JOKIN URAIN
IRITZIA

Emozioak

Arrazoiek baino gehiago emozioek gobernatzen gaituzte seguru asko, emozioek mugitzen gaituzte, emozioek janzten gaituzte goitik behera batzuetan, eta, emozioen menpe, geure burua gobernatzeko ere ez gara gai sarritan, izan kirolean, izan sinismenean, izan politikan... «Politikan ez dago gauza politikan» kantatu zuen behin bertsolariak, baina, polit edo itsusi, politikak emozioak astintzen dituela ezingo zukeen ukatu hark ere. Eta nola astindu gainera. Azken hilabeteotan Kataluniakoak eragin duenari erreparatu besterik ez dago.

Emozioen kudeaketak eta frustrazioak kezkatzen duela esaten zuen Iñigo Urkulluk, hemen lehendakari modura aritzen denak, aurtengo Alderdi Egunean, Katalunian urriaren bateko bozketa egin baino egun batzuk lehenago. Eta emozioak behar bezala kudeatu nahi horretatik esaten zuen gatazkek konponbide politikoa behar dutela, eta euren geroa erabaki nahi duten bi nazio daudela onartzea dela abiapuntua. Hitz egin behar dela. Horretarako presioa egiten jarraituko omen dute bere alderditik.

Eta jendetzaren aurrean emozionatuta esango zuen hori guztia eta gehiago. Ez gara hasiko Urkulluren homo emozius izaera ukatzen. Gehiago esango nuke: prest nago Urkullu emoziontzi bat dela onartzeko ere. Eta bere emozioak tartean izango zituen Urkulluk urriaren lehen egun haietan Rajoy eta Puigdemonten arteko bitartekaritzan, haien emozioek dena galbidera eraman ez zezaten ahaleginean aritu zenean.

Ez dakit zer izen eman dakiokeen besteen emozioak kudeatzen dituenari. Bitartekaria baino zerbait gehiago dela iruditzen zait. Mundu konpontzailea izan liteke eskala handian, mundua emozioek kudeatzen dutelako. Eta mundua konpontzea eskatzen diote Urkulluri bere emozio sakonek. Emozioak, egia eta zilborra bezalaxe, bakoitzak bereak ditu eta indar handia ematen dute; emozioek hunkitu dezakete daktilografoaren teklatuzko bihotza ere.

Andre Malraux politikari eta idazle frantsesaren berri izango duzu, Iratxe. Bere liburu batean dio Bigarren Mundu Gerran Tolosako Sain-Michel espetxean zeukaten bitartean beste atxilotu bati galdeketa egiten ari omen zirela naziak. Beste atxilotu hori hitz egitera behartzeko burua hirugarren aldiz «baineran» sartzera zihoazenean, hala esan omen zion daktilografo alemanak atxilotuari: «Baina hitz egizu, jauna, hitz egizu; ikaragarria zait hau».