7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Atximurkada gozo bat


Urduri igo nintzen trenera. Urduri baino, sabelean tximeletak banitu bezala. Denbora igaroa zen Bartzelona bisitatu nuen azkeneko alditik eta hiri miresgarri hartan topatuko nuenaren inguruko jakin-mina kitzikagarria egiten zitzaidan. Ordurako, telebistako albistegiak eta egunkarien azalak hasiak ziren Katalunian gertatzen ari zenarekin bonbardatzen. Ez zegoen beste konturik. Hura nire larruan bizitzeko irrikan nengoen, nire begien eta sentipenen galbahe hutsetik.

Hiriburu handi batean inguratzen ninduenarekiko ezezagun sentitzeak halako libertate bat ematen zidan. Gauzak begiratzeko beste ikuspegi bat eskaini zidan, senak esaten dizun horri jarraiki aritzeko. Bartzelonarekin izan nuen lehen kontaktu horretan intuizioak xuxurlatu zidan zerbait handia gertatzen ari zela han. Gerora ikusitako guztiak arrazoia eman zion intuizioari. Egunerokotasunak absorbatutako energien azpitik indar berezi bat zerion hiriari.

Arago kaleko eraikin batean zegoen erredakzio inprobisatu eta etxe genuen apartamentua. Bertako balkoitik ikus zitezkeen Bartzelona kosmopolita haren bi geruzak, gaineko zarata eta azpian gordetzen duen melodia. Gure bizimoldeak dakarren joan-etorri etengabea; egunak argitu ere egin ez duenean lanera doan emakume etorkina; kaleak garbitzen ari den brigada; kioskoa zabaltzera doan gizona, erretiroa hartzeko gelditzen zaizkion egunak atzerako kontaketan zenbatzen dituen bitartean; mapari begira dabilen turista; maletatxoa eskuan hartuta bulegora doan enpresaria; gaueko txanda duen behargina; arnasgune baten bila kalez kale dabilen gazte langabetua. Zirimola horretatik kanpo, balkoi hartatik sentitu zitezkeen ere Kataluniak bizi duen une historikoak biziagotutako taupadak. Balkoietan zintzilikatutako esteladak, «Sí» hitza daramaten koloretako banderak. Ehunka kazolak bata bestearen kontra jotzean egiten duten zarata. Gauero, hamarretan. Poliziaren helikoptero bat zeru ilunduan. Gero isiltasuna, egunak berriro argitzen zuen arte.

Lo gutxiko egunak gogoratzen ditut, tentsio eta urduritasun atmosfera batean sartuta. Emozioak burrustan eta begi zuloak gero eta ageriago. Etxe azpiko kafetegi modernoan hartzen genuen lehenengo kafeak ernatzen gintuen, lantaldean inpresioak partekatzen genituen bitartean. Ezezagun sentitzen ginen hiri hartan, baina nonbait igarri ziguten euskaldunak eta kazetariak ginela. Horretan ere, ikusitakoa kontatzearen ofizio zoragarri honetan, asko da Bartzelonak emandakoa. Hiri bizia, sotila, kulturalki jantzia, jakiteko gogoa piztu didana. Nire baitan gauza zoragarriak esnatzea lortu duen atximurkada gozo bat izan da.