01 ABR. 2018 IRITZIA Jaiegun sainduak GALDER PEREZ Aberri Eguna ospatzen dugu gaur Pazko igandearekin eta Jainkoaren Piztuerarekin batera. Urtero legez, hala bedi, euskaldun fededunok, Jesus delakoa piztuko bada, zergatik ez da herria argituko, bada. Joan gaitezen eskutik helduta gure ospakizun handienetara, fedearen argiak eta erlijioak gidatuta. Flajelazioa praktika dezagun gogoz, topa dagigun eta bakea. Itun berriak sina ditzagun eta Nazareteko odolez betetako kopetan edan egingo dugu. Horrela, banpiroak bezala, gurutze santuetatik ihes egingo dugu azkenean bestelako egunak ospatzeko, egutegi katolikoetatik aldendutakoak: Emakumeen Eguna, Sexu Askapenerako Eguna, Langileon Eguna, Bai Euskarari Eguna, Intsumisio Eguna, Dantzari Eguna, Gudari Eguna, Gazte Eguna(k), Egin Eguna, AEK Eguna... Eta, nola ez, ikastoletako jai egunak. Barka, zintzo hasi gara, beraz, horrela jarrai dezagun eta izan gaitezen politikoki xuxen: Ikastola, eskola handi zein txiki, ikastetxe kristau zein deabruzko, irakastegi, euskaltegi eta barnetegi ezberdinen aldarrikapenak bildu eta sosak jasotzeko egunak. Zer eta, mozkortzeko ere bai, jakina, besterik ez genuen behar. Zer zentzu eman bestela halako asmakeriei. Bataio batean bezala, jende andana biltzen da halako jaialdietan, apostolu eta guzti. Den-denak tentaldietatik gertu egon eta erori arte. Miraria badirudi ere, itsasoko uren gainean ibili beharrean, lurra zapalduz eta belardiak hondatuz ospatzeko jaialdiak izan ohi dira. Izan ere, beti mugimenduan egoteko ohitura zaharra dugu, prozesioetan bezala. Jaia ospatzen ari den euskaldun fededuna, ezin lekuan geldi egon, ea atzetik inor jarraika dugun... Kalimotxo katxia eskutik erori gabe mugi gaitezen, badaezpada ere, korri, azken afaria galduko dugu, bestela. 2020rako Kilometroetan, Gipuzkoako ikastolen jaian, eredu aldaketa egin behar dutela dioen titularra irakurri dugu berriki. Eta pentsatu genuen etorkizuneko jaietan ez dela jenderik bilduko. Nork bere etxean, bertatik mugitu gabe, atzamarrak higatuta, sare sozialen bitartez ligatzen, jaten, masturbatzen edota edaten gozatuko du, homeopatia trapitxeroak etxeko txirrina jotzen dion bitartean. Horrela, ez da belardirik hondatuko, ez da hainbeste plastiko erabiliko, gaztetxoak ez dira droga-menpekotasunean eroriko eta zaratak ez du ingurugiroa kutsatuko. Hau bakea. Titularraren azpiko albistea irakurri ostean, ordea, ezetz ohartu ginen, oraindik ez gaudela gaur egunerako jauzia emateko prest. Izan ere, ikastoletako jai nagusia egiteaz gain, ospakizuna biderkatu egingo da, lurraldez lurralde, hainbat jaialdi txiki egiteko. Horixe errealitatearekin kolpea. Gurutze santuarekin kolpea. Prozesioak maite ditugu oraindik. Jesusek bezala, atxiloketa eta epaiketa, egunen batean argia piztu eta miraria egingo den esperantzaz. Pisutsuegiak diren ebanjelioetan idazten dugu gure historia oraindik. Eta sinesten dugu. Bekatuan. Barkamenean. Eta mirarietan. Jesus delakoa piztuko bada, zergatik ez da herria argituko, bada. Joan gaitezen eskutik helduta gure ospakizun handienetara, fedearen argiak eta erlijioak gidatuta.