7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Egiten ez dena


Jaikitzerako sudur puntan zutik duzun kafe usaina, arraskan egon beharrean apalean dagoen katilu zuri-zuria, bazkalorduan mahai gainean ez dagoen gosariko esne tanta, hozkailu aurretik igarotzean zapaltzen ez duzun xigorki puska, zuk sartu ez duzunez motxilan oharkabean aurkitzen duzun sagar salbatzailea, hotzaren hotzez bufanda sudurreraino igotzen duzunean sumatzen diozun lurrin eguzkitan lehortua, sekula bururatuko ez litzaizukeen eta burutzeko modukoa den aholkua, lekak egosi ondoren izotzetan sartzeko trikimailua, autoan atzerako ispilutik zintzilik daukazun kristalezko botila txiki usaintsua, ez gehiegi ez gutxiegi, zuri gustatzen zaizun beste erretako haragi zatia, laktosarik gabeko esnez egindako kroketak, apalean topatutako zure txokolate marka gustukoenaren tableta hasi gabea, neguko hotza desizozteko egindako maindire aldaketa, etxera iristerako piztuta zegoen berogailuaren azpian zure etxeko espartinak, medikuarenera joan behar duzula gogorarazten dizun post-ita, begirada irakurtzen dizun begirada, hitz egin nahi ez duzunean hitz eginarazten dizun galderaren fonatzailea, mundua leku bizigarria izan daitekeela gogorarazten dizun bizkar-igurzte luze eta sotila, arrazoia izan baduzula baina parekoak ere izan dezakeela mimoz oroitarazten dizun ahotsa, deitu eta eskatuz gero 112koen azkartasunez bisita egingo dizun hori, zure argazkirik onena egongelako lekurik ikusgarrienean jarri duen eskua, eskaileratik behera jausi ez zintezen hesi funtzioa bete zuen hanka, mugarik ez zeneukanean mugak jarriz urratutako eztarria, ez zaudenetan ordu txikiak handitu ahala sabelean korapilatzen den matazaren jabea, ilea laztanduz bakarrik ez zaudela esaten dizun esku-orrazia, lehen hilabeteetan hazten lagundu dizuten titiburu-bihotzak, mundua lotara bidaltzeko koordenadak dauzkaten besoak, erdi jausian zegoen botoia tinkatzen duten hari ikusezinak…

Erratzak, baietak, lanbasak, mantalak, erregelak, arauak, torlojuak, bisturiak, baloiak, idazmahaiak, tuperrak eta iragazkiak bakarrik ez, egiten ez diren gauza asko utziko dira egin gabe Martxoaren 8an.

Batzuetan, egiten dena baino gehiago ikusten delako egiten ez dena. Ikusezina zaigulako, ikusten ez dugun arte. Gabezia errazago ikusten dugu, oparotasuna baino, ongi egindako lana baino. Ongi eginda dagoena ongi eginda dago eta ez da ikusten, ongi egon behar omen lukeelako. Ongi dago eta normala da. Ez da saritzekoa, ez da eskertzekoa, ez da ordaintzekoa, ez da berdingarria… egin beharrekoa da, eta kito.

Egiteari uzten zaionean, ordea, noraeza dator. Iratxo txikiek guztia hankaz gora jarri eta bizitza zainduko baligute bezala, baina izatez, alderantziz da.