28 ENE. 2018 IRITZIA Besteren sorbaldako loa GALDER PEREZ Autobusa jendez gainezka zihoan. Kosta egiten zait garraio publikoetan lo egitea. Baita pribatuetan ere. Izan errepide zein trenbide, bidaiaren mugimenduak aktibatu egiten nau. Horregatik, gure hiriburuak lotzen dituzten bidaietako denbora marrazteko, idazteko edo irakurtzeko aprobetxatzea atsegin dut. Ohe-zulo direnentzat, ordea, ohearen alternatiba ezin hobea da bidaia. Egun horretan autobusak izaki zaratatsuak garraiatzen zituen zortzi gurpileko kristalezko gelaxka ibiltaria zirudien. Halakoetan gerta daitekeen gauzarik okerrena izakirik ergelena aldamenean jesartzea da. Loteria hori egokitu zitzaidan: ezin ozenago eta atsedenik gabe kexuak lau haizetara botatzea ezinbestekoa duen gizon alproja. «Así no hay quien duerma», esaten hasi zen. «Qué asco de gente, de verdad te lo digo», entzun dezatela denek bere orroa. Inori ez zitzaizkion bere kexuak axola, baina nire eskumako jesarlekua hari egokitu zitzaionez, nik soilik sufritu nituen bere arrangura jasanezinak. «Menudo plan», etenik gabe berbetan, «vaya par de pesadas esas chavalas de ahí». Entzuten ez zuenarena egin nahi nuen, koadernoan marraztu nahian. Halako batean, isildu egin zen. Morfeok isilarazi zuen, nire zorionerako. Kexuak kexu, baina lortu zuen autobusean lokartzea, non eta nire eskumako sorbaldan. Lotan pertsona ahul eta xaloa zirudien gizon nazkante hark. Zurra-zurra lo egiten ari zela, leihotik kanpora amorruz beterik begiratzen hasi nintzen. Ni loak hartu ezinik, gizon horrek besteren sorbaldaren goxoaz gozatu bitartean. Herrak eta loak errea nengoen. Orduan kristaletik kanpora urrun, eraikin grisa ikusi nuen. Etxe grisaren barrenean denak lotan ari dira. Esan ohi da heriotzak denak egiten gaituela berdin eta, Hamletek esan lez, loak ere berdintzen gaitu. Lotan ari den jendeari erreparatuz gero, eraman ohi dituzten maskarak desagertzen dira eta umeago gara denok, ahulago, benetakoago. Ez gaudenean, inoiz baino gehiago gaude. Edateko tabernak, jateko jatetxeak eta irakurtzeko liburutegiak dauden bezala, pertsonok elkarrekin lo egiteko lotokiak aldarrikatzen ditut. Hotelak ez, gela handi bakarra. Etxe grisean bezala. Orduan, barruko denak lo dauden bitartean, ni Hamleten ezpata eskuan, sekulako kafe dosi neurrigabea hartuta, edo anfetamina bestela, autobusean ezagutu nuen gizonaren bila abiatuko nintzen. Lotan zegoela atzeman... «Chaval, ya hemos llegado –bota zuen bere ezker sorbalda mugitzen–, que te has quedado dormido como un tronco», esanez autobuseko azken geltokian jaitsi zen gizona. Nire koadernoa autobuseko pasilloan zegoen, denek zapaltzeko moduan. Marraztu nuen etxe grisaren gainean bidaiari guztiek beren arrastoa utzi zuten. Lotan ari den jendeari erreparatuz gero, eraman ohi dituzten maskarak desagertzen dira eta umeago gara denok, ahulago, benetakoago. Ez gaudenean, inoiz baino gehiago gaude.