GALDER PEREZ
IRITZIA

Dickens ala Whatsapp

Pozik dago B. Aurten Gabon gaua igandea izatea oparia dela pentsatu nahi du, tokatu ez zitzaion loteria. Goizean goiz esnatu da, ezin lo gehiago egin. Urduri jaiki da. Zirrara dela pentsatu nahi izan du, eta gora, gosari ederra prestatzera. J, ordea, ohean dago oraindik, atzoko aitzurrarekin maindirepean borrokan: Gabonak gorroto dituenaren aitzakiaz, edozein larunbatetan baino gehiago pasatu da bart. Gaurko eguna sekulako ajearekin pasatuz gero, eguberrifobia gutxiago pairatuko duela pentsatu zuen.

Bereziak dira B-rentzat Gabon egunak. Familiarekin nahi izango lukeen harremana ez dauka, egia da, urrun sentitzen ditu. Baina egun hauetan eta aurten, bereziki, denak errazagoa dirudi. Behingoagatik, gainera, lortu du gurasoentzat kolonia eta zapia ez diren opariak erostea. Eta baditu lobentzako opari ederrak ere. Aitzitik J-k aurten ezetz esan die etxekoei behingoz. Eskubide osoa duela ez joateko, erabaki propioak hartzeko, Gabon gaua etxean bakarrik pasatzeko eta, eta bla, eta kito. A, eta gainera, ez duela ipuin honetan sinesten, arrazoi komertzialak eta katolikoak direla medio. Txiripaz ez die Soziedad Alkoholikaren “Feliz falsedad” kantua osorik abestu.

Lagunekin poteoan atera da B. Haietako gehienak guraso dira. Guraso ez direnek bikotea dute, jakina. B-k, ordea, ez. Baina gaur ez zaio axola. Zoriontasun dirdiratsu batek argitzen baitu aurten dena. B-rentzat momentu hau ezinbestekoa da: familiartean elkartu aurretik Gabon gauaren entsegu orokorra. Gidoia alkoholak idazten du, noski. J-k ez dauka kalera ateratzeko inongo intentziorik. Porruak piztu eta itzaltzearekin bat, nahiago etxean geratu eta telebista piztu. Ikusten ari den filmeko protagonistak istripua dauka. Koman dago eta bizirik daudenen artera joan eta ongia eginez gero, bizitzara bueltatuko da berriz ere. Lortuko du, jakina. J-ri malkoa atera zaio filma bukatzean. Ajeari bota dio errua.

Zuhaitzaren argitxoak baino dirdiratsuagoa sentitzen da B familia arteko afarian. Lobei izugarri gustatu zaizkie bere opariak. Gurasoek eskertu dute ekarri dizkien jaki aurrez prestatuak. Mesede egin dio poteoak, bai. Bitartean, J-k, etxeko bakardadean, lagun imajinarioa sortzea pentsatu du. Akordatu da BECeko finalaren buruz burukoan Aitor Mendiluzek lagun imajinarioa ukatzen ziola Maialen Lujanbiori. J-k begiak itxi eta irudimenezko adiskidea deitu du. Baina ez da Maialenik ageri.

Orduak pasatuta, B etxera negarrez joango da, euripean. J, bitartean, pozik egongo da etxean, aurkituko duelako laguna. Aurtengo ustezko berrikuntza den aplikazioari esker, Olentzerorekin txatean arituko da. B-k negar malkotan irekiko du etxeko atea. Eta beti bezain hutsik dago etxea. Eta bera. Ordenagailua piztuko du. Ea txatean Olentzero aurkitzeko zoria duen.