14 ENE. 2018 IRITZIA Motxilak amagoia mujika Doraemonek badu txikitzeko eta handitzeko linterna magikoa. Horrelako bat lortu behar duela eta lortu behar duela. Tematuta dago. Zertarako behar duen galdetu dio aitak. Belarrira xuxurlatu dio plana: «Hurrengo bisitan ezkutuan sartuko dut. Ama txikituko dut linternarekin. Txiki-txikia bihurtuko dut eta horrela lortuko dugu etxera ekartzea. Eta etxera iritsitakoan, berriro handituko dugu linterna magikoarekin». Lehen aitona-amonek ateratzen zuten asteburuetan kanpora. Zabuan gora eta behera ibiltzen erakutsi zioten. Hasieran ez zekien eskuekin sokari heldu behar zitzaionik. Kartzelara bueltan eraman zuen kopetakoa horren seinale. Pozik ateratzen zen eta berdin pozik bueltatu amarengana. Gaur, baina, ez dute bueltako bidaiarik egin, etxera omen doa aitona-amonekin. Ez du ondo ulertzen, berak ez baitu bere amaren altzoa beste etxerik imajinatzen. Negarrez egin du Euskal Herrirako bidaia osoa. Pijama jantzita ateratzen dute etxetik. Begiak itxita segitzen du, nahiz eta esna egon. Gurasoak lasaiago egoten dira lo dagoela uste badute. Gurasoak lasaiago baldin badaude, bera lasaiago dago. Galtzerdi lodi-lodiak jartzen dizkio amak etxetik atera aurretik eta kilimei eutsi behar izaten die. Kilima biziak dauzka oinetan. Errepide bazterreko betiko tabernako komunean pijama erantzi, arropa jantzi, hortzak garbitu eta ilea txukundu. «Osabak guapo ikus zaitzan». cola-caoa eta zukua. Telefonoz kontatu dio osabari hortza erori zaiola eta gaur harro-harro erakutsiko dio hortz artean sortu zaion hutsune elegantea. Ispilu aurrean entseatzen pasa du astea. Suabeago hartzen du arnasa aitarekin egon ondoren. Haren usaina eraman nahi du barruan eta arnasa indartsu hartuz gero, usain hori beste usainek tapatuko duten beldur da. Ate bat ixten dute, eta gero beste bat. Eta beste bat eta beste bat. Eta aldiro giltzaren soinua sumatzen du kartsu. Funtzionarioek ondo ziurtatzen dute atea ondo itxita dagoela. Bere aitak asko balio behar duela pentsatzen du, altxor preziatuak baino ez baitira horrelako kontuarekin gordetzen. Motxila urdin bana daramate bizkarrean eta motxilarik gabeko umeek bizi ez dituztenak bizitzea egokitzen zaie, gauza onak eta gauza txarrak. Karga handia izanagatik, dena ez delako karga. Inposatutako distantzian ama, aita, izeba, osaba... denak, hilabeteroko bizpahiru ordu horien minutu bakoitza, irriño bakoitza, kasketa bakoitza lehena eta azkena balitz bezala bizi ditu. Orduka kontatzen diren lotura oso bereziak dira. Baina haur orok behar luke nahi duen orduan maitatzeko eta haserretzeko eskubidea, inork derrigorrean jarritako motxilarik gabe, berak bildutako hartxintxarrak baino ez dituela poltsikoan. Motxila urdin bana daramate bizkarrean eta motxilarik gabeko umeek bizi ez dituztenak bizitzea egokitzen zaie, gauza onak eta gauza txarrak. Karga handia izanagatik, dena ez delako karga