22 ABR. 2018 IRITZIA Zapaltzeko era Alaia Martin Zapaltzeko era ezberdinak daude. Inperialista handiek ederki dakite hori, baita zapaten zaporea ezagutzen dutenek ere. Horretan ere findu egiten baita usaimena eta dastamena, aditu bihurtzeraino, aditua ikusteko eta ikusitakoa usaintzeko gai bihurtzeraino. Jainko eta jainkosa berriak egunero jaiotzen eta hiltzen diren garaiotan, medikuntza ere sinesmen kontua bihurtzen ari da, dibertsifikatua eta aukerakoa. Boladakoa. Horietariko modu bat da oinen mapa aztertuz gorputza orekatzeaz arduratzen dena, erreflexologia izenekoa. Hipokondriakoon ohiko jakin-minez aztertu ditut oin zati bakoitzaren isla diren gorputz zatiak. Oinen gune horiek sakatuz eta min non duzun sentituz jakin zenezake zein organo edo gorputz-funtzio duzun pattal, baita horren egoera apur bat hobetu ere. Garai batean oinutsik ibiltzeari esker naturalki lurrak ematen zizkigun masajeak eskuz ematea da, moduren batean, erreflexologia. Gaur egun oinak jantzita daramatzagu, lurretik urrun, eta batzuetan maldan behera. Horri bueltaka ohartu naiz zeinen ezberdin ibiltzen garen guztiok. Abiaduraz eta pauso kopuruz bakarrik ez, baita zapalkeraz ere. Bada hanka osoarekin zapaltzen duen jendea. Beren bidea batzuek, besteena besteek. Bada orpoetan pisu gehiegi jarriz ibiltzen den jendea. Orpoetan gerriaren isla omen dago; beraz, pentsa liteke gerrialdearekin bidea edo parekoa zapaltzen duen jendea existitzen dela. Batzuk hankekin obalo bat irudikatuz ibiltzen dira, eta beraz, oinen kanpoaldearekin zapaltzen dute bizitza. Ertzetan lepoaren eta sorbalden isla omen dago; beraz, esan genezake sorbaldaz eta lepoz bizi direla, besteen pisua beren pisu bihurtuz, eta hura eramanez, bidean. Barrurantz ibiltzen den jendea ere badago, hankekin Q antzeko bat egiten duena, oinen barruko aldearekin zapaltzeko joera dutenak; triparekin, gibelarekin bizi dira horiek, pisua erraietan jarrita, eta erraietatik. Ezagutuko zenuten oin-puntetan bizi den pertsonaren bat ere, behatz potolorantz bultzatzen duena bere pisu guztia. Buruan bizi dira horiek, buruarekin zapaltzen dute bidea, eta hanka sartzeko aukerarik ez diote ematen euren buruari, asko jota behatza sartzen dute. Erreflexologian oin zatietako gorputz zatien islatan sakontzen den bezala, oinatzetan ere aztertu liteke gure ibiltzeko era. Palestinako oinen mapa aztertzea besterik ez, horretarako. Nork uzten duen zapaltzen duen lekuan zauria, edo leku falta, eta nork uzten duen denboraren ibiliari irabazten dion arrastoa. Barrurantz ibiltzen den jendea ere badago, hankekin Q antzeko bat egiten duena, oinen barruko aldearekin zapaltzeko joera dutenak; triparekin, gibelarekin bizi dira horiek, pisua erraietan jarrita, eta erraietatik.