01 ABR. 2018 IRITZIA Enpatia amagoia mujika Enpatia. Azkenaldian inguruan dabilkidan hitza da, atzetik segika banu bezala. Ez nago pozik horregatik. Ez enpatia gustatzen ez zaidalako. Aldrebes, garrantzi handia ematen diodalako baizik. Ez nuke nahi hitz ponpoxo horietako bat bihurtzea. Badakizue, errazegi eta maizegi erabiltzearen ondorioz kanpotik eleganteak eta barrutik hutsak diren hitz zimel horiei buruz ari naiz. Enpatia, baina, garrantzitsuegia da modu arinean eta intentzio okerrez erabiltzeko. Pertsona egiten gaituen zutoinetako bat da; egunero derrigorrez jantzi beharko genukeena. Enpatia parean duzunaren emozioak identifikatzeko eta ulertzeko gaitasuna da. Parekoaren zapatak jantzi eta horietatik sentitzen duena ulertzeko ariketa. Ez dira zure zapatak, nasaiegiak izan daitezke. Edo estuegiak, behatzak min egiteraino. Ez daude zure oinetara eta zure pausajera moldatuak. Beste batenak dira. Pozak eta minak ere diferenteak dira norberarenak edo beste batenak izan. Eta horrela behar du, gainera. Parekoaren minak ezin zaitu minera arrastaka eraman. Baina parekoaren mina ikusteko gai ez bazara, malo. Indarkeria matxistagatik kondenatutako hogeita hamarren bat erasotzailerekin probatutako esperimentu baten berri irakurri dut. Errealitate birtuala ren bitartez, muturreko enpatia ariketa baten aurrean jarri dituzte erasotzaile horiek. Erasotako emakumearen azalean sartzen lagundu die puntako teknologiak. Eta modu bortitzean erasotzen dien gizon baten parean jarri ditu. Alegia, mundua aldrebes; erasotzailea, erasota. Ikerketa zientifiko bati lotutako esperimentua izan da eta emaitzak espero zirenaren bidetik joan dira: Erasotzaileak zailtasun handiak ditu beldurra edo amorrua bezalako emozioak identifikatzeko. Alegia, erasotzaileak ez du enpatiarik sentitzen eta, ondorioz, parean duenari sortzen dion min ikaragarriak ez dio inolako egonezinik sortzen. Era berean, bere buruan haserrea edo amorrua identifikatzeko zailtasunak ditu. «Sekulako beldurra pasatu dut. Uste nuen tipo horrek jipoitu egingo ninduela». «Nire emaztea horrela sentitzen da nik erasotzen diodanean. Orain ulertzen dut emazteak didan beldurra». Esperimentuan parte hartu duten erasotzaileen hitzak dira. Indarkeria matxistarena muturreko adibidea da. Baina denok sentitu dugu noizbait enpatia falta egoera txikiagoetan. Eta, segur aski, denok jokatu dugu noizbait enpatia eskasarekin. Bai, mundua hobea litzateke enpatia izurrite bat gertatuko balitz. Ez dirudi hain zaila. Parekoa entzuten has gaitezke, epaitu beharrik gabe eta bere zauria gure arazo potoloago batekin tapatzeko beharra sentitu gabe. Entzun. Bera hobeto sentituko da eta, segur aski, gu ere bai. Enpatia parean duzunaren emozioak identifikatu eta ulertzeko gaitasuna da. Parekoaren zapatak jantzi eta sentitzen duena ulertzeko ariketa. Ez dira zure zapatak, nasaiegiak izan daitezke. Edo estuegiak. Ez daude zure oinetara eta zure pausajera moldatuak. Beste batenak dira.