amagoia mujika
IRITZIA

Gizalegea

Cuixarten emaztearen ustezko odisea Soto del Realera joateko». «Cuixarten emaztea biktimismoaz baliatzen da kartzelara bisita bere besoetako haurrarekin eginez Suitzako telebista baten aurrean». «Cuixart milioidunaren emazte gaixoaren muntaia nazkagarria bere haurrarekin».

Komunikabide espainol zenbaiten titularrak ikusita Txell Bonetek –Jordi Cuixart preso politikoaren bidelagunak– egin duenak larria behar du izan. Bai, oso larria. Urtebeteko haurra altzoan hartu eta 650 kilometro egin ditu etxetik kartzelara joateko. Eta beste 650 kilometro, kartzelatik etxera bueltatzeko. Ordu pare bateko bisita egin dio bikotekideari, hilabetean behingoa. Eta beren haurra ere eraman du. Urtea dauka txikiak eta bere bizitza erdia darama aitak han, kartzela hartan.

Baina, zer iruditu zaie hain nazkagarria komunikabide espainol horiei? Txell Bonetek haurra altzoan hartuta egin behar duen bidaia edo bidaia hori Suitzako telebista baten aurrean azaldu izana? Badirudi errealitateak lotsagarri samar utzi dituela atzerriko telebista horren aurrean. Ez dakit oso zuzena ote den errealitate horrekin sutu beharrean errealitate hori bere azalean sufritzen duenarekin haserretzea. Ez dakit ba, aldrebes samarra dirudi.

Horrelakoak ikusita etsitu egiten naiz pixka bat. Ez dut enpatia selektiboan sinisten. Hori ez da enpatia, hori beste gauza bat da. Gure mina, haien mina. Gure haurren mina, haien haurren mina. Gure sufrimendua, haien sufrimendua. Gure barkamena, haien barkamena. Batzuk behin eta berriz ikusten ditut belauniko, brotxa eskuan hartuta, batzuk eta besteak banatzen gaituen marra indarrez errepasatzen, lausotuko ote den beldurrez, gotortuta. Marraren menpe bizitzen ohituta dagoenaren erresistentzia ekintza horrek gutxi du baketik. Baina marra hori lausotzen utzi eta egiatako elkarbizitza egitea askoz zailagoa da. Ausartagoa, zailagoa eta beharrezkoa.

Nahi baduzue, segi brotxarekin lurrean marra pintatzen. Tarteka burua altxatzen baduzue, asteburuak autobusetan ematen dituztenak ikusiko dituzue; errepide bazterretako komunetan hortzak garbitu eta ezpainak margotzen dituztenak; norbaiten altzoan mila kilometrotik gora egiten dituzten haurtxoak. Ez inongo telebistan edo argazkitan agertzeko, maite dituztenen magala gozatzeko baizik. Kasu onenean, hilean behin, ordu pare batez.

Haur batek, bere senideak zein direnaren arabera, sufrimendua merezita daukala defendatzen duenak –izan komunikabide, herritar edo agintari– zer ekar diezaioke jendarteari? Gure zaharrek oraindik ahaztu ez duten hitz bat ekarri beharko genuke lehen lerrora, brotxaz lurrean pintatzeko: Gizalegea.