04 FEB. 2018 IRITZIA Cooltura Alaia Martin Pertsona baten bizitzan bi momentu goren daude. Bat gorena da, bestea goreena. Lo aurreko une gorenean, egunean zehar bizitza zen sua itzali eta bizitzen zentzua garbiago ikusten da, geure garuneko zimurrak lixatu eta eguzkitan zabalduko bagenitu bezala. Egunean zehar egin behar genituenak eta egin ez ditugunak pasatzen zaizkigu begi arteko korridoreetatik, eta konponbidea, bidea baino, autopista bat da. Erantzun guztiak etortzen zaizkigu lo hartu nahi duten begi itxien betazaletara, ate-joka. Erantzun guztiak, kaligrafia ezin argiagoz. Hurrengo esna alditik aurrera guztia ezberdina izango dela sinestera hel gintezke, eta indarrez jaikiko garela geure bizitza berrira. Unerik goreena jaikitzekoa izaten da askotan edo askorentzat. Askotan diodanean, iratzargailua etengabe –bizitzako erabakiak bezalaxe– bi minutu atzeratzen duen jendeagatik diot. Aurreko gauean garbi ikusitakoa aseptiko ikus genezake, edo garbia garbiegi, gordinegi, eta beraz, esnatu eta bezperako ametsak gosaltzen ditugu esne berotan. Gailetek euren erdia galtzen dute tazan sartutakoan, urtuta desagertzen dira hondoan. Ametsei antzeko zerbait gertatzen zaie, eta gainera, garbitu gabe uzten ditugu harraskan. Egunean zehar etortzen zaizkigu akaso gaileta erdiaren galeraren ondoriozko gose kolpeak, baina normalean entretenitzen dugu gosea. Entretenitzen ditugu gure goseak. Amets handien gosea asetzeko besteenak jaten ditugu; telebistaz, euren ametsak asetzen dituzten realityetako pertsonaiekin hunki gintezke, eta euren gertakizunei esker, geure minei negar egin. Bikote krisirik izanez gero, Hollywoodeko film bat, gutxienez, estreinatzen da astero, bi ordu inguruz justifikatutako isiltasun ordaindua izateko. Krisietan krisiena ere konpondu beharreko detaile txiki bilakatzen duten pelikulei esker, zinematik irtendakoan, halako lasaitasun bitxi batek izozten dizkizu barne fotogramak. Kaletik zoazela biolin-jotzaile batek jarraitzen zaituen susmoa pizteraino. Edozein motatako ekitaldi zein mahai bueltako elkarrizketatan nekez eusten diogu pisuzko elkarrizketa serio bati, luzaroan. Zoragarria izan liteke gure ezinetan korapilatzea eta burukipean burua sartuta munduari beste ordubetez itxaroteko eskatzea, eta burua itzaltzeko geure baitarekin inongo konexiorik ez duten kantuak, pertsonak edo programak kontsumitzea, tarteka, baina tarte horiek tartekakoak izan ezean, itzaltzeko tarteak bilatzeko lortu dugun gaitasuna galduko dugu, pizteko. Piztu ere egin behar baitugu. Kultura ere behar baitugu, konplexurik gabe. Entretenimendu hutsaz gain, kultura. Eta ez kultura aurpegiz aurkeztutako entretenimendua edo cooltura bakarrik. Egunean zehar etortzen zaizkigu akaso gaileta erdiaren galeraren ondoriozko gose kolpeak, baina normalean entretenitzen dugu gosea. Entretenitzen ditugu gure goseak.