7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Amorruaren aurpegiak


Amorrua, berez, pertsonaren nortasuna eta duintasuna babesten dituen sentimendua da. Oinarrizko sentimendu naturala da, modu ez-justuan tratatua sentitu den pertsonaren baitan pizten dena. Modu sanoan erabilita, autoestimua eraikitzen eta indartzen laguntzen duela diote adituek. Norberak sentitzen duena eta behar duena finkatzen laguntzen du eta inguratzen dutenei mugak jartzen; «honaino irits zaitezke» adierazten. Amorrua barruan pizten den su ikaragarria da, energia txute latza, bihotza eta arnasa bizkortzen dituena. Gero, bakoitzak, nortasunaren eta momentuaren arabera, era batera edo bestera kanporatzen du. Batzuek, modu bortitzean, barruan piztu zaien suarekin inguru guztia kiskali nahiko balute bezala. Beste batzuek, geldirik eta isilik, gertatzen ari zaien egoera bidegabe horren aurrean izoztuta. Berotik hotzera kabitzen diren aurpegi guztiak izan ditzake amorruak, pertsona klaseak adina.

Nork bere begiko zakarrik ez du ikusten. Horregatik, errazagoa izaten da parekoak bere amorrua egoki edo trakets erakutsi duen esatea norbere amorruari ispiluan begiratzea baino.

Epaitzeko asmorik gabe, harrituta nago –onerako– duela aste batzuk Almerian erail zuten Gabriel Cruz haurraren gurasoen jarrerarekin. Ez nuen pentsatuko kasu hori lerro hauetara ekarriko nuenik, baina gertaera latz hori inguratu duen kaka zurrunbilo mediatiko izugarri horren erdian, edonor bere onetik ateratzeko moduko intentzio txarreko morbo dosi ikaragarri horren erdian, amorrurik krudelena pizteko hedabideek egindako ahalegin nekaezinaren erdian, minaren eta hutsunearen alderdirik patxadatsuena erakutsi dute guraso horiek. Bakea transmititu dute; semea non zen jakin gabe eman dituzten egun estuen ondorengo arnasa pausatua. Gertatu denaren eta kontatu dutenaren ondoren, mirestekoa. «Amorruak amorru gehiago ekartzen du eta krudelkeriak, krudelkeria gehiago», esan dute eta lasaitasuna eskatu mendeku ankerrenaren apologia egiten duen herri horri. Tamalez, beren mezu baketsua isilean pasatuko da; amorru builosoak gehiago saltzen du.

Biderik zailena aukeratu dute. Errazagoa zatekeen semea hil dienaren kontrako amorrua elikatzea, zigorrik krudelena plaza publikoan eskatzea, minez buila egitea, amorruz garrasi... Errazagoa zatekeen eta baita ulergarria ere. Baina bestelako mundu batean sinisten jarraitu nahi dute, larri zaurituak egonagatik.

Gure herrian, tamalez, gehiegi dakigu amorruaz, krudelkeriaz, mendeku ankerrez, zauriez... eta, zorionez, bestelako mundu batean sinisten duen jendeaz ere badakigu zeozer. Amorrua ondo bideratzea, mesede denontzat; barruan piztu zaionarentzat eta parean duenarentzat.