbideratuta bost minutu gabe inoiz zapaldu gabeko leku paregabeak egon daitezkeela pentsatu ere ez dugu egiten askotan, edo pentsatu arren ez ditugu aintzat hartzen, Iparragirrek aspaldi esan zigun arren mundu guztian direla leku ederrak baina Euskal Herrira agintzen ziola bihotzak... Etxeminarekin topo egingo zuen, nonbait, hark ere.

Baina urrutira joateko astirik ezak edo nagiak halaxe behartuta, eta ametsetan ikusia bezala gogoan gordeta neukan leku baten bila ere bai, Olatzera iritsi gara igande eguerdian. Mutrikutik Arno aldera, bost minutu ez dituzu behar; bertara joan ezean irudikatu ezin duzun ingurune paregabea da, udazkenak beharbada zoragarriago egiten duena.

Eguraldi bikaina, ikuspegi zoragarria, baina ipar haizeak hozka egiten du belarri ertzetan. Barruan hobe. Bazkaria zerbitzatzen hasi zaigu ostalaria, eta sabela ez ezik soin osoa berotzen zaigu berehala. Platerak jasotzera etorri da, eta, «ederra arrain zopa», esan diot. «Ederra, neu; jatekua, gozua», erantzun dit bizkor eta dotore.

Ondarroatik urrutira gabe dago, Ibon, eta behin baino gehiagotan gogoan erabiliko duzu dudarik gabe. Alcalakoaren aldean gozoa litzaizuke bertako haize fina. Zatoz bizkor, berandu baino lehen.