Haurren iritziak
Umeei marrazki bizidunak balira bezala hitz egiten diegu askok edo askotan. Mundu errealetik kanpo dauden izaki magikoak balira bezala, pertsona baino, pertsonagai bezala hartuz, eta funtsean, denok gara jaiotzetik pertsonak, adin guztietan, edo neurri berean, denok gara pertsonagaiak, bizitza osoan zehar.
Umeei zenbait kontu azaltzea konplexua omen delako ipuindu egiten zaizkie azalpenak edo besterik gabe gorde, errealitatea osoki eskaini beharrean puzzletuz, eta zatikatuta eskainiz, komeni diren zatiak bakarrik eta hautatutako hurrenkeran aurkeztuta. Gordetakoak ulertezintasunaren izenean gordetzen dira, nahiz eta zerikusi gehiago izaten duten azaldu ezinarekin ulertzeko ezintasunarekin baino.
Heztea informazioa sailkatzea ere bada ziurrenik, baina sailkatzean galbahea estuegi izaten dugulakoan nago. Azalpen konplexuak deskodetzeko gaitasuna nekez trebatuko du azalpen konplexuak jasotzen ez dituenak. Erabat “on” edo erabat “txar” gisa juzga ezin litezkeen gertaerak badirela ulertzeko, murtxikatu gabe eman behar dira agian hainbat eta hainbat zehaztapen, nahiz eta ez ulertu, nahiz eta oroimenaren gau-mahaian berriz irakurtzeko utzi. Gertatzen da eskolan memorizatu eta ondoren ikasitako lezioekin, azala erliebetu arren hasiera batean ulertzen ez dituzun poemekin, eta gerora digeritzen dituzun gertaerekin. Denborak bere bidea egiten du geure lotura mentaletan, baina denborak egiten du, denbora, denbora gisa hartuta, ez derrigorrez adinak.
Inozentzia galtzeaz hitz egiten denean, ez ote dugu hitz egiten inozentzia erabat galtzen dugun une horretaz? Kolpez, burbuilak begietan eztanda egiten digun uneaz, umeaz. Inozentzia sekula ez galtzearen aldekoa naizen aldetik, ezinbestekoa da horretarako inuzenteak ez heztea. Inozentzia erabat galtzean zaila baita ezertan sinestea, mesfidantzarik gabe. Haurrei errealitatea puska txikitan jaten emanez gero, ez ditu munduak hozka bakarrean jango.
Babesteko era bat izan liteke egiaz ez babestea, arriskuari arrisku deitzea, plazerari plazer, aukerari aukera, eta batez ere, zalantzari zalantza izaera onartzea. Haiei ere onartzea ez dakigula dena, eta ez dagoela dena jakiterik, ezingo ditugula guztiaz babestu eta marrazki bizidunek bezala hitz egiten dutenak ere zirriborroz beteta daudela, bizitzako kapitulu batzuetan, eta goxotasunak goxotasuna izan behar duela jatorri, ez edozein gauza irentsarazteko era. Eta ez diotela inoiz utzi behar zergatik galdetzeari.
Umeei zein mundu utzi pentsatzen hainbeste denbora pasa beharrean, hobe genuke agian haurrak ahalduntzea, nahi duten mundua eraikitzeko grina eta ausardia izan dezaten.