07 ENE. 2018 IRITZIA Ia beteak Alaia Martin Urteak lehen astea bete du eta inoiz baino hasteagoa da aste hau. Lehen astelehena izan du, jai zaporez; lehen asteartea, bestondo lurrinez; lehen asteazkena, astea errutina bihurtzen hasten den erdigune aseptikoan; lehen osteguna, ikaslerik gabeko hirietan; hilaren 5a, lehen ostirala, dena bost axola zaigula adierazteko urteko lehen eguna; eta larunbata ere izan du urte honek dagoeneko, baina erregeek ez dute abdikatu. Eta gaur igandea da, Ruper Ordorikak kantatuko lukeen bezala. Igandea da ospitaleetan, igandea etxe alaietan, etxe desjabetuetan, eta ziegetan ere, ez dirudien arren, igandea da gaur. Urteko lehen gauzak ari dira gertatzen eta desagertzen. Udaberria antxoena bezala, promesa garaia da urtarrila. Urtarrilean dena da posible. Hala esan izan didate ingurukoek, eta inuzentea ni, urtero izaten dut sinesteko tentazioa. Berdin dio lana galdu baduzu, autoa farolak botatzeko makina bihurtu bazaizu, bizikletatik jausi eta saihets bat apurtu baduzu eta zuen haurraren beste gurasoak desagertzeko asmoa agertu badu. Urtarrilean dena aldatuko da. Hutsetik hasteko aukera izango duzu, hutsetik hausteko aukera, berez, ez baita aukera bat. Onar dezagun dena den, normalean, urtarrila, 31 egun puska izanagatik, beti izaten dela espero duguna baino otsailagoa. Onar dezagun geure burua zaintzeko hartu behar genuen denbora geure burua zaindu behar genukeela esateko denbora bihurtzen dugula, gure gertuko konplizeekin partekatu behar genituen eguneroko une txiki-handi horiek, ehunerokoak bihurtzen direla, eta irakurri behar genituen liburuak liburu-makur egoten direla, apaletan apal, beren papera zein den zalantzan jartzen. Onar dezagun kirola diziplinaz egiteko asmoari, beti irabazten diola partida, buruko-barruko-uko-minak eta neuronek luzaketarik egin beharrik izan ez dezaten filmik alferrikakoenak ikusiz iluntzen zaizkigula arratsaldeak sofan. Sare sozialei denbora gutxiago eskaini nahi diegula esanagatik, onar dezagun naturala egiten zaigula tabernan wifi kodea eskatzea, zuritoari perfil onetik eta bi iragazkirekin argazki bat atera eta geure buruak zintzilikatzeko. Eta arrunta egiten zaigula wifi librea aipatzea. Sare asketzat duguna baino sareagorik… Zerbait lortzeko eta aldatzeko aurrez irudikatu beharra dagoela dioenak izango du arrazoi zati bat. Baina agian arrazoi zati bat galdu behar dugu, eta sentipen zati bat irabazi. Eta ikusteko gai izan, aurreikusteko baino. Kiroldegiarekin lelotu beharrean, zuritoak hartzera oinez joan, eta bidean sare sozialak eraiki, eta inguruko pantailei begiratu, eta pantailetan geure burua ikusi, eta ekinez gogoratu ez daudenak, ez garenak eta pantailaz bestalde ez direnak. Hutsetik hasteko aukera izango duzu, hutsetik hausteko aukera, berez, ez baita aukera bat. Onar dezagun dena den, normalean, urtarrila, 31 egun puska izanagatik, beti izaten dela espero duguna baino otsailagoa.