18 FEB. 2018 IRITZIA Eraginketak! Alaia Martin Eskolan –eta eskolan diot, etxeetan bizi den jendea, aurretik eskolan egona izaten delako ohikoan–, irakasten ez diren gauza asko irakatsi behar lirateke. Eskolan ikasi behar genuke, ilargiaren eraginaz, adibidez, edo ilargian bizitzearen eraginez. Izarrek puntak dauzkatela eta ez direla sateliteengandik hain ezberdinak. Guztiok ez dugula zertan esne-bide bera jarraitu. Laktosarik gabeko esne-bideak daudela, gaingabetuak, ardi esnezkoak, artaldekoak eta baita arrozezkoak ere. Arrotz sentitzea bide guztien hasiera dela, eta bide guztiek dutela zer ikasia eta irakatsia. Eskolan ikasi behar genuke, gainera, tristurari tristura deitzen ez dakigulako, tristurak amorruari deitzen diola, eta ez diola gauza ederrak esateko deitzen. Ikasi behar genuke ezintasunaren bigarren abizena beldurra dela, eta beldurrak beste zortzi abizen dauzkala, jatorri ezberdinekoak, eta euren zuhaitz genealogikoa ulertzen trebatu behar genukeela, abizenak gugan izenak baino sakonago sustraitu aurretik. Ikasi behar genuke pozaren ospakizuna ez dugula zertan desikasi. Egin genezakeela jauzi pozez, edo joan gintezkeela kaletik, oinez, berri on batek ezpain ertzetan sortutako luzaketa ezkutatu gabe, zorotzat hartuko ote gaituzten beldurrez. Eskolan ikasi behar genuke irakurtzen. Euskaraz batez ere, baina baita zeinuen hizkuntzan ere. Hitz egin ezin duenak ere hitz egin dezakeela ikasi behar genuke. Eta zeinuen hizkuntzaz gain, keinuen hizkuntza geureganatzeko pista batzuk baldin bageneuzka, aberatsagoa litzateke gure ikasketa; begien distira, azalaren argia edo sorbalden uzkurdura irakurtzeko gauza bagina. Hitz egiten ere irakatsi behar ligukete. Bokalak eta kontsonanteak ikasten ditugun bezala, edo zenbakiak, edo rr-ak motor baten zehaztasunez ahoskatzen ikasten dugun bezala, ikasi behar genuke, beharbada hitz egiten. Botalarriari neurria hartzen, botagura eta bota ezina dugunean askatzen. Arkatzaren garaikook, kalkulagailuetan apuntatzen genituen ekuazio horietako batzuk ikasi behar genituzke, hizketarako. Faktore ezberdinak, aldagai ezberdinak aintzat hartuko lituzketen ekuazioak. Bi pertsona edo gehiago hizketan ari direnean hizketagaia nork mahaigaineratzen duen, hizketagaiok maila ezberdinetan sailkatzen ote diren, elkarrizketa eteteko eskubidea zeinen esku dagoen, hitz egin ote daitekeen begiak telebistan eta ahoa belarrian jarrita, zein den hizketakide bakoitzaren hitzartzeko kuota, ahots ehundura bakoitzari espazio bera gorde behar ote zaion, eta azken hitza nola bana daitekeen silabaka, denena izan dadin. Hizketan ikasi behar genuke eskolan. Arkatzaren garaikook, kalkulagailuetan apuntatzen genituen ekuazio horietako batzuk ikasi behar genituzke, hizketarako. Faktore ezberdinak, aldagai ezberdinak aintzat hartuko lituzketen ekuazioak.